}

Armintxeko grabatuak egiteko erabili zuten teknika bakana da

2018/11/16 Elhuyar Iturria: Elhuyar aldizkaria

armintxeko-grabatuak-egiteko-teknika-bakana-da
Armintxeko grabatuak teknika bakan baten bidez egin zituzten. Arg. Bizkaiko Foru Aldundia

2016an aurkitu zituzten Armintxeko grabatu paleolitikoak, eta, geroztik, ikertaile-talde zabal bat aritu dira haiek aztertzen. Orain, Bizkaiko Foru Aldundiak ikerketen emaitzen berri eman du, eta, besteak beste, grabatuak egiteko teknika nabarmendu du.

Kantabriako Historiaurrearen Ikerketen Nazioarteko Institutuko katedradun César González Sainzek zuzendu du grabatuen azterketa, eta, haren arabera, "prozedura teknikoetan dago Armintxeren bereizgarri nagusia”.

Diego Garate Maidagan arkeologoa bat dator harekin. Azaldu duenez, gure inguruko kobazuloak kareharrizkoak dira. Armintxeko hormak, berriz, kalkarenitazkoak dira, kareharrizkoak baino bigunagoak, eta horrek zaildu egiten du ohiko grabatze-lana. Horrenbestez, objektu zorrotz batez ildo mehe eta sakonak egin beharrean, marra sinpleak karrakatu zituzten gainazalean, nahiko lodiak (12-15 mm) eta sakonera txikikoak (3-4 mm).

Horrez gain, Gonzalez Sainzek zehaztu du grabatuak hiru eremutan bereizten direla, eta irudi gehiago aurkitu dituztela. Hala, guztira, 68 irudi katalogatu dira: 37 animalienak dira (23 zaldi, 4 bisonte, 4 ahuntz, 2 lehoi, zehaztu gabeko zerbido bat, eta zehaztu gabeko koadrupedo baten 3 zirriborro); eta gainerakoak, zeinu abstraktuak eta marrak. 

Bestelako lanak ere egin dituzte adituek; adibidez, pasabideak egokitu, ingurumen-azterketa eta azterketa hidrologikoa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia