}

Antropozenoa, gizakiaren epoka

2008/02/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Bizi dugun garaiari Antropozenoa deitzea proposatu dute Londresko Geologia Elkarteko 21 zientzialarik, Estatu Batuetako Geologia Elkartearen aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Proposamena ez da berria. 2002an, Nature aldizkarian, Paul Crutzen Kimikako Nobel saridunak adierazi zuen gizakia eragile geologiko bat bilakatu zela, higaduraren eta erupzioen parekoa, eta, ingurumenean zuen eragina aintzat hartuta, epoka berri batean geundela, Antropozenoan, hain zuzen.
Holozenoa amaitu dela eta orain Antropozenoan bizi garela proposatu dute hainbat geologok.

Lurraren historia geologikoan bereizten diren sasoiak izendatzeko, sailkapen bat erabiltzen dute geologoek. Denbora-tarte txikiena aroa da —adibidez, Harri Aroa edo Erdi Aroa—, eta handiena, berriz, eona. Lurraren historia guztian, bi eon bakarrik bereizi dituzte, eta oraingoa duela 560 milioi urte hasi zen. Fanerozoikoa izena du. Horren barruan, hiru era daude, Paleozoikoa, Mesozoikoa eta Zenozoikoa, eta bakoitzak ditu bere periodoak. Entzunak dira, adibidez, Mesozoikoko periodoak: Triasikoa, Jurasikoa eta Kretazikoa. Era hori dinosauroekin batera amaitu zen (duela 65 milioi urte), eta orduan hasi zen Zenozoiko eraren Tertziario periodoa.

Gaur egun, era horren hurrengo periodoan gaude, Kuaternarioan, eta horren barruan, bi epoka bereizten dira, Pleistozenoa eta Holozenoa (duela 11.500 urtetik). Pleistozenoa duela 1,64 milioi urte hasi zen, eta, garai hartan, Lurraren azalaren zati handi bat izotzez eta glaziarrez estalita zegoen. Glaziazioak eta glaziazio arteko garaiak izan ziren, eta, denbora-tarte hartan, espezie berri bat azaldu zen lurrazalean: Homo sapiens -a.

Azken glaziazioa amaitu zenean, beste epoka bat hasi zen, Holozenoa. Epoka horretan, espezie berri hura asko ugaldu eta hedatu da. Denborarekin, nekazaritza garatu zuen, eta, duela 5.000 urte inguru, "historia" deitzen dioguna hasi zen, garai hartakoak baitira lehen dokumentu idatziak.

Eonak, erak eta periodoak alde batera utzita, Holozenoa amaitu da? Paul Crutzenen ustez, bai, industria-iraultzaren garaian amaitu zen. Eta uste berekoa da Londresko Geologia Elkarteko zientzialari-taldea ere. Argitaratu berri duten artikuluan, Paul Crutzenen adierazpenetatik abiatzen dira, eta, industria-iraultzatik izan diren aldaketak aztertzeaz gain, Holozeno-Antropozeno epoken arteko muga zehazten saiatu dira.

Aldaketa nabarmenak

Gizakiak ingurumena eraldatu du.

Haien esanean, Holozenoan, industria-iraultzaren aurretik ere, gizon-emakumeek arrastoa utzi zuten inguruan, baina ez zuten ingurumena maila globalean aldatu. Industria-iraultzatik gaur egunera arte, aldiz, giza populazioa 1.000 milioitik 6.500 milioira igaro da, eta pertsona horien guztien jarduerek eragin nabarmenak sortu dituzte ingurumenean.

Hasteko, lurrazala aldatu dute. Batetik, higatu eta soildu egin dute, eta, horretan, zuzenean eragin dute nekazaritzak eta eraikuntzak. Bestetik, ibai nagusietan presak jartzeak izugarrizko sedimentu-piloa metatzea ekarri du.

Lurrazalean ez ezik, atmosferan ere erraz sumatzen da giza jardueraren eragina. Karbono dioxidoaren isuriak aurreko garaietan baino heren bat handiagoak dira industria-iraultzatik, eta are gehiago haziko direla aurreikusten dute adituek. Metano-kontzentrazioa, berriz, bikoiztu egin da ordutik hona. Nola bata hala bestea berotegi-efektuaren sortzaile dira, eta, horrenbestez, klima aldatzen ari da.

Ozeanoetan ere igartzen dira aldaketak. Atmosferako karbono dioxidoa ozeanoetako ura azidotzen ari da, eta horrek ondorio fisikoak eta biologikoak ekarriko dituela uste dute geologoek. Horrez gain, itsas maila igo egingo delakoan daude.

Amaitzeko, gizakiek animalia- eta landare-espezie asko desagerrarazi dituzte. Hori Pleistozenotik ari da gertatzen, batez ere animalia handien ehizagatik, baina gaur egun askoz ere nabarmenagoa da. Ehizagatik ez ezik, ekologia-sistemetan eragindako desorekengatik eta habitaten galeragatik, eta nekazaritza intentsiboagatik ari dira desagertzen espezieak. Zientzialariek ez dute zalantzarik horrek isla izango duela erregistro fosilean.

Non dago muga?

Mundu osoan daude hedatuta proba nuklearretan askatutako isotopo erradiaktiboak.

Hori guztia kontuan hartuta, zientzialariek ondorioztatu dute Holozenoa, amaitu ez bada ere, laster amaituko dela. Onartzen dute ez dela erraza Antropozenoa noiz hasi den zehaztea. Txinan eta Indian, adibidez, Europako mendebaldean baino geroago hasi dute industria-iraultza, eta, batzuek atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioan oinarritzea proposatzen badute ere, aldaketa mailakatuegia izan dela uste dute zientzialariek, eta, beraz, ez dela adierazle egokia epoka-aldaketa zehazteko.

Ikuspuntu praktikotik, proba nuklearretan askatutako isotopo erradiaktiboetan oinarritzea izan daiteke irtenbide onena. 1960ko hamarkadan proba dezente egin zituzten, eta haietan askatu ziren isotopo erradiaktiboak mundu osoan detekta daitezke. Gainera, karbono dioxidoak eta metanoak jatorri naturala ere izan dezakete, baina ez dago zalantzarik isotopo horiek gizakiak sortuak direla.

Aukera gehiago ere aipatu dituzte, baina eztabaidaren gakoa ez da zer adierazle erabiliko duten Holozeno-Antropozeno muga zehazteko, baizik eta denbora-tarteak izendatzeaz arduratzen den elkarteak proposamena onartuko ote duen. Edonola ere, hausnarketarako gaia plazaratu dute, behintzat.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia