}

Arrosaren lurrina eta oroimena

2007/04/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Usainek memoria pizteko eta oroitzapenak azaleratzeko ahalmena dute. Bestalde, loaldian gertatzen diren hainbat prozesu ezinbestekoak dira oroitzapenak iltzatzeko. Zientzialariek ez dute guztiz ezagutzen ez usaimenak ez loak oroimenean duten eragina, baina arlo horretan lan egiten duten neurologo alemaniar batzuek ikerketa interesgarri bat argitaratu dute: ikasten eta lotan ari zirela arrosaren lurrina zabalduta, hainbat boluntarioren oroimena hobetzea lortu dute.
Zientzialariek aspalditik dakite usainek oroimenean eragiten dutela.

Science zientzia-aldizkari ospetsuan plazaratu dute ikerketa, eta edonorentzat interesgarria izanagatik, ziur aski are interesgarriagoa izango da ikasleentzat. Hain justu, medikuntza-ikasleekin egin dute esperimentua neurologoek. Ikasleei memoria-joko bat eginarazi zieten ordenagailuan: pantailan agertzen ziren karten kokapena gogoratu behar zuten.

Ariketa egiten zuten bitartean, ikasleei arrosaren lurrina helarazi zieten, horretarako jantzita zuten maskararen bidez. Garuna inguruko usainetara laster egokitzen denez eta berehala ohartzeari uzten dionez, lurrina ufaka iristen zitzaien.

Ariketa egin eta ordu erdi geroago, ikasleak lotara joan ziren. Loaren fase jakin batean, ikasleen erdiei arrosaren lurrina eman zieten usaintzeko. Besteek usain berezirik gabe egin zuten lo. Hurrengo egunean kartak non zeuden galdetu zieten, eta amets lurrintsuak izan zituztenek kokapenen % 97 gogoratzen zituzten. Arrosa-usainik gabeko gaua igaro zutenek, aldiz, kokapenen % 86 asmatu zituzten.

Aldea nabarmena da, eta horrekin frogatu zuten usain batek, kasu honetan arrosa-lurrinak, memoria sendotzeko balio duela. Baina hori ez zen nahikoa; horren atzean dagoen mekanismoa ezagutu nahi zuten ikertzaileek.

Loaldi sakonean

Loaldian gertatzen diren hainbat prozesu ezinbestekoak dira oroitzapenak gordetzeko.

Neurologoen ustez, garunaren zati bat, hipokanpoa, oharrak biltzen dituen koaderno baten antzekoa da. Hor idazten dira egun batean bizitakoak edo ikasitakoak, “garbira pasatu” edo epe luzeko memorian gordetzen diren arte. Hain zuzen, loaldian pizten dira oroitzapen horiek eta pasatzen dira garuneko kortexera.

Ikertzaileek bazekiten usainek eragin handia dutela hipokanpoan, eta susmatzen zuten loaldian oroimenak sendotzen lagun zezaketela, baina ez edozein unetan: loaren REM fasean, adibidez, hau da, ametsak egiten diren garaian, usainek ez dute inolako eraginik oroimenean.

Hori berri txarra da ikasleentzat: azterketa-garaian hobeto ikasteko arrosa-lurrina erabiltzea ez da erraz-erraza. Baina, behintzat, jakinarazi dute noiz den usaina hartzeko une egokia; antza denez, loaldi sakoneko fasean egiten du lana hipokanpoak, eta orduan aprobetxatu behar da lurrina emateko. Hala, oroitzapenak sendo gordetzen dira epe luzeko memorian.

Ikasitakoa epe luzeko memorian gordetzen laguntzen dute usainek.

Horixe egin zuten, beraz, ikertzaileek: ikasleek buruan elektrodoak jarrita zituztela egin zuten lo, eta, uhinak aztertuta, ikertzaileek jakin zuten noiz zeuden loaldi sakonean. Une horretan, arrosa-lurrina, ariketa egiten ari zirenean usaindu zuten berbera, eman zieten usaintzeko erdiei. Haiek ez ziren usainagatik esnatu, eta hurrengo egunean ez zuten gogoratzen gauez arrosen usaina hartu zutela. Karten kokapena, ordea, primeran gogoratzen zuten, ezer berezirik usaindu ez zutenek baino % 11 hobeto.

Argi dago etxean esperimentua egitea zaila dela, eta, gainera, ez du edozein ikasketa-motatarako balio. Arrosa-lurrina alferrikakoa da, adibidez, pianoa jotzen edo bizikletan ibiltzen ikasteko, hipokanpoak ez baitu parte hartzen jardueren oroimenean. Hala eta guztiz ere, oroimenari eta ikasketari buruzko ikerketan pauso garrantzitsua eman dute Alemaniako neurologoek.

Deia-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia