}

Arropa garbitzeko detergenteak erabili beharrik ez!

2005/04/17 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Hainbeste buruhauste arropa garbien uzten duen garbigarriaren bila, eta hara non jakiten dugun urak hutsik ere primeran garbitzen duela! Hala entzunda ezinezkoa dirudi, ezta? Baina xehetasun bat esatea falta zen: gasik gabeko ura izan behar du, iturrikoak zuzenean ez du balio.
Arropa garbi-garbi lagatzea da garbigarrien helburu nagusia.

Mendeak daramatza gizakiak arropa eta gorputza garbitzeko xaboi eta detergenteak hobetzen. Hasiera batean ez zekiten xaboiak nola funtzionatzen zuen, hau da, zehazki nola erauzten zuen zikinkeria. Substantzia berriekin saioak egin eta emaitza hobea lortzen bazen, aurrera, substantzia hori gehitzen zioten hasierako formulari. Teknika hori orain ere oso ohikoa da, bai garbigarrien ekoizpenean eta baita kosmetikan ere.

Baina zientziak aurrera egin du arlo horretan ere, eta, laborategiko lanari esker, xaboiak eta detergenteek nola funtzionatzen duten, hau da, nola garbitzen duten jakin da. Gaur egun garbigarrietan egiten diren hobekuntzak funtzionamendu horren ezagutzatik datoz. Eta ez bakarrik garbigarriei dagokienez; garbigailuetan gertatzen den prozesu osoa nola gertatzen den ikertzen dihardute, eta, hala, ahalik eta errendimendu handiena ateratzen zaie garbigailuari eta garbigarriari.

Ikerketa horien baitan, bada bat bereziki interesgarria dena; izan ere, gezurra dirudien arren, arropa garbitzeko ez dute xaboirik edo detergenterik erabiltzen. Australiako Unibertsitate Nazionaleko ikertzaile batzuen proposamena guztiz berritzailea da: koipe-orbanak garbitzeko ura besterik ez dute erabiltzen. Baina gasik gabeko ura.

Orbana luparekin begiratuta

Arropa garbitzeko garbigarririk garbiena ura izango litzateke, noski.

Uraren sekretua ezagutzeko, lupaz begiratuko diogu. Esateko era bat da, noski, uretan dauden gauza asko ezin baitira mikroskopio onenarekin ere ikusi. Ahalegin txiki bat egitea merezi du, hala ere. Uretan, besteak beste, aire-burbuilak daude. Izan ere, airearekin kontaktuan dagoenez, aireko gasak (oxigenoa eta nitrogenoa batez ere) uretan barneratzen dira, burbuila txiki-txikiak osatuz.

Ikertzaile australiar horiek aire-burbuilarik ez duen ura erabiltzen dute garbigarri gisa. Burbuila horiek kentzeko era bat baino gehiago dago, baina, dirudienez, mintz porotsu batekin iragazita erraz kentzen dira uretatik. Prozesua, gainera oso merkea omen da.

Burbuilak edo gasak kentzeko arrazoia nahiko samurra da: uretan dauden aire-burbuilek arropa-garbigarrien lana oztopatzen dute, koipe-orbanaren gainean kokatzen dira, eta, nolabait esateko, orban hori detergentetik babesten dute. Burbuila horiek kenduta, ura zuzenean iristen da ehunean itsatsita dagoen koipera, eta, ondorioz, errazago askatzen du. Hau da, koipea ehunetik uretara pasatzen da, eta, hala, arropa garbi geratzen da.

Ura besterik ez

Ikerketan hobekuntzak egiteko, garbigailuan gertatzen diren prozesu guztiak ezagutzea komeni da.

Bada, ikertzaile horiei, inolako garbigarririk gabe, ur hutsarekin probatzea bururatu zitzaien; eta uraren eraginkortasuna probatzeko bi eratako ura erabili zuten: gasik gabeko ura eta ur distilatua (ur purua ere deitzen zaiona, disolbatutako gatzik eta bestelako substantziarik ez duena). Gasik gabeko ura eta ur distilatua hartu zituzten saiodibanatan, eta koipez igurtzitako ehun bana sartu zuten.

Eta emaitzarik onena, zalantzarik gabe, gasik gabeko urak eman zuen: ura uher-uherra geratu zen, koipea uretara pasa zen seinale. Eta, ez hori bakarrik, uretara pasatu den zikinkeria hori, ura airearekin kontaktuan jarritakoan, multzokatu eta hauspeatu egiten omen da (hondora erortzen da) eta ez zaio ehunari itsasten atzera.

Kontua da, garbigarri on batek bi ezaugarri behar dituela —bi ezaugarri horiek zuzenean erlazionatuta daude garbiketa prozesuarekin—; batetik, orbana sortu duen substantzia (koipea, txokolatea, fruta-zukua...) erraz kendu behar du ehunetik, noski, baina bigarren ezaugarria lehenengoa bezain garrantzizkoa da: substantzia hori uretan mantendu behar du, ehunera bueltatzea eragotzi behar du, bestela alferrikako lana litzateke.

Gasik gabeko urak beste abantaila nabarmen bat ere badu ohiko garbigarriekin alderatuta: ez du poluitzen. Xaboia eta detergenteak arropa garbitzeko erabili ondoren, ibaietara eta erreketara iristen dira, eta daramatzaten osagaiek algak eta landaredia gehiegi haztea eragiten dute, eta ekosistemetako oreka apurtzea.

Garbitzeko orbanik zailenetako bat belarrarena izaten da, ehunari gogor itsasten baitzaio.

Gasik gabeko urak ez du halako arazorik sortzen. Baina ez da orban-mota guztietarako soluzioa; izan ere, koipe-arrastoak garbitzeko balio du, baina ez beste gisa bateko orban zitaletarako, hala nola, txokolatea, belarra, esnea... Halakoak indar handiz itsasten zaizkio arropari, eta horiek garbitzeko behar-beharrezkoak dira gehigarri kimikoak.

Dena dela, aurrerapauso handia izan daiteke, ahalik eta gehigarri gutxien erabiltzeko bidea behintzat emango du, eta horrek esan nahi du garbigarri merke eta berdeago bat bidean izan daitekeela. Eta arropak ere ez du tratu handiegia hartuko garbialdi bakoitzean, koloreak eta ehundura mantenduko dira. Gasik gabeko uraren abantailak gure etxean frogatzeko aukerarik izango dugun... hori beste kontu bat da.

7K-n argitaratua.