Arrezifeko arrainen haurtzaro gogorra
2008/01/01 Bengoa Ruigómez, Mª Victoria - Biologian doktoreaGetxo Aquarium | Santiago Usabiaga, Eduardo - Getxo Aquarium Iturria: Elhuyar aldizkaria
Itsasoetako bizidunen ia laurdenen babeslekuak dira koralezko arrezifeak. 4.000 arrain-espezie, 700 koral-espezie eta beste milaka landare- eta animalia-espezie baino gehiagoren bizilekua dira. Animalia-aniztasun handia dago koral-kolonien arteko ezkutaleku, arrakala eta pitzadura ugarietan: belakiak, zizareak, moluskuak, krustazeoak, trikuak, izarrak, holoturiak eta kolore biziko arrainak.
Kolore-festa
Koraletako arrainak ederrak dira; paregabea da haien koloreen aberastasuna, formen bitxikeria eta portaeraren aniztasuna.
Arrezifeko substratutik hurbil bizi dira, eta bizilekuaren ezaugarrien ondorioz dute halako kolore-aniztasuna --ur tropikalak gardenak dira, eta hondoa hurbil egon ohi da, askotan, hainbat koloretako ornogabeez estalita--: koloreek mimetismoz kamuflatzen dituzte, genero berekoek ezagutzea edo haiek erakartzea errazten dute, edo lurraldea seinalatzeko marka gisa funtzionatzen dute, gainerakoei nongoak diren adierazteko. Zenbait kasutan --ezpata-arrainarenean, esaterako--, jantzi deigarri bat janzten dute sexu-heldutasunera iritsi aurretik; beste batzuek, baleztarrainek kasu, gorputza marraz estaltzen dute, isla nahastuta nekezago aurki ditzaten; eta, beste kasu batzuetan, koloreak ohartarazteko balio du, berehala ohartzeko arantza ikusgarri horiek ukitze hutsarekin hil dezaketela; lehoi-arrainak egiten du hori, adibidez.
Estrategia hori bi ahokoa da, ordea. Izan ere, kolore-aniztasun handia eta igeri egiteko abiadura txikia dutela eta, arrezifeetako arrainek ezin dute arrezifeak ematen dien babesa utzi eta itsaso zabalera joan. Kanpoko harrapari handientzat harrapakin errazegiak izango lirateke. Kumeek, aldiz, ez dute beste irtenbiderik izaten.
Lasterren mende
Koraletako arrainak obiparoak dira, hau da, arrautzen bidez ugaltzen dira. Gehienak, arrain kirurgialariak esaterako, sardatan bizi dira, eta gametoak uretara botatzen dituzte ugaltzeko garaia iristean; han ernaldu, eta babesik gabe geratzen dira, ozeanoaren erdian: arrautza pelagikoak dira.
Ugalketa era batekoa zein bestekoa izan, arrautzetatik larba pelagikoak sortzen dira espezie gehienetan, planktonaren zati bihurtzen diren arrain txiki gardenak. Hala, espezieen % 99ren bizitzak bi fase nagusi izaten ditu: larba planktonikoaren fasea (ozeanokoa) eta heldutasun-fasea (koralezko arrezifekoa). Bizitzeko bi modu horiek izango dira, ziur aski, animalia horiek eta lehorrekoak gehien bereizten dituen alderdia.
Jaiotzean, larbak gardenak dira, eta gurasoengandik oso desberdinak; gainera, ezin izaten dute ozeanoko ur- lasterren aurka igeri egin, eta arrezifetik urrun eramaten dituzte. Hasiera batean, jaiotzetik duten bitelo-zakuaren bidez elikatzen dira (substantzia elikagarri ugari izateko gordailu gisa erabiltzen dute), eta, gerora, planktona jaten dute. Denbora joan ahala, hazi eta helduen ezaugarriak hartzen dituzte; azkenean, arrezifean finkatzeko leku bat aurkitzen dute, han gaztarora heltzeko. Finkatzeko garai horretan, larba gehienek metamorfosia jasaten dute: koloreak eta ezkatak sortzen zaizkie, eta portaeran ere aldaketa handia nabarmentzen zaie. Finkatze gehienak gauez izaten dira, harrapariek ikus ez ditzaten.
Txaponaren bi aldeak
Larba-aldia garrantzitsua da oso, eta abantaila asko ditu. Horietako bat da arrautzak eta larbak arrezifeko beste leku batzuetara dispertsatzea; hala, desagertzeko arrisku txikiagoa du espezieak. Espezie bat leku txiki batean bakarrik egongo balitz, hondamendi naturalen baten edo gizakien eraginaren ondorioz desagertzeko arriskua izango luke.
Horixe gertatu zitzaion Pterapogon kauderni edo Bangaii-ko kardinalari; espezie horrek ahoan inkubatzen ditu kumeak, eta, fase pelagikorik ez duenez, Singapurko gune txiki batean baino ez da gelditu, eta desagertzeko arriskuan dago, kutsaduraren eta arrantzaren ondorioz. Gainera, arrezifeko espezieen % 60 baino gehiago harrapariak dira; beraz, ez da larba txikiak garatzeko lekurik egokiena, eta itsaso zabalean bizirik irauteko aukera gehiago dituzte.
Hala ere, larba guztiak ez dira heldutasunera heltzen; izan ere, harrapariek, elikagai-urritasunak, ozeanoko ur-lasterrek eta egoera fisiko kaskarrek hilkortasun handia eragiten dute. Hala, aldaketak egon daitezke erreklutamenduan, hau da, arrezifera itzultzen den larba-kopuruan, eta horrek eragina du helduen populazioaren neurrian. Faktore horiek guztiak oso garrantzitsuak badira ere, helduen habitatera (arrezifeetara) iristeko 'garraioaren' mende daude koraletako arrain askoren larbak; arrezifera iristeko 'garraiorik' gabe, koraletako arrainen larbek ez dute bizirik iraungo.
Igerilari finak
Lehen uste zen larbak besterik gabe dispertsatu egiten zirela, lasterrek eramanda finkatzeko eta garatzeko leku batera iristen ziren arte. Azken ikerketa zientifikoetan, ordea, ikusi da oso garatuta dituzte ahalmen sentsorialak eta igeri egiteko beharrezkoak diren ahalmenak; horiei esker, jatorrizko arrezifera ere itzul daitezke.
Koraletako arrainen larbak indartsuak dira garapenaren azken etapetan, eta igerilari onak; itsas lasterrenak baino abiadura handiagoak lortzen dituzte, eta zenbait orduz igeri egin dezakete, nekatu ere egin gabe. Larbek 40,7 km igeri egin dezakete batez beste, nekatu ere egin gabe (batzuk 140 kilometrora iristen dira), 86,7 orduan, batez beste (288,5 ordu gehienez). Azkar igeri eginez gero eta urrun iristeko gaitasuna izanez gero, arrezifera itzultzeko aukera gehiago dituzte, batik bat hara bideratzeko seinaleei antzematen badiete. Esperimentu batzuek argitu dutenez, orientatu, nabigatu eta arrezifera iritsi ahal izateko, entzumen- eta ikusmen-seinaleak, seinale kimikoak eta hainbat motatako estimuluak erabiltzen dituzte.
Etxera itzultzeko estrategiak
Larba gehienek garapenaren lehen faseetatik izan ohi dituzte begiak. Eguzkia, ilargia, izarrak, argi polarizatuak eta eremu magnetikoak erabil ditzakete orientatzeko. Arrainek, berez, oso garatua dute ikusmena, baina, urpeko ikusmena 50 metro baino handiagoa ez denez, distantzia txikietarako baino ezin dituzte erabili ikusmen-seinaleak.
Uretan disolbatutako gai kimikoen kontzentrazio-aldaketei erantzun egiten diete koraletako arrain askoren larbek. Estimulu kimikoak abiotikoak izan daitezke (gazitasuna, tenperatura eta kaltzio karbonatoa); baita biotikoak ere (aminoazidoak, gantz-azidoak eta alkoholak). Horiek guztiak animalia-jatorrikoak dira, eta izaki bizidunen presentziaren berri ematen diete larbei. Espazio-eskala txikietan (10-100 metro) finkatzeko eta espazio-eskala handiagoetan nabigatzeko erabiltzen dituzte larbek estimulu kimiko horiek.
Arrainen larba askok --blenidoek, gobidoek, kardinalek eta dontzeilek, esaterako-- usaimen-seinaleak erabiltzen dituzte jaiotze-lekua bilatzeko. Larbek usainak bereiz ditzakete ozeanoko ur-lasterretan, jaio ziren arrezifekoa aukeratu, eta seinale horiek erabili, itzultzeko. 'Etxerako' bidea aurkitu eta orientatu ahal izateko, sistema sentsorial garatuak eta mekanismoak behar dituzte.
Beste arrain-espezie batzuek soinua erabiltzen dute. Soinuak errazago bidaiatzen du uretan eta soinu-seinaleak erabiltzen dituzten larbek ez dute ur-lasterren aurka borroka egin beharrik. Denbora askoan uste izan zen arrainek ez zutela soinurik egiten, eta ur-inguruneari 'mundu isila' deitu izan zitzaion. Bigarren Mundu Gerran, ordea, sonarra eta etsaien urpekoen zarata detektatzeko mikrofonoak erabiltzen hasi zirenean, jakin zuten uretan soinuak entzuten zirela, eta zenbait unetan nahaste handiak ere izaten zirela.
Koralezko arrezifeetan bizi diren arrainen artean soinu asko eta oso ezberdinak entzun daitezke: loro-arrainek koralen adarrak ehotzean egiten duten karranka, edo arrainek errutean egiten dutena, beste sexukoak erakartzeko eginikoa, arrisku-seinale gisa erabilitakoa, edo karramarroek matxardekin egiten duten soinua, olatuena, euriarena, eta abar. Hots horiei esker, larba askok, kardinalek eta dontzeilek bereziki, 'etxerako' bidea aurkitzen dute ozeanoan, eta, hainbat kilometrotara egonda ere, orientatu daitezke, jaio ziren arrezifera iritsi arte.
Koralezko arrezifera hurbiltzen direnean, larbak sexualki heldu gabeko gazte bihurtzen dira, eta espeziearen ohiko ezaugarriak hartzen dituzte. Denbora-tarte bat igaro ondoren (espezie bakoitzak berea du), sexu-heldutasunera heltzen dira, beste sexuko kide bat bilatzen dute, eta gorteiatzearen ondoren, arrautzak ernaltzen dira; jarraian, bizi-ziklo gogorra berriro hasten da.
Dokumentaletan arrezifeetan lasai igerian ikusten ditugunean, ez dirudi ez arrain koloretsu horiek hainbeste mehatxuri aurre egin behar izan dietenik jaiotzatik, kamera aurrean erakusten duten heldutasuneko edertasun eta distira horiek lortu aurretik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia