}

Argazki-kamera ultralasterretan ultralasterrena

2015/01/01 Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Inoizko 2D argazki-kamerarik azkarrena garatu du St. Louiseko Washingtongo Unibertsitateko ikertzaile-talde batek. Kamera berria gai da 100.000 milioi fotograma atzemateko segundoko; orain arteko azkarrenak hori baino 10.000 bider motelagoak ziren.

Kamera berriari esker, ikertzaileak gai izan dira fenomeno fisiko ikaragarri azkarrak grabatzeko. Nature aldizkarian argitaratutako emaitzekin batera, grabatutako hainbat fenomenoren bideoak ere erakutsi dituzte: laser-pultsu bat nola islatzen den ispilu batean, eta bi ingurune ezberdinetan higitzen ari diren bi fotoien arteko “lasterketa”. “Lehenengoz, gizakiok gai gara laser-pultsuak mugimenduan ikusteko”, esan du teknikaren garatzaile Lihong Wang-ek. Haren ustez, ikusteko gai izango garen fenomenoen maila oso bat ireki du teknika berriak. Adibidez, aukera eman dezake elkarrekintza biologiko oso azkarrak eta prozesu kimiko oso azkarrak hobeto ulertzeko, eta sistema dinamiko eta konplexuen ereduak hobetzeko.•