}

Argaldu ala hil

2015/04/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Hegazti batzuk, heriotzari ihes egiteko, argaldu egiten dira. Hala, arinagoak izanik, azkarrago egiten dute hegan, eta harrapariak ezin ditu ehizatu. "Masaren araberako harraparitza" deitzen diote estrategia horri, eta, orain arte, hipotesi bat baino ez zen, ikertzaile askok susmatzen baitzuten txori batzuek erabiltzen zutela estrategia hori, baina ez zuten frogatzerik lortzen.

Azkenean, Bartzelonako Sarrià auzoko ornitologo batzuek erakutsi dute baietz, txori batzuentzat bikini-operazioa hil ala biziko kontua dela. Hain zuzen, auzo horretan tarin-kolonia bat bizi da. Eta beste tarin batzuk ere ibiltzen dira handik joan-etorrian. Pasadizoko tarinak dira. Ornitologoek batzuk eta besteak harrapatu, eraztuna jarri, pisatu eta askatu dituzte, sasoi desberdinetan. Eta ikusi dute auzoko txoriek pisuaren %10 galdu zutela, noiz eta gabirai bat bertan bizitzen izan zen tartean.

Tarte horretan, gabiraiak egunero ehizatzen zituen tarinak, eta beti ziren pasadizokoak. Haiek ez zekiten gabirai bat zegoela auzoan, harrapakinen zain, eta beti bezain mamitsu agertzen ziren hegan. Auzoko tarin argalen aldean, ehizaki errazak eta erakargarriak ziren gabiraiarentzat. Halako batean, gabiraiak alde egin zuen, eta auzoko tarinek galdutako pisua hartu zuten. Eta ornitologoek hipotesia zuzena zela frogatu zuten.

Journal of Ornithology aldizkari espezializatuan argitaratu dute ikerketa, gure espezieko kide batzuk bikini-operazioan murgilduta dauden garai berean.

 

Berria egunkarian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia