Antzara migratzaileen gorabeherak telefono mugikorretan
2002/06/12 Elhuyar Zientzia
Irlandar ikertzaile-talde batek Atlantikoko sei antzara migratzaileri 30 gr-ko igorgailuak ezarri dizkie gorputzean. Aparatu horiei esker, zientzialariek sei branta musubeltz segitzen ahalko dituzte Irlandatik Kanadako mendebalerainoko ibilbidean. Bide batez, antzarak non gelditzen diren eta zein klima duten gustukoen jakin eta aztertu ahalko dute. Horren guztiaren berri astero emango diete ikerketa hau gauza dadin diru-laguntza eman duten naturazaleei, horien telefono mugikorretara mezu bat igorriz. Internet bidez ere kaleratuko dute ahate horien bidaiari buruzko informazioa.
Igorgailuak sei branta arri ezarri dizkiete zientzialariek. Izan ere, ahate horiek ugaltzera joan ohi dira Kanadara eta arriskutsua litzateke branta emeei ugalketa-garaian horrelako gailuren bat eranstea.
Ikerketa horrek itzulerako bidaiarako ere balio luke, zientzialarien aburuz. Orain arte oso informazio gutxi lortu ahal izan da ahateek udazkenean Europarantz egiten duten ibilbideaz eta ikerketa hau oso baliagarria izan liteke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia