Antierretrobiralek 25 urte
2010/08/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Hiesaren aurkako lehen tratamendua lortu zuten taldeko ikertzaileetako bat da Samuel Broder. Estatu Batuetako Minbizi Institutuaren zuzendari izan da 1998tik 1995ra, eta, aurretik, 1981ean, han lanean ari zela, hiesa zuten lehenengo pertsonak artatzea egokitu zitzaion.
Artikuluan gogoratzen duenez, garai hartan ez zekiten zerk eragiten zuen gaixotasun hilgarri hura. Ez zen giro: gaitza berria zen, sintoma eta bilakaera beldurgarriak zituen, gaixo asko talde jakinetakoak ziren (homosexualak, drogazaleak) eta horrek bazterkeria eragin zuen... Zientzialariek, gainera, teoria kontrajarriak proposatzen zituzten gaitzaren jatorria azaltzeko.
Hala eta guztiz ere, azkar, oso azkar, identifikatu zuten hiesaren eragilea. 1984. urtea zen, eta GIB deitu zioten, giza immunodefizientziaren birus. Erretrobirus bat zen, eta ordura arte inork ez zuen uste era horretako birusek pertsonak kutsatzen zituztenik, eta are gutxiago kaltegarriak zirenik. Hutsetik hasi behar izan zuten, beraz.
Broder eta haren taldekideek ideia berritzaile bat izan zuten. Orduan gehienek uste zuten gaitzari aurre egiteko ezinbestekoa zela birusa gorputzetik desagerraraztea. Baina ez zekiten hori nola egin. Broderren taldeak beste bide bat probatzea erabaki zuen; uste osoa zuten birusari ugaltzea eragozten bazioten asko hobetuko zela pazientearen osasuna, eta hori lortzen ahalegindu ziren.
AZT-tik gaur arte
Saiakerak emaitza ona izan zuen: AZT antierretrobirala sintetizatu zuten. Molekula horrek GIBak erreplikatzeko behar duen entzima bat inhibitzen du ; ondorioz, birusa ezin da ugaldu. AZTak ez zuen gaixoa sendatzen, ez baitzituen birusak suntsitzen, eta, gainera, zientzialari askok errezeloa zuten mesede baino gehiago kalte handiagoa egin zezakeela.
Alabaina, plazeboarekin eta AZTarekin tratatutako pazienteen bilakaera alderatu zutenean, frogatu zuten AZTa eraginkorra zela, eta Estatu Batuetako Sendagaien Administrazioak, FDAk, 1987n onartu zuen haren merkaturatzea. Beraz, oso denbora gutxi igaro zen gaitza sortu eta eragilea deskubritu zenetik haren aurkako lehen tratamendua garatu eta merkaturatzera lortu zen arte. Gainera, espero gabeko eragin bat ere bazuen AZTak: hiesdunek garatzen zuten minbizi-mota batetik, Kaposiren sarkomatik, babesten zuen.
Ondoren, GIBaren bizi-zikloaren beste fase batzuetan eragiten zuten molekulak garatu zituzten, hala nola birusa zelulari lotzea eragozten zutenak, edo birusaren eta zelularen arteko fusioa galarazten zutenak. Eta molekula horiek konbinatzen zituzten terapiak ere sortu zituzten.
Broderrek artikuluan aipatzen duenez, medikuntza modernoaren arrakastatzat jo zen terapia horiek garatu izana. Dena den, uste du triunfalismoa saihestu behar dela; izan ere, haren esanean, hiesa "ez dago inondik inora ere gaindituta". Hala, gaur egun ikerketak nondik doazen azaldu ondoren, esaldi hauekin amaitzen du artikulua: "Azken 25 urteotan aurrerapen nabarmenak egin ditugu. Alabaina, erretrobirus patogenoak eta haiekiko gure erantzunak amaitu gabeko auziak izaten jarraitzen dute".
2008. urtean EAEko ospitaleetan tratamendu antirretrobiralaren gastua 33,3 milioi eurokoa izan zen, 2007. urtean baino %11,9 gehiago, eta 4.406 paziente artatu zituzten.
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia