}

Artikoko izotza minimo historikoan

2007/09/17 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Negua gerturatu ahala, Artikoko itsasoa izoztuz doa, eta bidea ixten die itsasontziei. Baina, Europako Espazio Agentziak (ESA) egindako neurketen arabera, garai honetarako gutxi izoztu da. Are gehiago, azken 30 urteetako minimoa neurtu dute, eta, harrigarria den arren, ontzien pasabide nagusiak ez daude erabat itxita.

ESAren Envisat satelitetik ateratako irudia da goikoa. Izoztutako itsasoa kolore berdexkaz nabarmendua dago; gris ilunez ikusten dena, berriz, izoztu gabeko itsas eremua da. Ikusten denez, itsasoko izotzak oraindik ez du bat egin lurrekoarekin, eta, ondorioz, itsasontziek erabiltzen dituzten bi bide nagusiak irekita edo ia irekita daude, Kanadaren iparraldeko kostatik barrena doan ipar-ekialdeko pasabidea (laranja) eta Siberia kostaldetik barrena doan ipar-mendebaldeko pasabidea (urdinez). Azken hori leku bakar batean dago itxita.

Aurreko minimoa 2005ean izan zen; eta, jakitera eman dutenez, orduan baino milioi bat kilometro karratu izotz gutxiago dago une honetan. Orain arteko datuei erreparatuta, Artikoko izotzak azken 10 urteotan ‘atzera’ egiten diharduela ondorioztatu dute, eta iragarri dute 2040-2070 urterako desagertu egingo dela, hau da, Artikoko itsasoa ez dela izoztuko neguan.

Argazkia: ESA.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia