Arkakusotik laborategira, jauzi batean
2005/10/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Arkakusoei jauzi handiak egiteko gaitasuna ematen dien proteina laborategian egitea lortu dute Australiako ikertzaile batzuek. Hain zuzen ere, proteina horri esker gordetzen du arkakusoak energia elastikoa.
Beste intsektu batzuek ere badute erresilina; esate baterako, intsektu hegalariek erresilinari zor diote hegoa eta gorputza batzen dituen ehunak kalterik ez izatea hegan egitean. Zientzialarien esanean, erresilina da goma elastikoena: horrek esan nahi du ez duela batere elastikotasunik galtzen behin eta berriro luzatu arren.
Erresilina sintetikoa egiteko, proteina hori ekoizteaz arduratzen den genearen zati bat erauzi dute zientzialariek Drosophila melanogaster batetik. Gero, E. coli bakterio baten genoman txertatu dute, eta horrela lortu dute bakterioak erresilinaren aitzindaria, pro-erresilina proteina, ekoiztea.
Pro-erresilina likidoa eta rutenio katalizatzailea nahasita eta argipean jarrita, nahikoa da 20 segundo itxarotea erresilinaren ezaugarri berberak dituen material solidoa lortzeko.
Ikertzaileak medikuntzan aplikatzeko modukoa ote den aztertzen ari dira orain. Dirudienez, egokia izan daiteke zenbait inplante egiteko, ornoen arteko diskoa ordezkatzeko, adibidez.
Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa zientzialari australiarrek. Goiko irudian, ikertzaileek ateratako bi argazki ikusten dira: handian, erresilina arkakusoaren gorputzean non dagoen nabarmentzen da, eta txikian, berriz, material berria.