Antihistaminikoek ondorio txarrak izan ditzakete luzera
2008/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Antihistaminikoek alergien sintomak gutxitzen laguntzen dute, baina arazoa areagotu egin dezaketela uste dute zientzialariek. Izan ere, unean bertan sintomak gutxitzen badituzte ere, luzera ondorio txarrak izan ditzakete erreakzio alergikoetan eta immunoterapian.
Erreakzio alergikoa erle-pozoiaren bidez aztertu dute saguetan. Pozoia injektatu diete, eta sagu horien erdiei antihistaminikoak eman dizkiete pozoia injektatu aurretik eta ondoren. Sei asteren buruan, guztiei berriro injektatu diete erle-pozoia, eta antihistaminikoekin tratatutako saguen erreakzioa handiagoa dela ikusi dute.
Bestalde, beste sagu-talde bati immunoterapia egin diote. Kasu honetan ere, sagu batzuei antihistaminikoak eman dizkiete eta gainerakoei ez. Ondoren, erle-pozoiaren dosi txikiak ziztatu dizkiete behin baino gehiagotan, eta antihistaminikorik hartu ez duten saguen sistema immunologikoa pixkanaka pozoia onartzeko gai bilakatzen dela ikusi dute. Antihistaminikoekin tratatutakoek, ordea, emaitza kaskarrak lortu dituzte. Zientzialarien ustez, antihistaminikoek ez diote uzten sistema immunologikoari alergenoaren kontrako defentsak garatzen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia