}

Arrisku nuklearraren mapa

2011/04/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Hondamendi nuklear bat izateko arriskua duten lekuen mapa argitaratu du Nature zientzia-aldizkariaren webguneak . Mapa egiteko, Columbia Unibertsitateko laguntza izan du, eta Google Earthen teknologia erabili du. Merezi du Nature -ren webgunean sartu eta begiratu bat ematea, benetan ikusgarria baita. Ikusgarria, eta argigarria.

Mapa egiteko kontuan izan duten lehen datua zentralen inguruan bizi den populazioaren neurria da. Alderdi horretatik, datuak ez dira oso lasaigarriak: munduan 211 zentral daude, eta haien hiru laurdenen inguruan jende gehiago bizi da Fukushimaren inguruko eremuan baino. Alegia, populazio-dentsitatea oso handia den lekuetan daude zentralak, kontuan hartuta 172.000 pertsona bizi zirela Fukushima Daiichi zentralaren 30 km-ko erradioan.

Nature -ren webguneak hondamendi nuklearra izateko leku arriskutsuenen mapa osatu du.

Pakistango Kanupp zentralak du biztanle gehien 30 km-an: 8,2 milioi. Hala ere, larritasuna arintzen duen beste faktore batzuk ditu, hala nola erreaktore bakarra duela eta nahiko txikia dela (125 megawatt). Ez da gauza bera gertatzen rankinean jarraitzen dioten zentralekin, inguruan populazio handia izateaz gain instalazio handiak baitira. Hala, Taiwango Kuosheng eta Chin Shan zentralen inguruan 5,5 eta 4,7 milioi pertsona bizi dira hurrenez hurren, eta 1.993 eta 1.208 megawatt ekoizten dituzte.

Mapan, kolorezko zirkuluen bidez adierazi dute zentralen inguruko populazio-dentsitatea. Gorriz azaltzen dira dentsitate handia duten lekuak, eta berde ilunez, txikia dutenak. Hortaz, aipatutako zentral horietan zirkulu gorriak daude, eta baita Asia ekialdeko, Indiako eta Estatu Batuen ekialdeko beste eremu batzuk ere. Leku horietan, kolore laranja edo horia duten beste zirkulu asko ere badaude. Eta Europa ere halaxe azaltzen da, laranjaz eta horiz margotuta, batez ere Frantzia.

Zirkulu bat Euskal Herrian

Euskal Herrian, berriz, zirkulu bakarra dago: Garoñarena . Berdea da, baina eskalako hiru berdeetatik argiena, hau da, horitik gertuen dagoena (horiaren ondoren laranja dator, eta, gero, gorria). Hori da, nonbait, Garoñaren inguruko populazioari dagokion kolorea, 0,07 milioi pertsona bizi baitira 30 km-ko erradioan.

Edonola ere, arriskua kalkulatzean beste faktore batzuk ere izan dituzte kontuan maparen egileek, esaterako, kanpoko mehatxuak. Horrela izendatu dituzte lurrikarak, tsunamiak, suteak, uholdeak, tornadoak eta eraso terroristak. Ohartarazi dutenez, ezinezkoa da halakoak % 100ean aurreikustea. Japoniaren barruan, adibidez, Fukushima ez da lurrikarak eta tsunamiak izateko arrisku handiena duen lekua. Baina han izan dira aspaldiko lurrikara eta tsunami handienak.

Beste faktore bat neurria da. Zenbat eta handiagoa izan zentral bat, eta zenbat eta erreaktore gehiago izan, orduan eta larriagoak izango dira istripuaren ondorioak. Garoñak erreaktore bakarra du; zerbait gertatuko balitz, bakarraz arduratu beharko lirateke (eta ginateke). Aldiz, Fukushimako Daiichik sei ditu, beraz, arriskua sei aldiz handiagoa da. Izatez, neurri batean edo bestean, seiak dira kezka-iturri une hauetan.

Segurtasunaren kultura, eta zentralen diseinua eta adina ere aipatu dituzte webgunean. Eta adina da Garoñari buruzko eztabaidetan puntu nagusietako bat. Izan ere, aurten 40 urte egiten ditu, eta hori da zentralen bizitzaren muga Espainian. Baina gobernuak 2013ra arte martxan jarrai zezakeela erabaki zuen. Are gehiago: zentralaren jabe den Nuclenor enpresak, langile-sindikatuek eta inguruko herri batzuetako alkateek epea 2019ra arte luzatzeko eskatu zuten. Ez dirudi, ordea, haien nahia betetzeko garai onena denik.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia