Artikoko erregai-erauzketek permafrostean dute eragina ikertu dute
2022/04/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Jakina da lurraren tenpertura igotzeak permafrosta urtzea dakarrela, eta, horren ondorioz, era berean, berotegi-gasak igortzen dira atmosferara. Orain, eremu artikoko petrolio- eta gas-erauzketek inguruko permafrostaren urtzean nola eragiten duten aztertu dute Errusiako ikertzaile batzuek. Simulazioen bidez, azken 30 urteko jarduerari erreparatu diote, eta emaitzak bereziki baliagarriak dira, gero eta energia-konpainia gehiagok baitute Artikoa jomugan.
Geoscience aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Azaldu dutenez, eremu artikoko petrolio- eta gas-hobiak 100-500 metroko permafrost-geruza baten azpian daude. Hidrokarburo beroak lurzoru izoztuan zulatutako putzuan gora egin ahala, berotu egiten dira (100º C ere har ditzakete). Horren ondorioz, inguruko permafrosta desagertu egiten da, eta egiturak, putzua eta hodiak barne, jartzen ditu. Horrekin batera, permafrost desizoztuak metanoa askatzen du, bereziki, metanoz gainezka dagoen eremuetan, hala nola Siberia mendebaldeko iparraldean eta Yamal penintsulan. Ikertzaileen esanean, han dabiltza lanean Errusiako petrolio- eta gas-konpainia nagusiak.
Frogatu dute, 30 urtean, gas-putzu batek 10 metroko erradioan urtu dezakeela inguruko permafrosta eta 500.000 metro kubiko metano ere aska ditzakeela atmosferara. Gainera, ohartarazi dute azpiegiturak ere desegonkor bilakatzen direla, eta horrek suteen eta leherketen arriskua areagotzen duela. Arazo horiek erauzketa-azpiegituren diseinu egoki batekin leundu daitezkeela iradoki dute.
eu es fr en ca gl