}

Argi-energiaz dabilen sentsore txikiena, bederatzi milimetro kubikokoa

2010/02/11 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

2,5 x 3,5 x 1 milimetro. Neurri horretakoa da Michigan Unibertsitatean garatu duten sentsore bat, argi-energiaz dabiltzan sentsoreen artean txikiena. Prozesadorea, eguzki-zelulak eta bateria ditu gailuak hain dimentsio txikian. Argazkian dolar-zentabo baten gainean aurkeztu dute, zer txikia den ikusteko. Euro-txanponekin alderatuta, bi zentimoko eta hamar zentimoko txanponen arteko neurria du dolar-zentaboak, 19,5 milimetroko diametroa.

Txikiena izateaz gainera, ikertzaileek adierazi dute iraunkortasun ia mugagabea izango duela sentsoreak, betiere behar dituen argi-kondizioetan jartzen baldin bada. Hori bai, aldian-aldian bateria aldatu beharko diote.

Bestalde, oso energia gutxi kontsumitzen duela nabarmendu dute ikertzaileek. Izan ere, denbora gehiena itxaroteko moduan ematen du, eta hainbat minutuan behin bakarrik pizten da.

Argazkia: Daeyeon Kim

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia