}

Artizarra bai bitxia!

2001/06/14 Elhuyar Zientzia

Artizarrak maitasunaren eta edertasunaren jainkosa erromatarraren izena du, eta antzinatik da ezaguna. Eguzkia eta Ilargia kenduta, zeruan ikus dezakegun gorputz dirdiratsuena da. Planetan erromantikoa da, eta bitxia ere bai.

Denbora gehiago behar du bere buruaren inguruan bira bat emateko Eguzkiaren inguruan orbita osoa egiteko baino: 243,09 egun 224,7 egunen aldean. Gainera, beste planeta guztiek duten noranzkoaren kontrakoan biratzen du bere buruaren inguruan. Goitik begiratuta, ordularien orratzaren kontrako noranzkoan biratu ordez (Lurrak bezala), noranzko berean biratzen du. Artizarraren "errotazio atzerakoiaren" zergatiak lausoak dira. Antzinako ohiz kanpoko eta zorizko gertakari bati egozten zaio. Nature aldizkarian gaur argitaratu denez, ordea, gertakari hura ez zen hain zorizkoa izan. Ikerketa parisko Astronomia eta Sistema Dinamikoak erakundeko Alexandre Correla-k eta Jacques Laskar-ek egin dute.

Eguzki-sistemaren barnealdeko planetek (Merkurio, Artizarra, Marte eta Lurra) errotazio-ardatzak okertuta dituzte. Aurreko ikerketa batean, bi ikertzaile horiak aldaketa txikiek ardatzen zorizko fluktuazioak eragin zitzaketela erakutsi zuten eta planeten errotazioa aldaketa txikiekiko oso sentibera zela. Ezagutza horietan oinarrituta, Artizarraren errotazio atzerakoia azaltzeko teoria plazaratu zuten. Correla eta Laskar-en ustez, Artizarraren atmosfera sendoak eragindako mareek planetaren errotazioaren noranzkoa aldatu izana posible zen, baina horretarako beharrezkoa zen planetaren ardatza oso okertuta egotea.

Ikerketarekin jarraitu eta gaur beste ondorio batzuen berri eman dute. Mareen eta Artizarraren barne-mugimenduen datuekin simulazioak egin dituzte. Hasierako baldintzak aldatuz, errotazioarekin zer gertatzen zen aztertu eta, kasu gehienetan, errotazio atzerakoia bestea baino egonkorragoa dela ikusi dute. Ikertzaileen ustez, Artizarraren errotazio atzerakoia zorizkoa baino gehiago, halabeharrezkoa da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia