}

Antzinako birusekin lanean

2007/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Antzinako birusekin lanean
2007/01/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Birus batzuk gai dira zelula ostalariaren genoman beren genomaren zati baten kopiak txertatzeko. Zelula ostalariarekin batera bikoizten dira, eta, une aproposa aurkitzen dutenean, infekzioa eragiten dute. Baina bikoiztean, mutazioak pairatzen dituzte zenbaitetan, eta, mutazioak metatu ahala, infekzioa eragiteko gaitasuna galtzen dute. DNA-zatiak, ordea, ez dira desagertzen. Hain zuzen, orain dela 5 milioi urte giza genomari DNA-puskak txertatu zizkion birus bat berpiztea lortu dute Frantziako zientzialari batzuek.

Birus horren DNA-zatiek gaur egun arte iraun dute giza genoman, nahiz eta orain ez diren gai beren kabuz bikoiztu eta infekziorik sortzeko. Ikertzaileak DNA-hondar horietatik abiatu dira birusa berreraiki eta berpizteko. Berpiztu ondoren giza zeluletan txertatuta, ikusi dute gai dela bere burua bikoiztu eta zelula berriak infektatzeko.

Birus hori aztertuta argitu liteke gene-arrasto horiek minbizian eraginik duten. Ikertzaileek uste dute litekeena dela giza DNAn modu berean txertatu ziren zenbait birus-DNA oraindik ere aktibo egotea, eta horietatik batzuek minbizian eragina izatea. Hain zuzen ere, tumore jakin batzuetan birusen proteinak aurkitu dituzte, baita birus osoak ere.

1
227
2007
1
005
Mikrobiologia
Berriak labur
5