}

Arabazozo pikarta, soroetako neguko inbaditzailea

1996/11/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria

FITXA TEKNIKOA Arabazozo pikarta

Iluntzea Pitillasko aintziran. Eguraldi nahasia dugu eta eguzkiaren azken izpiek morez koloreztatu dituzte hodei ilunak. Urrunean, ia beltza den hodei bat bizi-bizi mugitzen ari dela dirudi. Pixkanaka-pixkanaka inguratzen doakigu, eta ahozabalik, hodeia beharrean, hegazti-saldo ikaragarria dela ohartzen gara. Milaka dira estu-estu elkarrekin hegan datozen txoriak, uhinen modura gora eta behera edota zurrunbiloka sinkronia ezin hobean mugituz. Lezkadiaren parean planeatzen hasi dira, eta norbaitek agindu izan balie bezala, behera egin dute denek batera landaretzaren babesera.

Arabazozo pikarta, lumaje zoragarria duen hegaztia da.
M.M. Elosegi

Arabazozo pikarten saldoak Euskal Herri osoan ikus daitezke negu partean, baina negutiar hauez gain bertan baditugu arabazozo pikarta habiagileak ere. Izan ere, 30 urte inguru dira espezie honen lehen kumaldia egiaztatu zela gure lurraldean eta geroztik, iparraldetik hegoalderantz etengabe hedatuz joan da. Honela, kopuru txikian bada ere, gaur egun kantauri aldeko isurialde osoa betetzera ailegatu da. Mediterraniar aldera pasatuz gero, arabazozo gehiago ikusiko dugu, baina beste espeziekoak, arabazozo beltzak alegia. Bigarren espezie hau urte gutxitan era harrigarrian zabaldu da gure herrialdeko hegoaldean, eta bere banaketa pikartaren osagarria dela esan daiteke. Ea arabazozo pikarta antzeko espezieekin ez nahastea lortzen dugun.

Zozoak badu arabazozoaren nolabaiteko antza, baina erraz bereiz daitezke, batez ere zozoa handixeagoa delako eta buztan luzeagoa duelako, eta boteka ibiltzen den bitartean arabazozoak oinez egiten duelako. Arabazozo pikarta ( Sturnus vulgaris ) eta beltza ( Sturnus unicolor ) bereiztea ez da hain erraza. Biak tamaina berdinekoak dira: 21,5 cm-ko luzera eta 75-90 gramoko pisukoak. Lumajea halaber, antzekoa dute.

Oso ilunak dira, ia beltzak, irisazio eta erreflexu urdin, berde eta more deigarriz apainduta. Neguko janzkeran bi espezieak bereiztea erraza da, pikartek (batez ere emeak) gorputz osoan pintta txuriak dituztelako, eta beltzek askoz ere gutxiago. Araldian ordea, pikartak orbain zuri gutxi ageri dituenez, beltzaren antz handiagoa izaten du.

Kopuru txikian bada ere, gaur egun kantauri aldeko isurialde osoa betetzera ailegatu da arabazozo pikarta.
J. Larrañaga

Izaerari dagokionez, arabazozo pikartak taldezaleak dira ia urte osoan, baina milaka aleko saldo ikusgarri horiek, neguan besterik ez dira ikusten normalki. Txori hau bestalde, kantari xelebrea dugu. Soinu desberdin asko ateratzeko gaitasuna du eta beste espezie batzuren kantuak imitatzea gustatzen zaio. Zaletasun bitxi hauek badute zerikusirik ugalketarekin, dirudienez, soinu-sorta zabaleko arrek, bikotea topatzeko aukera handiagoa izaten baitute.

Txori azkarra oso, gizakiari etekinik ateratzen ongi aski jakin du, eta honi jarraituz bazter guztietara zabaltzea lortu du: soroak, zuhaiztiak, nekazal inguruak, herrietako parkeetara eta abar. Basoen atzerakada eta belar-soro eta alorren ugaritzea gainera, mesedegarri gertatu zaio arabazozoari. Hegazti honen arrakastaren beste arrazoietariko bat, mota desberdinetako elikagaiak aprobetxatzeko duen erraztasuna da.

Alor eta belar-soroak miatuz, animalia omniboro hauek intsektuak, haziak, fruituak, eta abar mokoratzen dituzte. Neguko saldo handi horiek berriz, mahasti, olibondo, eta oro har, uztatan sobratutako hondakinen bila aritzen dira. Hain talde handietan elkartzearen ondorioz, zomorroen kontrolean lan estimagarria burutu dezakete, baina arrazoi berberagatik, uztatan txikizioak egitera ailega daitezke.

Udaberria ugaltzeko sasoia da arabazozo pikartarentzat ere, eta ondorioz, habia egiteko zuloren baten bila hasiko da. Gehienetan zuhaitz-zuloa (eta haritza batik bat) aukeratu arren, tarteka, harkaitz-labarra, zurezko habi artifiziala, edo eraikuntzaren bateko zirrikitua aukera dezake. Azken honen adibide dira, Jaurrietako etxe batean, edo Kortezubiko elizan egindako habiak. Barnealdean ohantze goxoa antolatu ondoren, emeak 5 bat arrautza jartzen ditu.

Aipagarria da arabazozo pikarta emeak, bere habian arrautzak jarri aurretik, beste habiren batean errun dezakeela arrautzaren bat kukuak egiten duen antzera. Kukuak ez bezala ordea, gero bere txitaldia ateratzen du. Berak hazi ditzakeenaz gain, auzoko bati arrautza gehiago utziz bere arrakasta emenda dezake, kume gehiago ekoitziz. Edozein modutan ere, 30 mm-ko arrautza urdin argi hauen txitaketa, 11-13 egunez luzatzen da. Lumarik gabe eta itsu jaiotzen diren txito hauek berehala hazten dira, proteinatan hain aberats diren ornogabeez elikatuta. Izan ere, lehen 12 egunetan, 5 gramo pisatzetik 60 gramo hartzera pasatzen dira, eta 18-22 egun beteta hegan egiteko gai dira jadanik.

Azken urteotan, bai Euskal Herrian bai Europako mendebaldean ugaritu egin da. Euskal Herrian, iparraldea betetzen du.
M.M. Elosegi

Adin horretan beren kolorazioa nahikoa desberdina gertatzen da helduenaren aldean: disdirarik gabeko lumaje arrea, eta kolorazio argiagoa paparoan. Habitik aterata ere, gurasoak kumeen inguruan ibiliko dira lehen egunetan, jana eman eta aurrera egiten laguntzeko. Gehienetan, gurasoak bigarren txitaldi bat ere ateratzen saiatzen dira.

Migratzaile partzialak izaki, udazkenarekin batera Europa iparraldeko arabazozoen hegoalderantzko migrazioa ematen da. Hegazti honen paseko saldoak, bereziak izaten dira, txoriek oso estu joateko ohitura baitute. Hegakera ere, bitxia suertatzen da, zuzen zuzen eta hegal-kolpe azkarrak emanez egiten dutelako, batezbesteko 34 km orduko abiaduraz. Ehiztariek, aspalditik zuten hegazti honen ohitura eta mugimenduen berri, eta horren lekuko ditugu hartzen dituen euskarazko izen ezberdinak: tordantxa, zozabarra, artxoxua, eta abar.

Hegazti honek duen banaketari dagokionean, ia Europa osoan aurki dezakegu eta esan bezala, azken urteotan populazioek gora egin dute mendebalderantz zabalduz. Gizakiak gainera, beste leku askotara eraman du eta animalia honen arrakastaren adibide ona dugu Ipar Ameriketan gertatutakoa. 1890 eta 91-n, Europatik eramandako 120 eta 160 arabazozo pikarta askatu ziren New York-en. 1950. urterako, Estatu Batuetan zehar zabaldurik zegoen eta populazioa milioi bat ale ingurukoa zela estimatu zen.

Espeziea: Sturnus vulgaris
Familia: esturnidoak
Ordena: paseriformeak
Klasea: hegaztiak

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia