Asko gutxietsi da gizakiak itsasoan eragindako petrolio-isurien kutsadura
2022/06/17 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain arteko estimazioek zioten itsasoko azalean dauden hidrokarburoen ia erdia itsas hondoko petrolio-biltegi naturaletatik iragazitakoa zela. Baina Nanjing Unibertsitateko (Txina) geologoek egindako ikerketaren arabera, % 6 baino ez da itsas hondotik naturalki iragazitakoa. Gainerako % 94ak jatorri antropogenikoa du.
Ez da erraza petrolioaren orbanak monitorizatzea eta estimazio fidagarriak egitea. Izan ere, orbanak etengabe eraldatzen dira eta ozeanoaren azalera oso handia da. Geologo txinatarrek, ordea, 450.000tik gora petrolio-orban monitorizatu dituzte satelite-irudien bidez, eta ikusi dute 1,5 milioi kilometro karratu baino gehiago daudela marea beltzaz estalita, Frantziaren azaleraren halako bi. Orban gehienak kostatik 160 km-rako tartean dauden uretan, petrolio-plataformen inguruan eta nabigazio-bideetan azaltzen direla adierazi dute.
Orbanak geruza mikroskopikoki finak izanik ere, itsas bizidunei eragiten dien estres kimikoa handia dela gogorarazi dute. Science aldizkarian argitaratu dute ikerketa.