Artizarrean gaur egun sumendi aktiboak egon daitezkeela baieztatu dute
2020/01/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
1990ko hamarkadan, Artizarrak sumendi ugari dituela erakutsi zuten Magallanes zundaren radar bidezko irudiek, baina ez zekiten aktibo ote zeuden ala aspaldi itzalita, Marten gertatzen den bezala. Hamar urte geroago, Venus Express zundak erradiazio infragorriz egindako behaketek erakutsi zuten bazeudela jarduera bolkanikoa daukala esateko zantzuak. Eta, orain, frogatu dute laba-jario oso gazteak dituela.
Ondorio horretara iristeko, Artizarreko atmosfera sortu zuten laborategian, eta planetaren azaleko mineralak denborarekin nola eraldatzen diren ikertu dute. Horrela, ikusi dute olibinak (erupzioetan sortzen den mineral bat) azkar erreakzionatzen duela atmosferarekin, eta magnetitaz eta hematitaz estaltzen dela. Laborategiko aldaketak bat egiten du Artizarrean behatutakoarekin. Hortaz, ikerketek iradokitzen dutena egia bada, eguzki-sisteman gaur egun jarduera bolkanikoa duen bigarren planeta izango litzateke. Science Advances aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia