}

Astrazenecaren txertoaren afera argitu zain

2021/03/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

astrazenecaren-txertoaren-afera-argitu-zain
Astrazenecarekin txertatzeari utzi diote hainbat herrialdek, txertoak tronbosiekin zerikusirik ote duen argitu arte, nahiz eta erakkunde nagusiek txertaketekin jarraitzea gomendatu duten. Arg. Marco Verch/CC BY

Astrazenecaren txertoaren inguruan azken egunotan sortutako albisteek zalantza eragin dute herritarren artean; bereziki, zenbait herrialdek txerto hori jartzeari uzteko erabakiak sortu du kezka.

Austria izan zen txertaketa eteten lehena. Zehazki, Astrazenecaren txertoaren ABV5300  sorta bat geldiarazi zuen, txerto hori jarri zutenen artean bi gertakari tronbotiko izan zirelako. Badaezpada ere, txertoaren eta tronboen arteko erlazioa ikertzen hasi ziren, eta Europako Sendagaien Agentziak (EMA) ere hartu zuen ikertzeko ardura.

Hain zuzen, hainbat erakundek dute botiken ondorioei jarraipena egiteko ardura, hasi erkidegoetakoetatik eta Europa edo nazioartekoetaraino. COVID-19aren txertoen kasuan, EMAk erabakitzen du zein txertori eman populazioari jartzeko baimena, segurtasun- eta eraginkortasun-irizpide zientifikoetan oinarrituta. Irizpide horiek gainditzen lehenak RNA mezularian oinarritutako bi txerto izan ziren: Biontech-Pfizerrena lehenengo, eta Modernarena gero. Atzetik etorri zen Oxford-Astrazenecarena, eta, ordurako, Erresuma Batuan harekin ari ziren txertatzen populazioa. 

EMAK baimendutako txerto guztiek larrialdiko baimena dute, eta oso jarraipen zorrotza egiten zaie. Austriak eta, ondoren, beste herrialde batzuek hartutako erabakiaren aurrean, EMAk garbi adierazi du oraingoz ikerketek ez dutela erakutsi loturarik dagoenik Astrazenecaren txertoaren eta tronbosien artean. 

Are gehiago: txertaketekin hasi zirenetik, txertatutakoen artean izandako tronbosi-kasuak ez dira lehen zeudenak baino gehiago, ezta txertatu gabekoen artean izandakoak baino gehiago ere. Ezohiko trobosiak dira batzuk, tronbosi benoso zerebralak, eta halakoak 11 izan dira Europar Batasunean, eta 3 Erresuma Batuak. Jarritako dosiak, berriz, 17 milioi izan dira guztira: 6 Europar Batasunean eta 11 Erresuma Batuan. 

Hau da, estatistikoki ere ez dago arrazoirik txertoak eta tronboek erlaziorik dutela pentsatzeko, eta hori bera berrretsi dute bai Tronbosi eta Homeostasi Nazioarteko Elkarteak (ISTH), bai Erresuma Batuko Sendagaien Agentziak (MHRA) (han eman diren txerto gehien-gehienak Astrazenecarenak dira).

Horrenbestez, ikerketek erlazio hori sakon aztertu eta argitu bitartean, txertaketarekin jarraitzea gomendatu dute nazioarteko elkarteek, hasi Osasunaren Mundu Erakundetik eta EMAraino. Izan ere, onurak (SARS-CoV-2 birusaren ondorioetatik babestea) arriskuak baino askoz ere handiagoak dira. 

Edonola ere, txertatutakoetan izandako gertakari tronbotikoak ikertzen ari dira, eta, behin betiko emaitza jakinda, ikusiko dute beharrezkoa ote den aldaketarik egitea Astrazenecaren txertoaren indikazioetan. Ostegun honetan, hilaren 18an, emango ditu emaitzak PRACk, EMAren Farmakozaintzaren Arriskuen Ebaluazio Batzordeak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia