Arrainen esperma sortzeko zeluletatik, obuluak
2006/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Japoniako ikertzaile-talde batek obuluak lortu ditu arrainen espermatogonietatik -espermatozoideen zelula aitzindariak-. Haziarekin zer gertatzen den aztertu nahi izan dute laborategiko esperimentuan, gero ondorioak atera ahal izateko zenbait arrain-espeziek sexua trukatzeko duten ahalmenaren inguruan.
Esperimentuan, arrainen espermatogonia markatzaile fluoreszente batez markatu ostean, arrautzatik atera berri ziren arrain ar zein emeei txertatu zieten sabelaldean. Markatutako espermatogonia horretatik, arrain arren % 39k esperma garatu zuen. Baina gauza da emeen % 37k obuluak garatu zituela. Gainera, espermatogoniatik garatutako obuluak artifizialki intseminatu zituzten eta emankorrak zirela ziurtatu zuten.
Ikerketak lagunduko du ulertzen nola egiten duten zenbait arrain-espezie tropikalek sexua komenigarritasunaren arabera trukatzeko. Izan ere, arrik inguruan ez dagoenean, eme batzuek sexua aldatu egiten dute, eta ar bilakatzen dira. Era berean, inguruan ar nagusi bat baino gehiago baldin badabil, bakarra izan ezik guztiak eme bilakatzen dira.