}

Antisorgailu praktiko bezain seguruak

2001/03/18 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Harrigarria da merkatuan hainbeste antisorgailu egon eta, oraindik, urtero, milaka emakumezko ustekabean haurdun gelditzea. Aurrerantzean ezusteko kopuru hori gutxitzeko eta sexu-transmisiozko gaixotasunetatik babesteko, antisorgailu berriak merkaturatuko dituzte.

Ikerketa guztiak bat datoz, gero eta haur gutxiago egiten dela eta amaren adina gero eta handiagoa dela esatean, eta hori emakumezkoak lan-merkatuan sartzearen eta antisorgailuen ondorioa omen da. 2000. urtean 700 milioi emakumezkok erabili dute antisorgailuren bat eta, alta, gaizki erabiltzeagatik eta ez dutelako % 100eko segurtasunik bermatzen, emakumezko batek baino gehiagok ezusteko handia izan dute.

Gaur egungo antisorgailu erabilienak umetoki barneko gailua (UBG) eta pilula dira. Bi metodo horiek gero eta gehiago erabiliko direla ere esaten da, baina erabilerrazagoak eta eraginkorragoak izan daitezen aldaketak izango dituzte. Baina aldaketa horiek ez dira hurrengo urteetan merkatu horretan izango diren aldaketa bakarrak. Baikorrenek gizonezkoentzako antisorgailuak, sexu-transmisiozko gaixotasunetatik babestuko dutenak, inplante berriak diseinu berrikoak, etab. merkaturatuko direla uste dute.

Pilula eta UBGa

Esan bezala, pilula eta UBGa dira gehien erabiltzen diren antisorgailuak, baina erabili arren jende askok ez daki nola eragiten duten.

Urtero 220.000 emakumezko gelditzen da nahigabe haurdun.

Pilulak bi eragin nagusi ditu. Alde batetik, progesterona eta estrogeno hormonen maila artifizialki mantenduz, gorputza haurdunaldiaren lehen fasearekin pareka daitekeen egoeran ezartzen du. Bestalde hipotalamoak eta hipofisiak eragindako hormonen jariaketa geldiarazten du eta, horrela, obulazioa galarazten du. Bi eragin zuzen horiekin, lehenik eta behin, obulaziorik ez gertatzea eta, beraz, umetokira obulurik ez heltzea lortzen da. Bigarrenik, muki zerbikala loditzen da espermatozoideentzat iragangaitza bihurtuz. Azkenik, umetokiko mukiak ere aldaketak izaten ditu eta ez da obulu baten habia izateko prestatzen.

Pilularen eraginkortasuna % 88 ingurukoa da, baina baditu desabantaila handi batzuk. Egunero-egunero hartu behar da eta ahal dela ordu berean. Gainera, goitika egiteko gogoa, buruko minak eta erretzaileengan gaixotasun tronboenbolikoak eta istripu baskularrak sor ditzake. Hala ere, adituek diotenez, gero eta ikerketa gutxiago egiten da pilularen inguruan. Sortu beharko litzatekeen antisorgailuak gametoetan eragin beharko luke eta ez hormonetan. Printzipioa proteina batzuek espermatozoideak obuluari lotzeko duten funtzioa aldatzea litzateke. Ez litzateke aldaketa hormonalik egongo eta segurtasun handiagoa bermatuko luke.

UBGari dagokionez, 180.000 milioi emakumezkok erabiltzen duten antisorgailua da. Umetoki barneko dispositibo hori kobrezko hariz egina dago eta, hain justu ere, bere eraginkortasuna metal horren ionizazioak espermatozoideak uxatzeko eta hiltzeko gaitasunean datza. Kobrezko hariak hautsi edo zulatu ez daitezen, urrezko nukleoa duten UBGak diseinatu ziren. Azken hauek bost bat urteko biziraupena dute.

Etorkizuneko antisorgailuak

Antisorgailu berrien artean biharamuneko pilula da gehien aipatzen dena, besteak beste, frantses estatuko eta Britainia Handiko ikastetxeetan banatzen delako. Pilula horren helburua, bistan da, ez dela ohiko pilularena. Biharamunekoak ernaldutako obuluaren garapena geldiarazten du eta sexu-harremana izan eta 72 ordura hartu behar da berantenez.

Oraingoz kondoiak dira sexu-transmisiozko gaixotasunetatik babesten dutenak.

Bestalde, pilulaz gain, hormonak askatzeko beste teknika asko ari dira merkaturatzen. Horietako bat da umetokiaren barnean hormonak askatzen dituen endozeptiboa. Metodo berri hori plastikozko T forma duen gailua da. Adar bertikalean, zenbat lebonorgestrel deituriko susbtantzia antikontzeptibo askatu behar duen neurtzen duen geruza du. Hiru abantaila nagusi ditu. Oso eraginkorra da, UBGak ez bezala ez du infekzioak sortzeko batere arriskurik eta, gainera, hilekoaren iraupena asko murrizten du. Azken datu hori garrantzitsua izan daiteke odol fluxuagatik anemia duten emakumezkoentzat. Hau ere metodo itzulgarria da eta bost urteko eraginkortasuna du. Europako herri nagusietan milioi bat emakumezkok erabiltzen dute.

Baina mementoko ikerketei behako bat egitea aski da, oraindik ere, antisorgailuen merkatuak aldaketa nabarmenak izango dituela ikusteko. Adibidez, Virginiako Unibertsitateko ikerlari talde bat txerto erabilerraza eta merkea diseinatzen ari da. Txerto horren eragina 3 eta 5 urte bitartekoa izango litzateke eta epe hori pasatu bezain laster, emakumezkoak ez luke haurdun gelditzeko batere arazorik izango. Oraingoz esperientziak tximinoetan bakarrik egin dira, baina aurten emakumezkoengan egiteko asmoa dute.

Hori guztia gutxi balitz, badirudi laster batean gizonezkoentzako antisorgailuak ere merkaturatuko dituztela. Behin baino gehiagotan entzun da hori eta badirudi, azkenean, Txinatik helduko dela iraultzatxoa. Hil honen hasieran Txinako Zientzia Akademiak aparatu sexualeko molekula bat, Bin1b izeneko peptidoa hain zuzen detektatu du. Bin1b peptidoa espermaren zahartzearen, metatzearen eta egoztearen arduraduna ere bada.

Peptido horretan eragina izango duen botika garatuz, aldi berean, haurdunaldiak eta gaixotasunen transmisioa saihestuko dira. Izan ere, peptido hori testikuluen gune batean dauden molekula talde antimikrobiano batekin erlazionatuta dago eta, beraz, sexu bidezko bakterioen eta birusen aurka ere balioko duela pentsatzen da. Azkenean, kondoia ez da sexu-transmisiozko gaixotasunetatik babesten duen antisorgailu bakarra izango.

6.000 milioi dolar mugitzen diren merkatura laster batean heldu beharko lirateke berrikuntzak, baina norberaren osasuna norberaren esku dagoenez, ez ahaztu ginekologoari urteroko bisita egitea.

7K-n argitaratua