}

Arantzadi elkartekoekin solasean

1988/10/01 Martinez Lizarduikoa, Alfontso Iturria: Elhuyar aldizkaria

Donostiako Arantzadi Zientzi Elkarteko Geologi Saila, azken urteotan Errioxako Dinosauruak aztertzen ari da. Beren lanak MUNIBEn argitaratu dituzte; Zientzi Elkarteko aldizkarian hain zuzen.
– Zuen lagunarteaz gozatzeko eta arlo honetan burutzen ari zareten lan garrantzitsua ezagutzeko aukera izan dut. Horregatik interesgarria iruditzen zait dinosauruez arduratzen den taldearen berri eman dezazuen.

Megalosauruaren oinatza; Soria-ko Bretun-en aurkitua. Barneko hatza ezproin moduan sedimentuan nola grabatu zen ikus daiteke.

– Batez ere hiru lagun gara lan honetan dihardugunak: Luis Migel Agirrezabala, Jose Angel Torres eta Luis Inazio Viera. Baina noizbehinka beste pertsona batzuen laguntza ere izaten dugu; landalanak egin behar direnean batipat.

– Nola egiten duzue lan? Laguntza edo subentziorik ba al duzue?

– Ez. Guk ez dugu inolako subentziorik eta egiten ditugun azterketak ez dizkigute ordaintzen. Guk arlo hau interesgarria, ikusgarria eta hein handi batean ezezaguna delako ikertzen dugu, eta horrek zera esan nahi du: bidaiak, otorduak, etab. guk geuk ordaintzen ditugula. Landalana, oporretan eta astia dugunean egiten dugu. Garbi dago beraz, gure ahalbideak mugatuak direla eta ez garela ikerketatik bizi.

– Noiz hasi zineten ikerketa hauek egiten?

– Gu paleontologian duela hamabi urte hasi ginen. Orduan hasi ginen Cameros-eko mendizerran (Errioxa eta Soriako probintzietan) aztarnategi iknologiko desberdinak aztertzen. Dena 1977. urtean hasi zen; Munilla izeneko herrian lehen iknitak aurkitu genituenean. Orduan ezagutzen ziren iknita bakarrak Enciso-koak ziren eta Munilla-tik hamarren bat kilometrora zeuden.

– Zer zenekiten hango Dinosauruez?

– Beno. Oinatzei buruzko lehen identifikazioa (Dinosauruenak zirela esatea alegia), orduan Enciso-ko maisu zen Blas Otxoa jaunari zor zaio. Ordurarte "oinatz" haiek, mairuen aurka zebilela "Santiagoren Zaldiak" utzitakoak zirela uste zuten inguru hartako nekazari, artzain eta biztanleek.

1971. urtean eta gero 1974.ean, Sabadell-eko Paleontologi Institutuko Casanova doktoresak eta Santafe doktoreak, bi idazlantxo argitaratu zituzten Dinosauru-iknitak zituzten Enciso-ko lau aztarnategiez.

Haiek ziren orduko erreferentzia bakarrak. Guk ordea 1977. urtean beste herri batean aztarnategi gehiago aurkitu genituen, eta horrek zera esan nahi zuen: Enciso-koa ez zela salbuespen isolatua eta oinatzak Cameros-eko mendizerra zabalean nahiz bere inguruetan egon zitezkeela. Eta baita egon ere, geroago frogatu denez.

– Azken hamaika urte hauetan, zenbat azterketa argitaratu duzue?

Munilla-n (Errioxan) aurkitutako 36 iknita. Iguanodon-arenak bide dira.

– Jadanik sei argitaratuak izan dira MUNIBEn, eta beste lau argitaratzear daude. Dena dela, orain arte argitara emanak hauek dira: 1979 Enciso (Errioxa); 1980 Bretún (Soria); 1982 Munilla I (Errioxa); 1983 Santa Cruz de Yanguas (Soria); 1094 Munilla II (Errioxa) eta 1985 Igea (Errioxa).

– Beraz Soriako probintzian ere badira iknitak.

– Bai, noski. Izan ere Paleontologiarentzat ez dago muga administratibo edo antzekorik. Gaur egun Cameros-eko WEALD delakoak Errioxaren erdia eta Soriaren erdia hartzen ditu (Logronio hiriburutik Soria hiribururaino gutxi gorabehera) eta mendebaldetik ekialdera Nafarroako mugatik Burgoserainokoa da.

– Urte hauetan egindako aurkikuntzarik garrantzitsuenak zeintzuk dira?

– Asko, eta ia denak oso garrantzitsuak izan direla esan daiteke. Dena dela, Dinosauruen iknitak alde batera utzita, aurkikuntza batzuk aparteko garrantzia izan dute. Izan ere Zientziari bi ekarpen berri egin dizkiogu: bi fosil-mota berri eta interesgarri. Bata gasteropodo marraskilo txiki bat da; inguru gazigezekoa, ur gazi eta gezetan bizitzeko egokitua. Molusku berri hau Igean aurktiu genuen eta 1985. urteko MUNIBEn Menessier eta Calzada doktoreek deskribatu eta izendatu zuten. Paraglauconia vierai izena ipini zioten, Luis Inazio Viera lankidearen ohorez.

Bigarren fosila, zuhaitz-formako iratzea da; bost metro altu izateraino iristen zena. Barale doktore paleobotanikoak aztertu zuen eta Tempskya riojana izena izango du Errioxaren oroimenez. Gainera hau da Iberiar Penintsulan Tempskya ren lehen erreferentzia; orain arte Inglaterra, Frantzia, Errusia eta Estatu Batuetan bakarrik aurkitu bait da.

– Entzun dizuedanez ordea, baduzue berealdiko aurkikuntza berri bat.

– Bai. Dinosauruaren eskeletoa. Bilaketan eta miaketan urteak eman ondoren dinosauru belarjale txiki baten nahikoa eskeleto osoa aurkitu dugu; Cameros-eko lehena eta oraingoz bakarra. Hypsilophodo n espeziekoa da. Dinosauru-mota hau lasterkari txiki (1,70 metro luze) eta bizkorra zen. Inglaterran oso ezaguna da, garai hartako estratuetan agertzen delako.

Iberiar penintsulan zatitxo bat edo beste bakarrik aurkitu da. Teruel-en bat eta Castellon-en bestea, baina Cameros-eko hau da guztietan osoena.

– Beraz, Dinosauru-oinatzak bakarrik ez dituzue aztertzen. Beste zer arrasto aurkitu duzue?

– Egia esan, lurralde baten ikerketa egiten dugunean, ahalik eta osatuena izan dadin saiatzen gara. Ikniten azterketa gure lanaren alderdi bat da, baina gainerako datu geologiko eta paleontologikorik gabe zentzurik ez luke.

Beraz, lekuko estratigrafia eginez hasten gara, ebakidura edo zutabe baten bidez. Gero, aurkitzen ditugun datu paleontologiko guztiak jasotzen ditugu sestra gidariak markatuz, etab. Guzti horren bitartez Dinosauruak bizi zireneko ingurunea ezagutzen dugu.

– Estratigrafi lan hauen bidez, zein ondorio atera duzue?

Lepidotea. Arrain ganoideo eta moluskujale hau, maiz agertzen da Cameros-eko estratuetan.

– Orain, hamabi urte igaro ondoren, Cameros-eko Dinosauruen bizileku fauna eta floraren berri nahikoa zehatzak ditugu.

Gure argitarapenetan organismo-zerrenda luzeak ipini ditugu: ostrakodo mikroskopikoak, Dinosauru erraldoiak, ur gezetako gasteropokoak ( Paludina izeneko marraskiloak adibidez) edo ur gazigezekoak ( Glauconia edo Cerithio izenekoak esate baterako), kuskubikoak (txirla adibidez), ur gezeko Unio eta Teruella izenekoak edo Eomiodon deritzon gazigezekoa.

Arrain askoren hondakinak ere aurkitu ditugu: hortzak, ezkatak, ornoak, etab. Lepidote izeneko arraina agertzen da maizenik. Arrain erdikorazatua zen; bere hortz indartsuez xehetuta moluskuak jaten zituena. Picnodontoe n taldekoak ere badira, eta baita antzinako Hybodus marrazoa ere; bizkar-hegats bakoitzaren aurrean eztena zuena hain zuen.

Krokodiloen hondakinak ere jaso ditugu: hortzak, ornoak eta osteodermoak (bere azal korazatuaren hezur-plakak).

Dortoka- eta Dinosauru-hondakinak ere aipatzekoak dira. Azken hauei gagozkiolarik eta Hypsilophodo n izenekoa alde batera utzita, Suropoden ornoak edo Megalosauru haragijaleen hortzak azpimarratuko genituzke.

– Dinosauruen garaian, Cameros-eko paisaia eta ingurua nolakoa zen?

– Gaur egun ez bezalakoa; oso bestelakoa. Orain Cameros oro har lurralde latza da, 600 eta 1.200 metro bitarteko altuera duena, paisaia harritsu eta gogorrekoa. Landaretza ere urria da; ezkai, erromero eta ulaga bezalako landare arantzatsuz osatua. Horregatik da oso egokia geologoarentzat. Izan ere geruza begetal sendoz estali gabe dagoelako bertako haitzak eta estratuak oso ongi ikus bait daitezke.

Orain dela 125 milioi urte ordea, Cameros delta erako lautada zabala zen eta ondo-ondoan zegoen itsasoaren maila berean zegoen. Ia Euskal Herri osoa urazpian zegoen orduan, eta hortik atera kontu.

Lautada zabal horretara zetozen kontinentean higatutako sedimentuak zekartzaten ibaiak. Sedimentu horiek geruzaz geruza pilatu ziren eta horrela orain ikus daitezkeen estratuak osatu ziren.

– Eta giro hartan bizi al ziren Errioxako Dinosauruak?

Igea (lehen Etxea) herrian aurkitutako enbor harritua.

– Bai. Ibai, urmahel eta laku txikiz jositako lautadan bizi ziren lehen aipatu ditugun espezie guztiak, eta baita Dinosauruak ere. Hauek hondoko lokatz eta harea bigunetan beren oinatzak markaturik utzi zituzten.

Dena dela, delta zela eta itsasoarekin harreman handia zegoen. Horregatik ur gezetako moluskuak eta ur gazitakoak tartekaturik aurkitzen dira. Gazitasunaren aldaketak gainera landare handiak bertan finkatzeari eragozten zion eta batzuetan aurkitzen diren hondakin begetal handiek, ertz biribilduak eta higadurak dituzte uretan flotazioz garraiatuak izan zirelako. Hamaika metro luzeko enbor bat aipatuko genuke bereziki. Igea–n aurkitu genuen eta koniferoren batena dela dirudi. Gaur egun bertako Udalak ipinitako hesi batez babesturik dago, eta hantxe bertan ikus daiteke.

– Eta flora hark zer eragin izan zuen Mesozoikoko faunan?

– Landare handirik ezean eta oinatzak geruza gazi eta gezetan aurkitu direnez gero, badirudi Dinosauruen bizilekua (gehienena behintzat) ez zela hau. Hau iraganbidea izango zen. Deltadun lautada, paleogeografikoki altuagoak ziren bi lurralderen arteko lotura zela dirudi. Lurralde altuago horietan gainera konifero-baso eta zuhaitz-tamainako iratzeak bide zeuden.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia