Arnas aparatuko patologia (I)
1993/04/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Arnas aparatua, sistema anatomiko gisa, hainbat zatik osatzen dute: sudurrak eta sudur-barrunbeek, faringeak, laringeak, trakea edo zintzurresteak, bronkio eta bronkioloek, eta birikek. Ikus ditzagun banan-banan zati edo atal bakoitzaren xehetasun nagusiak.
Sudurra
Sudurrean, arnasten dugun aireak hiru prozesu jasaten ditu, bata bestearen atzetik: lehenik berotu egiten da sudur-barrunbeetan dauden odol-hodi ugariak direla eta; hezetu egiten da, sudurreko mukiaren ur-edukinari esker; eta azkenik sudurzuloetako ileetan nahiz mukian barrena pasatzean, horiek iragazki modura jokatzen dute, aireak dauzkan partikula eta germenak bertan nolabait itsatsita geldituz. Ondoren, mukosako zilioek duten mugimendu bereziari esker, partikula eta hondakin horiek faringera eramango dira.
Trakea
Trakea bukatzen denean, bi hodi zilindrikotan adarkatzen da; bronkio nagusi izeneko bi hoditan. 10-15 mm-ko diametroa dute eta biriketara doaz, horietara erdialdetik sartuz. Eskuineko bronkioa hiru bronkio lobularretan zatitzen da eta ezkerreko bronkioa bitan. Bronkio lobular hauek kalibre ertainekoak dira eta kartilago-plaka handiak dauzkate, guruin muki-jariatzaile ugariekin batera.
Bronkio lobular bakoitza “bere” lobuluan sartu denean, berriro ere adarkatu egiten dira, bronkio terminalak emanez. Aurrekoak baino meheagoak dira kalibrez. Bronkioen azken adarkadurak bronkioloak dira (1 mm-ko edo gutxiagoko kalibrea duten hodiak, kartilagorik gabekoak). Bronkioloen jarraian albeoloak daude; birika-ehunak sortutako zaku txikiak, alegia. Horietan gertatzen da arnasketaren gas-trukea, odol benosoa odol arterial bihurtuz.
Trakeak, bronkioek eta bronkioloek diametro-aldaketa handiak jasaten dituzte arnas mugimenduak dauden bitartean. Airea arnastean (inspirazioan) luzatu eta zabaldu egiten dira, eta airea botatzean (espirazioan) alderantziz gertatzen da. X izpiekin egindako ikerketetan mugimendu horiekin batera bestelako mugimenduak ere (ondulatorioak) badirela ikusi ahal izan da, airearekin batera sortutako partikula arrotzak kanporatzeko oso egokiak direlarik.
Hodi horiek guztiak bi erako zelulek estaltzen dituzte: mukia jariatzen dutenek eta ile-moduko batzuek dituztenek. Mukiak airea hezetu egiten du, hautsa eta partikula arrotzak harrapatzeaz gain. Ile edo zilioek mugimendu koordinatua dute, zigor baten gisa, mukia trakearantz bultzatuz, eta hemendik eztilaren erreflexuarekin partikula horiek kanporatu egingo dira.
Birikak
Birikak bular-kaxaren barruan sartuta daude, pleura izeneko mintz batzuek estaltzen dituztelarik. Kono-forma dute eta diafragmaren gainean daude. Birika bien arteko espazioari mediastino esaten zaio eta hor daude kokatuak bihotza eta odol-hodi nagusiak.
Birikaren barne-egitura albeoloek osatzen dute, pareta fin-fineko zakutxoek, birikari aberaska baten itxura emanez. Airea hartzean, birikak zabaldu egiten dira eta kanpoko airea albeoloetaraino sartzen da. Berorietan burutzen da gas-trukea, albeoloen paretaren inguruan dauden odol-kapilarretan barrena dabilen odolarekin. Bestela esanda, oxigenoa odolera pasatzen da, albeoloetan anhidrido karbonikoa eta bestelako hondakinak sartzen diren bitartean. Espirazioan, hau da, airea botatzen ari garenean, birika uzkurtu egiten da eta albeoloak hustu egiten dira. Horrela gas toxikoak kanporatu egiten dira.
Egun osoan zehar biriketan barrena pasatzen den aire-kopuru ikaragarria kontutan hartuz, erraz uler daiteke haren baitan dauden osagaien eragin toxikoak birikei erasan diezaiekeela, birikak eztularekin, itolarriarekin eta espektorazioarekin erantzunez.
Katarroa
Sudurreko eta eztarriko epitelio-estalkiaren muki-jariaketa handiegia besterik ez da. Eta zergatik gertatzen da? Normalean arrazoi nagusiak hoztura edo marranta, eta belarrondu-sukarraren moduko gaitz “alergikoak” izaten dira.
Baldintza normaletan, epitelio-estalki horrek ingurua heze mantentzeko adina muki besterik ez du jariatzen, baina infekzioa edo irritazioa gertatuz gero, irritatzailea garbitu edo neutralizatu nahian likido gehiegi jariatzen du, eta horrek ondorio gisa sudurra gutxi aireztatzea eta muki-jarioa dakartza. Ahoaren atzealdean blokeo-sentsazioa eta doministikuak ager daitezke. Katarroak ez du aparteko larritasunik eta 2-4 egunetan desagertzen da.
Baina hoztura fuerte harrapatutakoan, maiz agertzen da erlastasuna edota eztula, biriketako karkaisa zuri eta guzti. Hauek berdeak, arreak edo horiak direnean, seguruenik bronkitisa egon daiteke eta komeni da medikuarengana joatea, agian antibiotikoak hartu beharko dira eta. Konplikazio hori gehiagotan gertatuko da lehendik bronkitisa edo asma jasan duten pertsonengan.
Umeengan, katarroak egun batzuk baino gehiago irauten duenean, sudurreko blokeo-sentsazio gogaikarri horrekin, adenoideak tamainaz handitu egin direla pentsatu behar du medikuak. Inhalazioak (mentol-lurrinarekin, 7 urtetik gorako umeengan) eta sudurra deskongestionatzeko tantak edo aerosolak (efedrina dutenak, adibidez) epe laburrera sintomak hobetzen dituzte, baina ez lirateke egun gutxi batzuetan baizik erabili behar. Efedrinak, adibidez, sudurreko odol-hodien basokonstrikzioa eragiten du. Beraz, odol-garastapena murriztu egiten da, eta ondorioz jarioak ere murriztu egingo dira.
Antibiotikoek ez dute inolako eraginik katarroaren tratamenduan, normalean prozesu horiek jatorriz birikoak direlako.
Bronkitisa
Bronkiotako mukosaren inflamazioa da bronkitisa, muki-jarioa handiagoa delarik. Bi eratako bronkitisak kontsideratzen dira: akutua eta kronikoa. Akutua, bapatean hasi eta normalean egun gutxitan konpontzen da. Bronkitisa kronikotzat jotzen da eztula eta karkaisa urtean 90 egunetik gora (ez derrigor jarraian) eta 2 urte baino gehiago jarraian daudenean.
Bronkitis akutua goiko arnasbideetako (sudurreko nahiz faringeko) katarro baten ondorioz agertzen da, hainbat agente infekziosoren (normalean birusen) eta ingurugiroko tenperaturaren aldaketa kaltegarrien eraginez. Irritatzaile fisiko nahiz kimikoak ustegabean arnastutakoan ere sor daitezke.
Bronkitis akutua kroniko bihurtzen laguntzen duten faktoreak, garrantziaren arabera, tabakoa, poluzio atmosferikoa eta infekzioak dira.
Bronkitis akutua neguan izaten da gehienbat; ume, adineko pertsona eta heldu erretzaileengan batez ere.
Bronkitis kronikoa da gizonezkoengan, 50 urtetik aurrera, gaitzik arruntena. Gehiago ikusten da klima hotzetan eta bereziki hiri handietan.
Bronkitis akutua buruko minaz, muskuluetako minaz, sukarraz eta eztulaz hazten da. Eztula hasieran lehorra da, behin eta berriz agertzen dena, baina berehala karkaisak etorriko dira. Sukarrak 4-5 egun inguru irauten du, eta eztulak egun batzuk gehiago.
Bronkitis kronikoaren ezaugarria, eztula eta karkaisa ugari edukitzea da, arnas infekzioak harrapatzeko erraztasun handiagoarekin batera. Arnasteko zailtasuna, bronkio-butxaduraren mailak eta birika-alteraziorik badagoen ala ez ikusteak (enfisemak, adibidez) emango digu. Infekzio bakterianoren bat gertatzen denean, prozesua okerragotu egiten da, eta odoleko oxigeno-maila jaisten denez, larruazalak kolorazio urdinska har dezake.
Bronkitis akutua duten gaixoek ohean egon daitezela gomendatzen da, tabakoa bezalako faktore irritatzaileak ebitatuz. Antitermikoek (sukarra jaisteko) eta antitisigenoek (eztula lehorra denean batez ere) pazientearen egoera orokorra hobeagotu egiten dute.
Bronkitiko kronikoek tabakoa eta giro kutsatuak erabat baztertu behar lituzkete. Txertoak (katarroaren kontrakoak) oso baliagarriak dira udazkenean eta neguan. Zenbait kasutan beharrezkoa da tratamenduan antibiotikoak erabiltzea (baita denbora luzez ere) arnas aparatuko infekzioen grabedadea eta iraupena murrizteko.
Medikuari galdezka
Ahotik hodi bat sartzen da, argi batekin, bronkioak ikusteko. Funtsean zer da proba hori?
Bronkoskopia izeneko proba horrek trakea eta bronkio lodiak barrutik ikusteko aukera ematen digu, eta aldi berean teknika hori erabil daiteke biopsietarako materiala lortzeko. Oso baliagarria da, era berean ustegabean irentsi (edo hobeto esan, inhalatu) diren gorputz arrotzak ateratzeko.
Prozedura hau izaten da: ahotik tutu malgu bat sartzen da, argi egiteko sistema batez hornituta eta bronkioen barruraino heltzen da. Goragaleak ebitatzeko, beharrezkoa da eztarrian anestesia lokala ematea.
Bronkoskopia oso baliagarria da erradiografietan biriketan itzalak ikusten direnean (arrazoia, ordea, ez dago oso argi) edota esplikazio argirik gabeko eztul zitalaren kasuetan. Normalean hain erasokorrak ez diren bestelako metodoek (erradiografiek, karkaisaren analisiak, etab.ek) diagnostikoa argitu ez dutenean erabili ohi da bronkoskopia.
Egia al da hiri handietan bronkioetako gaixo gehiago dagoela nekazal giroan baino?
Bai, halaxe da, bronkitis kronikoa dezentez usuagoa da zona industrialetan eta hiri handietan nekazal giroan baino, gaitz honetan atmosferako poluzioak duen eraginagatik. Ondotxo frogatu da airearen anhidrido sulfurosoaren edukinaren eta bronkitis kronikoagatiko eskualde horretako heriotza-tasen artean harreman zuzena dagoela. Gas irritatzaileak behin eta berriz arnasteak (nahiz eta oso kopuru handia izan ez), bronkioetako barne-estalkia lesionatu egiten du, jarioak erretenitzea (eta ondoren horiek infektatzea) erraztuz.
Ikus al daiteke bronkioen egoera erradiografia soil batekin edota azterketa konplexuagoren bat behar al da?
Toraxeko erradiografia normal batek ez du ematen bronkioak zehatz ikusteko aukerarik. Horretarako bronkiografia egin beharra dago, hau da, X izpiekiko opakoa den substantzia batekin bronkioak kontrastatu ondoren egin daitekeen bronkioen azterketa erradiografikoa. Iodoa injektatzen da bronkioetara zunda batez, eta horrela zona jakin bateko bronkio-zuhaitza ikus daiteke. Hala ere, bronkografia ezin erabil daiteke gaixo grabeetan, eta bestalde, kontuan eduki behar da teknika honek bronkioetako estaldura irritatu egiten duela. Gaur egun, bronkoskopiak erabat ordezkatu du.
Goizean jaikitakoan erretzaileek eztul egiten dute eta karkaisa ugari bota ere bai. Hori zer da, tabakoaren ondorio edota bronkitisak sortua?
Bronkioak, barrutik, zelula-geruza fin-fin batek estaltzen ditu. Eta zelula horiek, inflamatutakoan, askatu egiten dira, eztularekin kanporatuko den “mukositate” gisako bat sortuz. Zigarroen kea irritatzailea da bronkioentzat, eta erretzaile askok ohetik jaikitakoan karkaisa ugari botatzen dute, gauean jariakinak pilatu egiten zaizkielako. Seguruenik, erretzeari utziko baliote sintoma horiek desagertu edo murriztu egingo lirateke.
Beste kasu batzuetan, konpondu ezineko lesioak sortzen dira bronkioetan, eta pazientea behin eta berriz karkaisak kanporatu beharrean izaten da. Tabakoarekiko tolerantzia desberdina da pertsona batetik bestera, baina oro har erretzeko ohiturak bronkitis kronikoa dakarrela esan daiteke.
Posible al da nolabait bronkitis kronikoa ebitatzea, edota gutxienez, aurrera ez egitea?
Hiru dira bronkitisa gaitz kroniko bihurtzen duten faktoreak: tabakoa, poluzio atmosferikoa eta infekzioak.
Denboraldi luzetan eztulaldi gogorrak edukiz hasten den erretzaileak, tabakoa utzi egin behar luke. Erretzaile porrokatuak esfortzu jakin batzuk egindakoan nabaritzen duen itolarria (lehenago esfortzu horiek ongi jasaten zituen) alarma-seinale bat da; bere arnas ahalmena hondatzen hasi dela abisatzen diona.
Agente irritatzailea lantokiko aire-poluzioa edota hiri handietako poluzioa denean posible da bronkitis kronikoa ebitatzea. Kasu horietan arazoa ez dago norberaren esku; agintarien esku baizik.
Azken faktorea, hau da, infekzioena, prebenitzen zailagoa da.
Bestalde, bronkioetako irritazioa prebenitzeko modu erraza da ahotik ez eta sudurretik arnastea; horrela inspiratzen den airea hezetu, berotu eta iragazi egiten baita.
Bronkitisak, luzarora, arnas ahalmena honda al dezake?
Bai, noski. Bronkitiko kronikoek gero eta gutxiago jasaten dituzte ahalegin fisikoak. Hasieran esfortzurik handienetan egingo dute kale (eskailerak igo, korrika egin), baina denbora aurrera joan ahala, mugimendu guztiak mugatzen dira. Pilatutako mukiak aireari aurrera egitea oztopatzen dio, eta honek itolarria dakar; edozein esfortzurekin gorputzeko zelulek gehiago eskatzen baitute. Urteak igaro ahala, biriketan konpondu ezineko lesioak sortzen dira, biriketako enfisema izeneko egoera agertuz.
Ume bronkitikoek beste umeekin egin behar al dute jolas aire zabalean?
Bai, noski. Askotan, bronkitiserako joera duten umeen gurasoek arropa gehiegiz janzten dituzte, kanpora irtenda “hoztu” egingo diren beldurrez. Hori ez da batere gomendagarria. Aitzitik, komeni da ume horiek aire zabalean arropa gehiegi gabe jolasean aritzea; bestela izerditu egingo bailirakete. Komeni da, gainera, umeak gimnasia eta kirolen bat edo beste egitea; ariketa fisikoak gorputza gogortu egiten baitu, gaixotasun infekziosoen aurkako erresistentzia handiagoa emanez.
Antibiotikoak. Noiz dira beharrezkoak bronkitisean?
Oso kontuz erabili behar dira, eta ez toxikoak izan daitezkeelako bakarrik. Izan ere, eta beharrezko dosietan erabiltzen ez direnean, gerta daiteke bakterioren bat hil ordez bizirik gelditzea eta antibiotiko horrekiko erresistente izatea. Beraz, derrigorrezkoa da medikuaren aginduei jarraitzea; honek bakarrik bereiziko baitu noiz den hoztura arrunta (antibiotikorik behar ez duena) eta noiz den birusaz gain agertutako infekzio bakterianoa. Azken kasu hauetan bakarrik dira antibiotikoak baliagarri.
Bronkitisak jota dauden pertsonentzako aholkuak
- Ez erre, ahal dela; tabakoa bronkioen irritatzaile nagusia baita.
- Pasiatu aire zabalean, sakon arnastuz.
- Aire-korronteak eta bapateko tenperatura-aldaketak ebitatu. Ez egon denbora luzez leku hezeetan, laino artean edo hotz handitan.
- Usain fuerteak (laka, pintura) edota automobil eta fabriketako keak ebitatu.
- Alergiarik baldin baduzu, ez eduki animaliarik etxean.
- Egongelak ongi bentilatu. Baita laneko eta lotarakoak ere.
- Arnas ariketak, dutxak (ur hotza eta beroa txandatuz) eta gorputza lehorrean zepilatzeak odol-zirkulazioa hobetzen dute. Lurrinak inhalatu, eta likido ugari edan, mukiak bigundu eta kanporatzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia