Armada gorriaren eremu berdeak
1995/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Errusia eta Letoniaren arteko gerraren oihartzunak ez dira oraindik apaldu. Borrokaren ostean, armadek alde egin dutelarik, txikitutako eskualdeak berregiteari ekin zaio. Hortxe agertu da ezustea: Moskuko ejertzitoak bere menpe izan duen lurraldeetan munduan desagertzeko arriskuan dauden espezie asko aurkitu dute.
Lituaniako Gobernuak agindu zuen azterketa eta azken bi urte hauetan Ingurugiro Batzordeko kideak gerrak astindutako lurraldeetan aritu dira lanean. Oraintxe kaleratu dituzten emaitzak eta datu harrigarriak iritsi zaizkigu. Hauen arabera, gerrak iraun duen bitartean bioaniztasuna nabarmenki hobetu da Lituanian eta galtzeko zorian zeuden landare eta animali asko errekuperatzeko modua eskaini omen du. Zehazki, errusiarrek bere menpe izan dituzten eskualdeetako azterketa xehetua egin ostean, nazioarteko erakundeek mehatxatutzat jotzen dituzten 133 animali eta landare-mota aurkitu dituzte.
Kontrakoa pentsa badaiteke ere, gerra-eremuak hazi eta aske bizitzeko leku ezinhobea gertatu da espezie hauentzat. Isats txuriko arranoa, lakuetako galeperra, bost orkidea mota eta abar luze batek osatzen du Moskuko tankeek utzitako arrastoan sortu den altxorra.
Azterketaren datuak WWF erakundeari igorri zaizkio beste zenbait erakunderen aurrean presioa egin dezan. Gerrak txikitu dituen eskualde hauen balio ekologikoa aitortzeko eta bioaniztasuna babesteko mekanismoak aton ditzan eskatu du Lituaniako Gobernuak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia