}

Artoa erabilgarria da industria kimikoan

2001/11/26 Elhuyar Zientzia

Gizakiak aspalditik erabiltzen du artoa elikagai gisa, bai artaburua bera inolako aldaketarik gabe, bai prozesatuta, besteak beste olio, irin, gosaritarako krispeta edo bestelako janari eratorri moduan. Horretaz gain, abere-pentsuak egiteko ere lehengai erabilienetakoa da. Orain, Wisconsin-Madisoneko Unibertsitateko ingeniari kimikoek aurkeztu duten prozesu katalitikoaren bidez, ibilgailuen izotz-kontrakoan eta detergente likidoetan dagoen gai kimiko bat lortzeko ere erabil daiteke.

Polipropilen glikola petroliotik lortzen da, eta oso erabilia da mundu osoan; adibidez, AEBetan urtean 450 tona baino gehiago gastatzen dute. Prozesu berriari esker, iturri berriztagarria erabili ahal izango da, eta prozesua asko merkatuko da. Izan ere, aurkeztu duten teknologiak eraginkortasun handiagoa lortzen du eta albo-produktu gutxiago azaltzen dira.

Prozesua artotik eratorritako glukosaren hartzidurarekin hasten da. Horrela, azido laktikoa lortzen da. Azidoa bereizi eta araztu ondoren, hidrogenoa duen inguruan kobrezko katalizatzaile baten bidez lortzen da polipropilen glikola. Ingeniarien esanean, orain arte nekazaritza-produktuetatik erabilpen industrialetarako olioa ateratzen zen; beraz, aurrerapauso hori emateko duela 70 urtetik ezagutzen diren oinarrietatik abiatu dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia