Apofis: laztan espaziala, edo zartada kosmikoa?
2007/03/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Argumentua orijinala den edo ez eztabaidagai bada ere, are eztabaidagarriagoa da asteroideak Lurra jotzea eragozteko aukeratzen duten metodoaren eraginkortasuna. Izan ere, asteroidea txikituz gero, objektu handi baten ordez hainbat objektu txiki izatea lortuko litzateke. Eta objektu txiki horiek Lurraren aurka jotzeko bidean jarraituko lukete, lehen handiak bezala. Hala, Lurrari bala bat iritsi beharrean, perdigoikada bat iritsiko litzaioke. Ez da konponbide egokia, beraz.
Nolanahi ere, hori guztia zientzia-fikzioa da... edo ez? Bada, ez, asteroide batek Lurraren aurka jotzeko arriskua ez da zientzia-fikzioa, egiatan gerta daitekeen zerbait baizik. Astronomoek NEO ( Near Earth Object ) deitzen diete Lurraren orbita gurutzatzen duten asteroideei, eta zaindu egiten dituzte, haietako batek Lurraren aurka jotzeko arriskurik balego, lehenbailehen jakiteko.
NEO horietako bat Apofis asteroidea da, eta azkenaldian oso ospetsu egin da, Lurra jotzeko arrisku handia zuela ondorioztatu baitzuten astronomoek. Hain zuzen ere, orduan ikusi zuten lehen aldiz, eta 2004 MN4 deitu zioten. Hasieran, ez zioten kasu handirik egin, baina, orbita kalkulatu zutenean, 2029an Lurretik oso-oso gertu pasatuko zela ikusi zuten; hain gertu, ezen Lurraren aurka talka egin baitzezakeen 2029ko apirilaren 13an.
Lurra joko balu, sekulako hondamendia eragingo luke. Egin dituzten azterketen arabera, 300 metroko luzerako harri-puska bat da; hau da, duela 50.000 urte Arizonan Lurra jo zuen objektua baino bost aldiz handiagoa. Eta objektu hark 1.200 metroko zabalerako kraterra ireki zuen!
Lurrarekin topo egin duen azken objektua, berriz, Apofis baino sei bat aldiz txikiagoa zen. Ez zen Lurraren azalera iritsi, Tunguska gainean lehertu zen, Siberian, 1908an. 60 km-ko erradioan zeuden etxeen leihoak apurtu egin ziren, eta 30 km-ra zegoen jendea airean bota zuen leherketaren indarrak. Horrez gain, 2.100 km 2 baso erre ziren.
Adibide horiek ikusita, ez dago zalantzarik Apofisen talkak ondorio izugarriak eragingo lituzkeela. Nolanahi ere, oraingoz ez dago kezkatzeko arrazoirik. Lehen azterketa haren ondoren, astronomoek datu gehiago bildu zituzten, eta Apofisen orbita zehaztu zuten. Hala, zuzenketak egin zituzten eta konturatu ziren ez dela uste bezain arriskutsua. Hala eta guztiz ere, Lurretik gertuen dagoen unean, Ilargia bera baino hurbilago egongo da.
Apofisek Eguzkiaren inguruan duen orbita eta Lurrarena antzekoak dira, horregatik egiten dute topo, batzuetan gertuagotik eta besteetan urrutiagotik. 2029a baino lehen, nahiko hurbil egongo da 2013an, eta baita 2021ean ere. Eta, gero, berriro hurbilduko da 2036an.
Hain juxtu, urte horri begira daude orain astronomoak. Izan ere, 2029an Lurra ez duela joko ziur badaude ere, orain uste dute 2036an egon daitekeela horren arriskua. Kontua da 2029ko gerturatzeak eragina izango duela asteroidearen orbitan. Kalkulatu dutenez, kilometro eta erdiko eremu jakin batetik pasatzen bada, 2036an Lurraren aurka jotzeko prest geratuko da. Zaila da eremu horretatik pasatzea, orratzaren begitik pasatzea bezala da, baina aukera egon badago.
Dena dela, izua zabaldu baino lehen, astronomoek kalkuluak findu behar dituzte. Espazio-agentziek hainbat egitasmo dituzte asteroidearen ibilbidea zehazteko, hala nola zunda bat bidaltzea asteroidera eta han bertan irrati-igorle bat jartzea, jarraipen zehatza egiteko. Baina ez da proposamen bakarra, eta Planetary Society elkarteak lehiaketa bat antolatu du, ideia onena saritzeko.
Beste batzuek aurrerago begiratu dute, eta Apofisek Lurra jotzeko arriskua dagoela baieztatuko balitz ere, talka hori saihesteko aukerak aztertzen ari dira. Adibidez, ESAk, Europako Espazio Agentziak, Deimos Space enpresa espainiarraren proiektua babesten du. Don Quijote izena du, eta bi zunda bidaltzea proposatzen dute: Sancho lehenik, informazioa biltzera, eta, asteroidea desbideratu egin behar dela baieztatuz gero, Hidalgo . Hidalgo -k 500 kg-ko masa izango luke, eta 10 km/segundoko abiaduran Apofisen aurka talka eginez, haren orbita aldaraztea lortuko lukeela uste dute.
Estatu Batuetako talde batek, berriz, grabitate-traktorea izeneko proiektua proposatu du. Apofisetik gertu, 400 metrora, zunda bat jartzea da asmoa, eta hor geraraztea. Hala, asteroideak eta ontziak elkar erakarriko lukete, grabitate-indarrarengatik, eta, pixkanaka-pixkanaka, zundak asteroidea motelduko luke. Ustez, hori nahikoa litzateke orbita aldatzeko.
Asmo horiek, noski, ez dute Apofisen kasurako bakarrik balio; beste edozein asteroide edo kometarentzat ere baliagarriak dira. Hain zuzen, oraingoan Apofisek sortu du kezka, baina espazioan asteroide eta objektu ugari daude, eta astronomoek gutxi batzuk bakarrik ezagutzen dituzte. Baina arretaz zaintzen dute zerua, badaezpada ere.
Gara-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia