}
Cristina Peña Rodriguez Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako ikertzailea

“Artilearen erabilpena ikertzeko orduan Beasaingo gazteek erakutsi duten gogoa eta neskek izan duten parte-hartzea azpimarratu nahi dut"

2024/05/08 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

Beasaingo Txindoki BHI ikastetxeko DBHko 3. mailako ikasleek, Cristina Peña Rodriguez  Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako ikertzailearen “Materialak eta teknologiak”  ikerketa-taldearekin batera, artilearen erabilera aztertu dute, “Gluoien Mahaia, gazteak inspiratzeko” proiektuaren barruan. Artilea azpiproduktu izatetik lehengai izatera iristeko aukerak ezagutu dituzte.

artilearen-erabilpena-ikertzeko-orduan-beasaingo-

“Materialak eta teknologiak” da zuen ikerketa-taldearen izena. Zeintzuek osatzen duzue taldea?

Gure ikerketa-taldean, 25 ikertzaile inguru gara. Iñaki Mondragon irakasle eta katedradunak sortu zuen taldea, 1988an. Gaur egun, Arantza Ezeiza da zuzendaria, eta hamahiru irakasle gaude, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako irakasleak denak, departamentu desberdinetakoak, gehienak kimikariak. Bestalde, badaude doktoretza-ondokoa egiten ari diren ikertzaileak, doktoretza egiten ari direnak eta gradu- eta master-amaierako lana egiten ari diren ikasleak ere.

Zer ikertzen duzue?

Gure helburua propietate berezidun materialak garatzea da, eta hainbat esparrutan aplikatzea.

Taldea sortu zenean, polimero sintetikoekin egiten genuen lan batik bat. Polimero sintetikoak, edo, kalean esan ohi dugun bezala, plastikoak. 2000. urtean, tesiarekin hasi nintzenean, iturri berriztagarrietatik eratorritako materialak hasi ginen aztertzen; zuhaitzetatik edo hainbat landaretatik eratorritakoak, olio naturalak, etab. 2012. urtean, Arantza Ezeizak taldearen zuzendari kargua hartu ostean, birziklatze-prozesuak aztertzen hasi ginen. Hau da, birziklapenerako balioko zuten lehengai berriak. Zentzu horretan, gure ikerketa artilean zentratu da batik  bat. Lan asko egin dugu artilearekin. Izan ere, ardiek ekoizten duten ilea da artilea, eta berriztagarria da. 

Zer lanketa egin duzue orain arte?

Hausnarketa batetik hasi zen proiektua. Materialen artean, ikusten genuen landareetatik eratorritako zuntzak erabili ohi zirela; esaterako, sisal, jute edota kalamutik eratorritako materialak. Horietako gehienak, ordea, ez dira Euskal Herriko landareak. Hemengo  material-aukerak aztertuz, lanketa askoren ostean, Fraisoro Eskolarekin batera iritsi ginen artilera. Ardi latxaren artilea aprobetxatzeko aukerak ikertzen ditugu.

Artilea, alde batetik, zuntz bezala erabil daiteke, material konposatuak ekoizteko, errefortzu bezala. Eta, bestetik, lanolina du kanpotik, ileak duen olio moduko hori, gure ileak ere baduena. Baita keratina ere. Propietate horiek kontuan hartu ditugu, aztertu eta hainbat arlotan aplikatzeko. Horien artean, eraikuntzan.

Izan ere, Euskal Herrian ardi asko dugu. Zer egiten da artilearekin?

Oro har, ardi latxaren artilea bota egiten da. Euskal Autonomia Erkidegoan, esaterako, 300.000 ardi baino gehiago daude, eta, ardi bakoitzeko 2,5-3 kg artile lortzen direla kontuan hartuta, urtero 750-900 tona artile sortzen dira.

Ardi latxaren artilea latza da. Jantzietan erabili izan denean, baserritar-jantzietan, esaterako, oso ohikoa izaten da azkura sentitzea. Erosotasun falta horregatik, eta bestelako material sintetiko eta merkeagoak sortu zirelako, artilea baztertu egin zen gure erabileretan. Baita koltxoiak edo alfonbrak egiteko ere.

Artzainek diote duela urteak artilea erosi egiten zietela. Gaur egun, ordea, artzainek ordaindu egin behar izaten dute artilea kentzeko. Hondakin gisa erabili ohi da.

Gaur egun, geroz eta kudeaketa gehiago egiten dira erabilera bat bilatzeko. Badakit hainbat proiektu ari direla martxan jartzen. Esaterako, Baztanen, programa bat dago martxan, mankomunitateen artean jasotze-prozesu hori egiteko. Nafarroan bertan, enpresa batean, artilea isolamendu  gisa erabiltzen hasi ziren, besteak beste, hezetasuna kontrolatzeko. Ternua enpresak ere “ARTILESHELL” izeneko jantzietan erabiltzen du ardi latxaren artilea.

Baina, orokorrean, artile gehiena hondakin gisa tratatu ohi da.

Azken hilabete hauetan, zuen ikerketan murgildu dira  Beasaingo Txindoki BHIko gazteak. Zer egin dute?

Hori da. Interesgarria iruditu zitzaigun beraiekin batera aztertzea igeltsua eta artilea nahasteak zer propietate interesgarri emango zituen.

Lehenengo saioan, euren institutura joan eta erronka bota genien. Artile- eta igeltsu-konposizio desberdineko probetak egin zituzten, probetek jasan zitzaketen pisuak ikusteko. Probeta batzuk egiteko, igeltsua soilik erabili dute, eta, beste batzuetan, igeltsua eta artilea nahastu dituzte.

Ondoren, erresistentzia ikusteko, kubo bat jarri dute zintzilik probetatik. Pixkanaka pisua gehitzen joan dira, probeta hautsi arte. Horrela, ikusi dute zein konposaketa den indartsuena, eta, beraz, propietate onena duena. Anekdota gisa, aipatu nahi dut probeta haustea lortzen ez zutenez sormena erabili behar izan zutela. Gazteek euren pisua erabili zuten, eta, hainbat probaren ostean, bi neskaren pisua jasatera iritsi zen probeta.

Bigarren saioan, gure laborategietan egon dira. Institutuan sortutako probeta horiek ekarri dituzte, laborategiko makinetan probatzeko. Gainera, uste dut bisita honek balio lezakeela unibertsitateari izan diezaioketen beldurra kentzeko.

Azkeneko saioan, institutura itzuliko gara, eurekin hausnarketak partekatu eta ondorioak ateratzeko.

Ikerketaren emaitzak Elhuyar Zientzia Azokan, Bilbon eta Gipuzkoan, aurkezteko aukera izango dute gazteek. Zer garrantzi du horrek?

Ikergaia edozein dela ere, halako proiektuak oso garrantzitsuak dira gazteen artean ikerketa-grina sustatzeko. Azoketan ahalduntze bat gertatzen dela esango nuke. Hau da, gazteek sinesten dute ikerketa hori eurek egin dutela. Gainera, azoketako aurkezpenei esker, gaia bera kalera ateratzen dute eta bertaratzen diren herritarrei arazoaren berri ematen diete. 

Nola aurkezten diezu zeure burua gazteei? Zer ematen dizu zuri?

Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile naizela esaten diet. Nire pasioa materialen garapena eta lehengaien erabilpen ahalik eta efizienteena direla.

Niri ilusio handia egiten dit gazteekin lan egiteak, euren ilusioa eta motibazioa transmititzen didate. Denetarik egoten bada ere, beti daude aho-zabalik entzuten zaituzten gazteak. Esaterako, erronkaren hasieran, galdetu genien: “Nondik ateratzen ditugu lehengai guztiak?”. Azaldu genien Lurra dela gure despentsa bakarra eta urteko 100 giga tona ateratzen ditugula bertatik. “Zenbat urte iraungo du Lurrak horrela?”. Aho bete hortz geratu ziren. Horrelako baieztapenek ikerketarako grina pizten diete. Unibertsitateko ikasgeletan, oro har, kuriositate eta ilusio hori galtzen dela esango nuke.

Bestalde, guretzako aukera ederra da gure ikerketa laborategitik kanpora ateratzeko. Bestela, ez dugu gazteekin, eta gizartearekin, oro har, harremanik izaten. Proiektu honek motibazioa eta indarra eman digu. Zentzu horretan, eskerrak eman nahi dizkiot Elhuyarreko lantaldeari eta Joseba Aldasoro Galan Elhuyarreko teknikariari.

Zer zeregin dute prozesu honetan guztian irakasleek?

Kasu honetan, Ainhoa Izagirre, irakaslea, gazteen gida izan da. Bera egon da gurekin harremanetan, kudeaketa-lanak egiten eta gazteei jarraitu beharreko urratsak helarazten. Gu hiru aldiz egon gara gazteekin, baina saio horien artean gazteek lanketa handia egin dute. Pertsona egokiak topatzea da giltza, eta, kasu honetan, asmatu dugu. Plazera izan da Ainhoa Izagirrerekin lan egitea.

Beasainen egin duzue ikerketa honen proba pilotua. Etorkizunera begira, interesgarri jotzen duzue EHko ikastetxeek zuen ikerketa ezagutzea eta halako proiektuetan parte hartzea?

Jakina baietz. Aurtengoa proba pilotu modukoa izan da, eta oso gustura errepikatuko nuke. Oraingo honetan igeltsuarekin erabili dute artilea, baina beste ikuspuntu batzuk ere landu genitzake proiektuan.

Oso interesgarria da, batetik, zientzia maila teorikotik harago lantzen dutelako. Gaur egungo gizarte-erronkei aurre egiteko, beharrezkoa izango da gazteek bestelako konpetentziak garatzea.

Gainera, zientzia garapen jasangarrirako beharrezkoa dela ikusten dute. Kontuan izan behar dugu inguruan zer dugun eta hori nola aprobetxa dezakegun. Zentzu horretan, ekonomia zirkularraren ideia behin eta berriz azpimarratu diegu.

Bizitako esperientzia honetatik zer nabarmendu nahiko zenuke?

Artilearen erabilpena ikertzeko orduan Beasaingo gazteek erakutsi duten gogoa eta neskek izan duten parte-hartzea azpimarratu nahi dut. Ikasleen artean, gehiengoa neskak izan dira. Mutil bakarra egon da taldean. Ez genuen espero hain talde femeninoa. Beraz, gogorarazi nahi dut zientzia badela nesken kontua.

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia