}

"Asmakizunak dira beharren gurasoak eta ez alderantziz"

2003/02/11 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Arthur Körnberg-ek oinarrizko ikerketaren aldeko apustua egin zuen Bilbon IT4ALL kongresuan . DNAren egitura aurkeztu zela 50 urte betetzen direla ospatzeko, DNAri eta zientziaren dibulgazioari jardunaldia eskaini zioten kongresuan. Goizeko saioa Arthur Körnbergek hasi zuen. Körnberg DNA in vitro sintetizatzen lehena izan zen eta Medikuntzako Nobel saria jaso zuen 1959an, Severo Ochoarekin batera.
Arthur Körnberg DNA in vitro sintetizatzen lehena izan zen

Arthur Körnberg Severo Ochoaren ikaslea izan zen New York College of Medicine eskolan eta hark kutsatu omen zion entzimekiko zaletasuna. Izan ere, Körnbergek entzimak erabili zituen DNA kate txiki bat in vitro hazi eta molekula luze bat lortzeko.

Artean DNAren egitura ezezaguna zen, nahiz eta herentzian funtsezko rola jokatzen zuela jakin. Baina Körnberg ez zuten egiturak edo herentziak bultzatu DNA ikertzera, entzimekin maiteminduta zegoelako ikertu zuen DNA katea. Bere irakasleak lehenak izan ziren azukre-unitateak gehitu eta almidoiaren moduko polimeroak luzatzen, eta, haien lanean oinarrituta, DNA katearekin gauza bera egin nahi izan zuen Arthur Körnbergek. "Ez nintzen Watson-en eta Crick-en ikerketek eraginda lanean ibili, nik entzimak aurkitu nahi nituen soilik" esan zuen prentsaurrekoan.

DNA katea luzatzen lehena

Körnbergek 1954-55 urteetan aurkitu zuen bila zebilena: DNA katea luzatzeko gai zen entzima. Baina ez zuen aurkikuntza sinplea egin, "entzima hark lau baseak eta DNA katea bera behar zituen lan egin ahal izateko". Aurkikuntza hark, nolabait, Watsonek eta Crickek proposatutako egituraren alde egin zuen, baina baita gehiago ere. "DNA kopiatzea bakarrik ez, DNA konpontzea posible egiten zuen makineria argitu genuen" nabarmendu zuen Körnbergek. "Entzimei jarraituz, prozesu biologikoak hobeto ulertzea lortu genuen".

Euskalduna Jauregian emandako hitzaldian, dena dela, bere ikerketez gutxi hitz egin zuen. Genomika eta bioteknologiaren iraultzaz aritu zen gehiago. "DNA ikertzen hasi ginenean inork gutxik imajinatu zuen XX. mendeko zientziaren ikur bihurtuko zenik" aitortu zuen. "Duela 30 urte ez nukeen bioteknologia iragarriko".

Körnbergek hari horri heldu zion oinarrizko ikerketarentzat diru eta ahalegin handiagoak eskatzeko.

Planifikaziorik ez

Zientziaren historia espero ez ziren aurkikuntzez betea dagoela bota zuen eta, denbora askoan, zientziaren planifikazioa planifikaziorik eza izan zela esan. "Etorkizuna ezin da iragarri, baina oinarrizko ikerketa etorkizunerako bermea da" nabarmendu zuen.

Bioteknologiak oinarrizko ikerketan eragin handia izan duela komentatu zuen, eta horrek kezka sortzen diola. Haren esanean, bioteknologian diru asko jarri da eta negozioa ikerketen gainetik nagusitzeko arriskua dago, industriak ikergaiak inposatzeko arriskua.

Körnbergen ustez, ezin da ikerketa industriaren esku utzi; "haiek dirua egiteko daude, eta, beraz, gobernuek hartu behar dute oinarrizko ikerketa egiteko erantzukizuna". Epe luzera ere begiratu behar da.

Hitz horien ostean, ordea, europarrak gogor kritikatu gintuen elikagai transgenikoen aurrean Europan nagusitu den jarreragatik. Hitzez hitz esan zuen "Europa paralizatuta dago transgenikoekiko duen jarrera ergelaren erruz". Ingeniaritza genetikoa segurua dela eta hirugarren mundua elikatzeko aukera bakarra dela ere esan zuen. Horretan, antza, bioteknologia-konpainiek ez dute inolako diru-goserik.

DNAren aurkikuntza 50 urte geroago

Arthur Körnbergen hitzaldiaren ondotik, mahai-ingurua izan zen. Bertan, berriz aipatu ziren elikagai transgenikoak. Mahainguruan Hans Jörg Rheinberger, Brenda Maddox eta Robert C. Olby izan ziren, eta azken honen arabera, hausnarketa transgenikoak bai ala ez baino sakonagoa da: "gizakiok natura zenbateraino eraldatu nahi dugun erabaki behar dugu".

Robert Olbyk genetika eta biologia molekularrari buruz ikertu du eta gaur egun irakasle emeritua da Pittsburg Unibertsitateko Filosofia eta Zientziaren Historiako departamentuan. Britainiarra da, ordea, jaiotzez eta halako umorea erakutsi zuen mahai-inguruan.

DNAren egitura aurkeztu ondoren, aurkikuntzak berak hurrengo urteetako zientzia-aldizkarietan izan zuen oihartzunaz aritu zen. Grafikoen bidez azaldu zuen Watsonen eta Cricken aurkikuntza zenbat bider aipatu zen hurrengo urteetako Science eta Nature aldizkarietako artikuluen erreferentzietan, eta, harrigarria badirudi ere, kopuruak ez ziren oso handiak.

Gerora zientziaren mugarritzat hartu den aurkikuntzak ez zuen DNA ikertzen ari zirenen artean horrenbesteko jarraipenik sortu. DNAren inguruan argitaratu ziren ikerketa guztietatik oso gutxik egin zioten orduan erreferentzia egiturari.

DNAren emakume iluna

Brenda Maddox. kazetari honek DNAren emakume ilunardden biografia idatzi du

Olbyren aurretik Brenda Maddox kazetaria mintzatu zen. Maddoxek Rosalind Franklin-en biografia idatzi du, DNAren egitura aurkitzeko funtsezkoa izan zen arren, historiak ahaztuta eduki duen emakumea.

Watson-ek DNAren emakume iluna deitu zion bere liburuan eta, aipamen hartatik tiraka, tirabiraz jositako istorio bat berregin du Maddoxek. Franklin oso emakume argia izan zen eta, neurri handi batean, berari zor diote Watsonek eta Crickek DNAren egitura, baina Franklinek oso harreman txarra izan zuen Maurice Wilkins-ekin, King's College-ko beste ikertzaile bat, eta, hark, azpijokoz, emaitzak ostu eta beste biei eman zizkien. Franklin oso gazterik hil zen minbiziak jota, eta ospea zein Nobel saria Watsonek eta Crickek jaso zuten, Wilkinsekin batera.

Goizeko mahai-inguruko hirukotea Hans Jörg Rheinbergerrek osatu zuen, Berlingo Max Planck Zientziaren Historiaren Institutuko zuzendariak. Rheinbergerrek, besteak beste, DNAren ikerketaren historia eta gorabeherak aipatu zituen. Iritzi kritikoa izan zen berea. Adibidez, Giza Genoma proiektuaren kritika egin zuen, erabat bukatu baino lehen ikerketaren amaiera iragarri eta zientziaren esparruan egon behar zena ekitaldi publiko bihurtu zutelako.

Euskalduna Jauregian egon ez zen gonbidatu batek ere hitz egin zuen goizean. Francis Crickek etorri ezin eta bideo baten bidez egin zigun ongietorria.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia