Argi polarizatua antibiotikoak sortzeko
2002/10/23 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Molekula bakar batek hiru dimentsiotan forma ezberdinak izan ditzake eta forma bakoitzari enantiomero deitzen zaio. Enantiomero guztiek konposaketa bera izan arren, forma ezberdina izateak molekularen funtzioak aldatu egiten ditu. Horregatik, oso garrantzitsua da botiken kasuan eraginkorrena den forma aukeratzea.
Hala ere, hori ez da arazo bakarra. Molekulak kristalizatzea ere komeni da, botika sortu nahi bada behintzat. Eta, enantiomeroekin bezala, kristalekin ere gauza bera gertatzen da: molekula bera hainbat forma ezberdinetan kristaliza daiteke eta forma bakoitzak eraginkortasun ezberdina izango du.
Arazo hori gainditzeko, argi polarizatua erabiltzea proposatu dute New York-eko Brooklyn-go Unibertsitate Politeknikoan. Glizina aminoazidoarekin egin dituzte saiakuntzak. Glizina hiru formatan kristaliza daiteke, alfa, beta eta gamma formetan eta laser izpiaren eraginpean egon ostean, normalean baino azkarrago kristalizatzeaz gain, alfa forman bakarrik kristalizatzen dela ikusi dute zientzialariek. Haien ustean, argi polarizatuaren eremu elektrikoak glizina molekuletan eragiten du eta forma jakin batean ezartzera behartzen ditu.
Glizinarekin lortu dena beste molekulekin ere lortuz gero, izugarrizko aurrerapausoa emango litzateke, kristalizazio-prozesua arintzeaz gain, botiken ezpurutasunen kopurua asko murriztuko litzateke eta.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia