Antso bekainzuria: erregerik txikiena
1996/01/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria
Antso VII.a Azkarra, Nafarroako XVI. Erregea, bi metrotik gorako gizon puska omen zen. Baliteke erregeen artean ere horrelako tamainak ezohizkoak izatea baina, ez alda bitxia Europa osoko hegazti txikiena "erregetxo" izenaz ezagutzea?
Agian zuetako batzuk txikiena txepetxa zelakoan zeundeten, baina erregetxoaren pisua txepetxarenaren erdia izan daiteke, 5 gramo alegia, eta bere luzera ez da 8-9 cm-tik gorakoa izaten. Nolatan bada, eman zitzaion ohorezko izen horil Txoritxo honek urre koloreko koroa dotorea du buruan, baina hain txikia izanik, ezin errege deitu eta erregetxo izena jarri zioten.
Duen tamaina kontutan hartuz gero, paseriforme hau ezagutzea ez zaigu oso zaila gertatuko. Baina ezagutzeko ikusi egin behar eta arrazoi berberagatik, bigarren hau ez da hain erraza izaten. Hain txikia izanik, askotan ez ginateke inguruan dabilenik ohartuko, kantu honengatik ez balitz: "tsi-tsi-tsi-tsi". Hortaz, behin eta berriz errepikatzen duen dei horrek txoria aurkitzen lagun gaitzake. Behin gauza ñimiño hori begibistan dugularik, segundo erdiz ere ez dela geldirik egoten ohartuko gara.
Hegaldi motzak tartekatuz, zuhaitz-adarretan batera eta bestera ibiltzen da etengabe, gizakioi jaramon handirik egin gabe. Horregatik, batzuetan gertu samarretik ikusteko aukera eskaintzen digu eta horietan, bere janzkera ederraz jabe gintezke. Arrak errege handienen pareko soingaineko berdea du bizkarrean. Pileoan (buruaren gainaldean) berriz, arrasto beltzez inguratutako laranja koloreko gandorra edo koroa. Lepoaren bi alde horiak, bekain zuria eta begiko marra beltza ere nabarmenak dira.
Begien inguruko kolore horietan hain zuzen ere bereizten da hobekien gure erregetxo bekainzuria (Regulus ignicapillus) mendi-erregetxotik (Regulus regulus); azken honek beltzez inguraturiko gandorra bai, baina bestelako arrastorik ez baitu ageri. Horrez gain, espezie bakoitzak erraz bereizteko moduko kantua egiten du.
Emeak antzeko kolorazioa du, baina koroaren kolorea horia da. Gazteek azkenik, ez dute koroarik ageri eta gorputzaren eta begiko arrastoen kolorea ez da hain bizia.
Erregetxo bekainzuria baso eta zuhaiztietako espeziea da. Koniferoak ikaragarri maite dituen arren, pagadi, artadi zein beste baso eta sastrakadi batzuetan ere topa deza Kegu. Herri handietaKo parke eta lorategietako zuhaitzak halaber, atsegin zaizkio. Bestalde, lautada eta bailaretatik, 1.600 metroraino igo daiteke mendian.
Nafarroako Erregeek antzinan egiten zuten bezala, Erregetxoak ere Gortearekin joaten dira ehizara; eta Gortea kaskabeltz, txiio eta gerri-txoriez osaturik egoten da gehienetan. Beraz, animalia sozial hauek familia-taldeetan eta normalki paridoekin batera ikusten ditugu, ugaltze-sasoitik kanpo behintzat. Ehizakiak atzemateko ehiza-batidak egiten diren bezala, partaide guztiek basoko txoko guztiak arakatzeari ekiten diote. Alabaina, konpetentzia saihesteko. bakoitza ehiza-mota batzuetan eta zuhaitzen alde jakin batzuetan espezializatzen da.
Arinenak direnez, erregetxoak zuhaitz-adarrik finenetara iristen dira eta itxura ahula eduki arren, trebetasun handia erakusten dute zomorro-ehizan. Dena den, hain gorputz txikian homeotermia (gorputzaren tenperatura) mantentzeak energi gastu handia du eta bizirik irauteko erruz ehizatu behar dute. Moko zorrotzaz baliatuz, intsektuak, armiarmak eta oro har ornogabe txikiak harrapatzen dituzte normalki.
Udaberrian, Erreginatxo bekainzuri eder batekin ezkontzeko tenorea iristen zaio. Horretarako lagunartea utzi eta arrak lurralde bat bereganatu behar izaten du, Inguru horretara espeziekiderik hurbiltzen bada, koroa dotorea harrotu, eta burua sutan balu bezala lurraldean sartu denaren aurka irteten da arerioa bota arte. Urrezko koroa altxatuz halaber, eztei-jolasetan emea txunditu eta erakartzen saiatzen da.
7-11 Printzetxo edota Printzesatxoak arrautza zurisketatik jaiotzen dira habi apain eta goxo-goxo batean. Habia ordea, inork topa ez dezan ederki gordeta egoten da konifero, ipuru edota huntzaren hostoen artean. Berotasun izpirik ere gal ez dadin gainera, goroldio, belar eta amaraunezko eraikuntzan, gurasoek lumatxak jartzen dituzte inguru guztian. Txitoen bizitza hala ere, arras gogorra da, batez ere bi asteko adina dutelarik habia uzten dutenean. Hilkortasuna handia denez, erregetzaren ondorengotza ziurtatzeko, urtean bitan kurnatu ohi dira.
Erregetxo bekainzuriaren Erresuma Europa mediterraniarretik Baltikoko hegoalderaino zabaltzen da, eta baita Afrika, Asia eta Ameriketako lurralde batzuetara ere. lberia hezean, nonahi aurki genezake, baina hegoaldean, mendi aldean besterik ez. Euskal Herrian arrunta da, Mediterraniar isurialdean ezik. Ebro aldeko soildutako lurrak eta iparraldeko eskualderen bat izan daitezke menperatu ez dituen bakarrak.
Dirudienez, Bizkaia eta Gipuzkoako pinu-landaketak mesedegarri izan dira espeziearentzat eta bertan, hegazti arruntenetarikoa dugu. Aipatu dugun banaketa hau mendi-erregetxoak duenaren ezberdina da oso, azken hau Pirinio aldeko konifero-basoetan besterik ez baita kumatzen gure Herrian. Europako kontinenteko banaketari dagokionez ordea, mendi-erregetxoa bekainzuria baino askoz hedatuago dago.
Gure eskualdeko erregetxoek urte-sasoi guztiak eman ditzakete bertatik mugitu gabe. Baina ipar Europako espeziekideek hegoalderantz jo behar izaten dute urte-sasoi latzetan bizirik irauteko. Hori dela eta, Euskal Herrian migratzaileak zein sedentarioak topa genitzake neguan. Horregatik eta zuhaitz asko oraindik ere biluzik egoteagatik, garai aproposa dugu oraingoa erregetxo bekainzuriak aurkitzen saiatzeko. Erne beraz eta ea ipotx honekin topo egiten duzun hurrengoan; txikienak baitira, baina izenak dioen bezalaxe, ospe handikoak.
FITXA TEKNIKOA Erregetxo bekainzuria Espeziea: Regulus ignicapillus |
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia