Arrain hiruarantzaren alde
2005/05/23 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Izate ingurumen-taldeak arrain hiruarantzaren aldeko kanpaina bat jarri du abian. Espezie hori zaurgarri gisa hartuta dago Galzoriko espezieen euskal katalogoan, eta, habitata zaintzen ez bada, galtzeko arriskuan egongo omen da.
Arrain hiruarantza (Gasterosteus aculeatus) EAEko ibai apur batzuetan besterik ez da bizi, besteak beste Barakaldoko Castañosen; eta ibai horretan obra gehiago egitekotan dira. Hori dela eta, Izate taldeak arrain honentzako gestio-plana egiteko eskatu dio Bizkaiko Diputazioari berandu baino lehen.
Dirudienez, arraintxo horri kalte handia egiten diote ibai-ertzetan egiten diren obrek eta poluzioak; eta bizi den ingurunea hobetu edo, gutxienez, dagoen bezala mantendu ezean, galtzeko arriskuan egongo da laster.
Arrain txikia da hiruarantza: 5-8 cm baino ez du neurtzen. Eta harrak oso erritu ikusgarria egiten du emea erakartzeko: habia eraikitzen du, eta ‘dantza’ egiten du habia horren inguruan. Ernaltze-garaian (martxoa eta abuztua bitartean) arra kolore biziz janzten da, gainera, gorputza urdin eta burua eta sabelaldea gorri.
Zalantzarik gabe, hiruarantzaren habitata zainduta, han bizi diren gainerako espezieen egoera ere hobetu egingo da.