Arrain berezi bat Zumaiako uretan
2008/05/12 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Alepisaurus ferox espeziekoa zen hilaren hasieran Zumaiako Itzurun hondartzan harrapatu zuten arrain berezia. Metro eta erdi luze zen, ez zuen ezkatarik, ia gorputzaren luzeraren adinako hegatsa zuen bizkarrean, eta aho handia eta oso letagin luzeak zituen.
Ur tropikal eta subtropikaletan bizi da batez ere arrain hori, han ugaltzen baita eta han hazten baitira heldugabeak. Ale helduak, berriz, Artikoaren ingurura (Islandiara eta Groenlandiara, besteak beste) joaten dira elikatzera. Beste arrainak, zefalopodoak, tunikatuak eta krustazeoak jaten ditu.
Hemengo uretan ere izaten dira, baina oso arraroa da kostaldera hurbiltzea. Zientzialariek ez dakite zergatik hurbiltzen diren lehorrera; batzuek diote ehizan ari direla hurbiltzen direla, beste batzuek gaixo eta ahul daudenean uzten dituztela sakoneko urak, eta beste batzuek ozeanoen kondizioak gogor aldatzen direnean gertatzen direla lehorreratzeak.
Argazkia: www.baleike.com
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia