Asteroideen mehatxua
1990/09/01 Arregi Bengoa, Jesus Iturria: Elhuyar aldizkaria
Iazko abuztuan 1989 FC asteroidea Lurraren ondotik pasatu zen; lau milioi km-ra. Elhuyar-eko 29. aleko gure atalean horren berri ematearekin batera horrelako gorputzaren kolpeak Lurrean eragingo zukeen hondamena ere deskribatu genuen. Adibide gisa, dinosauruen desagerpena azaltzeko teoria ere aipatzen genuen. Dirudienez, meteorito baten talkak harrotutako hautsak eragindako negu luzea izan zen dinosauruak desagertzearen arrazoia (orain dela 65 milioi urte, Lurrean 100 milioi urte baino gehiago bizi ondoren).
Artikulu berean, 1989 FC asteroidearen orbitari buruz eginiko azterketa batzuen berri ere ematen genuen. Ondorioak nahikoa kezkagarriak ziren, asteroideak Lurrarekin talka egin lezakeela baiezten zutelako. Kasu konkretu hau aipatu ez badute ere, Clark Chapman eta David Morrison ( Cosmic Catastrophes liburuaren egileak) arazo honetaz aritu dira artikulu batean. Beren ustez, Lurretik zibilizazioa desagerteraz lezakeen honelako “istripua” aurrikustearen beharra ez dago behar duen tokian nazio eta nazioarteko lehentasunen zerrendan.
1980ko ekainean NASAren Advisory Council delakoak antolatutako symposiumean, besteak beste arazo hau eztabaidatu zen. Hurrengo urtean Jet Propusion Laboratory-ri eskatutako azterketa baten emaitzak aurkeztu ziren. Emaitzetan honako hau nabarmen dezakegu: guretzat erabat ondorio hondagarriak izango lituzkeen talka gertatzeko urteroko probabilitatea hirurehun milatik batekoa da (pixka bat handiagoa ere izan liteke, edo kasurik baikorrenean, milioitik batekoa). Beste ere batera esanda, pertsona baten bizitzaren batezbesteko denboran talka gertatzeko aukera sei milatik batekoa da.
Datu hauek Lurraren osotasunari dagozkio, baina honelako katastrofea gertatuz gero, denok izango ginateke kaltetuak, talkaren ondoriz hil ala ez. Horregatik pertsona bakar batek honelako hondamenean parte izateko duen probabilitatea uste baino handiagoa da. Adibidez, gutxi gorabehera, elektrokuzioz hiltzekoaren bestekoa da, edota hegazkin-istripuz hiltzekoa baino zenbait aldiz handiagoa. Beraz, gezurra badirudi ere, ez dira edonola arbuiatzeko zenbakiak.
Jet Propulsion Laboratory-k eginiko kalkulu hauek, NASAk aipatutako symposiumaren ondorioz martxan jartzea proposatu zuen “Project Spacewatch”en lehenengo pausoa izan ziren. Helburua Lurrari mehatxu egin liezaioketen asteroide eta kometak aurkitzeko gai liratekeen radar eta teleskopio optikoak eraikitzea zen. Bigarren pausoa, noski, erantzun-sistema diseinatzea izango litzateke. Talka posiblearen aurrean gorputzarekin topo egin beharko lukeen misio espaziala bidali beharko litzateke, astroa talka-ibilbidetik desbideratzeko (saihetsean bonba leherteraziz agian).
Arazoa erabat premiazkotzat hartu beharrik ez badago ere, gehiegi luzatu gabe aztertu beharrekoa da. Lehenengo eta behin, bultzada berria eman beharko litzaioke Project Spacewatch-i. Hasiera batean jotzaile posibleak aurkitzeko sistemak garatzeko eta ondoren, erasoa saihesteko metodorik egokiena zein den argitzeko.
Aipatutako zientzilarien ustez, etxeko suteen aurkako aseguruak kontratatzeari edo loteria jokatzeari interesgarri baderitzogu, guztiz logikoa da zerutik etor lekigukeen erasoari aurre egiteko inbertitzea.
EGUZKIA: Urriaren 23an Scorpius-en sartzen da.
ILARGIA: Urriaren 4ean PLANETAK:
|
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia