}

Asmatikoei satelite bidez lagundu

2006/02/19 Lasa Oiarbide, Aitzol - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Josebak egunero egiten du oinez Indautxu auzotik zazpi kaleetarako bidea. Batzuetan, Urkixo zumarbidetik joaten da Plaza Biribilera, ondoren zubia gurutzatzeko, Areatza aldera. Beste batzuetan, aldiz, Autonomia kalea zeharkatzen du Zabalburu plazara, eta, gero, San Frantzisko auzoan behera egiten du. Ibilbide horiek, ordea, ez ditu zoriz aukeratzen.
ESAren sateliteek espaziotik aztertzen dute Europa.

Josebak asma dauka, eta, egunero, abisu bat jasotzen du bere sakelako telefonoan. Mezu horretan azaltzen zaio zer poluzio- eta ozono-maila espero diren Bilboko kale eta auzuneetan hurrengo egunerako. Informazio horri esker, Josebak ibilbiderik egokiena aukera dezake biharamunerako, edo erabaki dezake zer botika hartzea komeni zaion. Izan ere, poluzio- eta ozono-maila altuek asko gaiztotu ditzakete Josebarena bezalako arnas bideetako gaixotasunak.

Josebaren sakelako telefonora iritsi den mezua ESAren – Europako Espazio Agentzia –zerbitzua da. Satelite bidez Europako poluzio- eta ozono-mailak neurtzen dituzte, eta, ondoren, Bilboko kaleetan neurtutako trafiko- eta poluzio-mailekin osatzen da informazio hori.

Zientzia-fikzioa? Bilbotarren izaera? Bada, zerbitzu hori indarrean dago jada, ez Euskal Herrian, baina bai Londresko Croydon auzunean.

ESAren Promote proiektua

Hiri handietako poluzioak areagotu egiten ditu arnasbideetako gaixotasunak; asma, kasurako.

Londresko Croydon auzoan martxan jarri duten proiektuak PROMOTE izena du, eta, proiektu horretan, Europako hainbat erakundek dihardute elkarlanean. Oinarrian, ESAren sateliteek jasotako informazioa dago. Satelite horiek Europa guztiko poluzio- eta ozono-mailak neurtzen dituzte.

Ondoren, Frantziako Ekologia Ministerioko PREV’AIR erakundean jasotzen dute informazio hori, ordenagailu bidez tratatzen dute eta ereduak sortzen dituzte. Gerta daiteke Europako punta batean poluzio-hodei bat sortzea eta haize-laster batek poluzio hori kontinenteko beste puntara garraiatzea. Bada, ereduei esker, gai dira hori ikusteko.

Gero, kanpotik Croydon auzunera etortzea espero den poluzio balioesten du Ingalaterrako YourAir erakundeak, eta balioespen hori Croydongo bertako poluzio- eta ozono-neurketekin osatzen du. Hala, 350.000 biztanle inguruko auzo horren mapa bat osatzen dute, eta hor posible da kalez kaleko balioespenak ikustea.

Azkenik, informazio hori interesa duen jendeari bidali behar zaio, eta horretaz AirText enpresa pribatua arduratzen da. Nolabait, telefono edo ordenagailu baten jabe den edonor egin daiteke zerbitzuaren erabiltzaile, eta mila bat pertsona daude une honetan izena emanda. Erabiltzaileak mezu bat jasotzen du, non hurrengo egunerako Croydonen espero diren poluzio- eta ozono-mailak azaltzen diren, kalez kale. Mezua sakelako telefonoan jaso dezake, etxeko erantzungailuan edo posta elektronikoz.

Zerbitzua asmatikoentzat

Urtarrilaren 26ko iragarpena Croydonen.

Badakizu, beraz. Asmatikoa bazara eta Londresa baldin bazoaz, jakin ezazu Croydonen lasai asko ibil zaitezkeela. Horretarako, Croydongo Udalaren web gunean sartu besterik ez dugu, eta AirText zerbitzuan izena eman. Eta asmatikoa bazara baina ez baduzu Londresa joateko inolako asmorik, jakin ezazu PROMOTE proiektua proiektu pilotua dela, eta, lehenago edo geroago, Europa guztira zabaltzeko asmoa dutela.

Josebak lasai asko aukeratzen ahalko du Indautxutik Zazpi Kalerako bidea, arnasteko arazoak izango dituen edo ez arduratu gabe. Horretarako, etorkizunean, Bilboko Udalaren web gunean izena eman besterik ez du egin beharko. Agian bai.

7K-n argitaratua.