}

Argi gehiegirekin ez da guztia ikusten

2001/12/23 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ilunpetan zerura begira jarri eta amets egitea gustuko baduzu, zoritxarrekoa zu. Segurtasunaren izenean, estetikoki ikusgarriagoa delako edo bezeroak erakartzeko, herrietako kaleak, baita monumentu historikoak ere, argiz josita daude. Hirietan ez dago ez iluntasunik ezta zeru izartsurik ere. Baina inor jabetzen al da begi-bistako poluzio horretaz?
Hiri asko eta askok gehiegizko argia dute eta honen erabilera ez da batere neurtzen.

Argirik gabe ez dago bizitzerik, baina argi gehiegirekin ere ez. Landareek fotosintesia gauzatzeko eta animalia-espezie gehienak orientatzeko beharrezkoa da argia. Baina 24 orduko tartean gauari bere zatia dagokio, eta ordulari biologikoak, behar bezala funtzionatzeko, argitasuna bezain beharrezkoa du iluntasuna ere.

Zoritxarrez, segurtasun-neurri gisa, apaingarritarako edo, bestela, salmentak gehitzeko, hirietan bazter guztiak daude argiztatuta, eta gauak hirietatik ihes egin duela dirudi. Argia ez da fabriketako isurketak bezala zikin eta usain txarrekoa, ez du auto-trafikoak sortzen duen zaratak bezainbat gogaitzen. Horregatik, aurrerapen teknikoak eta hazkunde- demografikoak sortutako begi-bistako poluzio horretaz oso jende gutxi jabetzen da eta hirietako biztanle gehienek gustuko dituzte kolore guztietako argiek apainduriko etorbide zabalak; eta zer esanik ez Gabon garai hauetan. Baina argitasun horrek zeru oskarbiko izarrak ikustea eragozten du, eta astronomoen amesgaiztoa da.

Gauez satelite bidez hartutako irudiek argi eta garbi erakusten dute hirietako argi artifizialaren indarra. Lurretik begiratuta, berriz, ez da ezertxo ere ikusten, ezta izarrik ere! Adituen arabera, gau izartsuetan 2.000 izar baino gehiago agertu arren, Europako iparraldeko hirietako biztanleek ez dituzte hogei izar baino gehiago ikusten. Horrela jarraituz gero, hogeita bost urte barru ez omen da izar bakar bat ere ikusiko.

Eremu industrializatuetan ere argi ugari ikus daiteke.

Baina izarrei begiratzea gustuko dutenentzat kaltegarria izateaz gain, argi artifiziala animalia askorentzat arriskutsua ere bada, intsektu batzuentzat, adibidez. Kaleetako ohiko farola-ilarak, adibidez, intsektu asko, erretzen ez dituenean, beren ibilbidetik atera egiten ditu. Horma iragangaitz horiekin topo egitean, intsektuak liluratu eta noraezean galtzen dira. Futbol-zelai bateko argiak, bestalde, 150 km-ko zirkunferentzian dauden tximeletak erakartzen ditu, eta horrek ugaltze-prozesua aztoratzen du. Hegazti migratzaileek ere, gehiegizko argiak liluraturik, ordulari biologikoa aldatu egiten dute eta noraezean galtzeko arriskua izaten dute. Eta zer esanik ez eguneko 24 orduetan fotosintesia egiten duen parkeetako landarediari farola borobilek egiten dioten kalteaz!

Gizakiarengan ere badu argiak eraginik. Loa eragotzi, estresa sortu, emakumeen hormona-erritmoa aztoratu eta iluntasuna beharrezko duten haurren psikea aldatzen ditu. Logelako leihopeko faroletako argia gelara sartzeak loa eragozten du, nahiz gorputza denborarekin ohitu daitekeen.

Amesgaiztoko argia

Trafiko-segurtasuna hobetu nahian, errepideak ikaragarri argiztatzen dira.

Neurrigabeko argi artifiziala errepideetan eta hirietan egon ohi da gehienbat, baina herri txikietan ez da farola zaharrak aldatzeko dirurik xahutzen, eta, ondorioz, argi-poluzioa nahiko zabalduta dagoen fenomenoa da herrialde industrializatuetan.

Errepideak argiztatzea istripu gutxiago izateko neurria dela uste da, baina gehiegi argiztatzen bada kontrako efektua lortzen da. Intentsitate handiko argiek, babes- geruzarik ez badute, auto-gidaria liluratzeko arriskua sortzen dute. Gainera, argitasun handiak segurtasun-sentsazioa sortzen du eta abiadura handiagoan gidatzera bultzatzen du.

Hirietan, etsai nagusiak publizitate-iragarkiak, argia lurrera bideratzen ez duten farola zaharrak eta eraikuntzak argiztatzeko zerura begira dauden fokuak dira. Farol biribil gehienen argiaren % 60k kalera beharrean zerura egiten dute argi. Horrek, alferrikako energia-gastua eta zuzeneko poluzioa sortzen ditu. Gainera, gero eta eraikuntza historiko gehiago (eliza, gaztelu, zubi..) argitzen dira gauez. Ederra da bai, baina normalean proiektoreak gau osoan egoten dira piztuta eta argi-izpiak monumentua bera baino zabalagoak izan ohi dira.

Ondorioz, zerua zuzen-zuzenean eta potentzia handiarekin argiztatzen da. Gainera, harrigarria badirudi, ere ideia hori eremu natural ikusgarrietan ere aplikatzen da. Ez dago urrutira joan beharrik hirietako adibide bat ikusteko. Nahikoa da Donostian itsasertzeko pasealekutik itzuli bat ematea, zuzenean itsasoan argi egiten dioten foku indartsuak 10 metrotik 10 metrora ikusteko.

Alternatibak

Azken hogei urteotan astronomoek argi artifizialaren neurrigabeko hedapenaz ohartarazi badute ere, ez da behar bezalako neurririk hartu. Errepideak eta etxeak argiztatzea segurtasun-neurria izaten da maiz, baina egokiago egingo balitz, kalteak murriztea ez litzateke batere zaila, alternatiba sinple eta ekonomikoak egon badaudelako. Argi intentsitatea hobetzea, argi-emisioak ongi orientatzea eta beharrezko diren lekuak soilik argiztatzea nahikoa litzateke energia aurreztu eta gutxieneko iluntasuna ziurtatzeko.

Hartu beharreko neurrietako bat kaleetako farol borobilak aldatzea da. Farol borobil zaharrenek ez dute argia bideratzeko funtzioa betetzen duen aluminiozko "txapelik" eta, ondorioz, argi gehiena zuzenean atmosferan barreiatzen da. Horiek aldatuz gero, oinezkoentzako bidea argitu eta energiaren % 50 arte aurrez daitekeela kalkulatzen da. Bestalde, merkurio-lurrinezko bonbillak baztertu eta sodio-lurrinezkoak erabiltzea komeni da, azken horien argi monokromatikoa erraz iragaten baita eta ez baitute kolore liluragarriko argia egiten.

Monumentuak argiztatzea, berriz, ez dute hain begi txarrez ikusten astronomoek, baina neurtu beharko litzakeela uste dute. Izan ere, gauez monumentu argiztatuak ikusgarriak direla ez dago zalantzarik, baina nor egoten da gauaren erdian, beste zereginik ez balu bezala, monumentuei begira? Hortaz, kaleko mugimendua amaitzen denean argiak itzaltzeko galdegiten dute astronomoek.

Gabonetako argiztatzeak

Euskal Herrian ere argi-poluzio handia dago, eta, hirietako gehiegizko argia begi bistakoa da. Adibide bat ematearren, Bilbon, hirian argia ziurtatzeko, 26.000 argi-puntu daude.

Datu ofizialen arabera, kaleak argiztatzeak hilean 25 milioi pezeta balio du, baina neurri sinpleak eta egokiak hartuz, gastu hori % 30 gutxitzeko aukera dago. Hilean 8 milioi aurrez daitezke beste mota bateko farolak erabili eta erabilera arrazionalagoa eginez.

Baina urte osoan zehar egiten den gastuaz gain, Gabonetako argiztatzeak sortzen dituen gastua eta poluzioa ez dira txantxetako kontua. Gasteizen, kaleak argiztatzeko 800.000 bonbilla jarriko dira. 240 arku egingo dira 54 kaletan barna. Kaleez gain, udaletxeak ere aparteko argiztapena izango du.

Argiztatze horiek instalatzeak 16 milioi pezetako gastua sortzen die saltzaileei eta udaletxearen kontu gelditzen da elektrizitate-gastua. Eibarren, berriz, hogei bat kale argiztatzeko 8 milioiko aurrekontua aurkeztu zuen udalak.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia