}

Arrainak "erreminta" eta guzti

2011/07/12 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Maiz erreminten erabilera gizakiekin lotzen badugu ere, animalia gehiago dira "erreminta" bat edo beste erabiltzen dutenak, besteak beste, janaria lortzeko. Irudiko arrainak (Choerodon schoenleinii) txirla bat du ahoan eta arroka baten kontra talka egiten du, hura zabaldu eta jan ahal izateko.

Scott Gardner urpekariak jaso zuen irudi hori. Soinu arraro bat entzun zuen Australiako koral-hesia esploratzen ari zela, eta bertara hurbildu eta gertutik bere kamerarekin urratsez urrats bizi izan zuen gertatutakoa. Ikusi zuen arrainak txirla ahoan zuela bortizki joten zuela arrokaren kontra, hura ireki eta barrukoa irentsi arte.

Erremintak gizakiok ez ezik beste animalia askok ere erabiltzen dituztela erakusten duen beste adibide bat besterik ez da. Izan ere, zenbait tximinok arrokak erabiltzen dituzte mailu gisa haziak eta frutak ebakitzeko; izurdeen, elefanteen eta olagarroen artean ere jarrera hori ezaguna da. Arrainen artean, ordea, lehenengo aldia da jarrera hori behatzen dutena.

Irudia: Scott Gardner

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia