Astronautaren bizimodua ez da erraza, alajaina!
2005/07/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Galdetu al diozu inoiz zure buruari nola joaten diren komunera, zer jaten duten edo nola garbitzen diren? Ez da burutazio arraroa, askok dute jakin-min bera. Izan ere, egunero egiten ditugun gauza sinpleenak ere, hor goian, espazio-ontziaren barruan, desberdinak izan behar dutela sumatzen dugu. Eta hala da.
Adibidez, komunera joatea ez da Lurrean bezain erraza, ezta gutxiagorik ere. Lurrean, hondakin solidoak zein likidoak lurrera joaten dira, grabitate-indarrari esker. Uraren bidez urrutira eraman eta kito, dena garbi. Espazioko mikrograbitatean, ordea, hondakinek flotatu egiten dute, gainerako gauzek bezalaxe. Arazo hori konpontzeko, hainbat saio egin dituzte ingeniariek, eta, bidean badira ere, oraindik ez dute guztiz gainditu.
Hori bai, aurrerapauso handiak eman dituzte. Izatez, hasierako bertsioa ez zen oso sofistikatua; are gehiago, hasiera-hasieran ez zuten ezer aurreikusi. Barruan gizakia zeraman lehen espazio-ontzi estatubatuarra 1961ean atera zen orbitara, baina ez zuen orbita oso bat egin behar, ordu-laurdeneko hegaldi labur bat besterik ez zen. Horregatik, inori ez zitzaion bururatu komun bat jartzea. Hamabost minutuko misio batean ez zela horrelakorik beharko uste zuten. Alabaina, jaurtiketa asko atzeratu zen.
Ondorioz, Shepard astronauta orduak eta orduak egon zen ontziaren barruan, bere tokitik mugitu gabe, espazioratzeko prest, eta telebista-kameraz inguratuta. Ezin zuen ontzia utzi bere behar fisiologikoei erantzuteko; beraz, pixa han bertan egitea beste aukerarik ez zuen izan. Baina ez zen oharkabean geratu. Izan ere, kontrolekoak astronautaren bihotzaren jarduera aztertzen ari ziren, eta, horretarako, zenbait elektrodo jarri zizkioten bularrean.
Gernua astronauta-jantziaren barruan hedatzean, elektrodoak busti zituen. Eta gernua elektrizitatea eroaten duten elektrolitotan aberats denez, bihotza zoratu egin zela zirudien, neurketak erabat nahastu baitziren. Hala ere, misioak aurrera egin zuen. Handik minutu gutxira, lehen astronauta espaziorantz atera zen, zegoen bezalaxe. Bustita, alegia. Eskerrak hurrengo aldirako nolabaiteko konponbidea asmatu zuten: astronautari pixoihal handi bat jantzarazi zioten.
Pixoihialetik benetako komunera
Lehen pixoihal hura oso oinarrizkoa zen, baina eboluzionatu egin zuen eta ipurmasailean itsasten zen poltsa bihurtu zen. Kaka egin eta gero garbi egotea ahalbidetzen zuen poltsak, gorotzak bertan bilduta gelditzen baitziren. Hala ere, kontu handia eduki behar zen itxi baino lehen ihes egin ez zezaten. Inoiz edo behin gertatu zen halakorik, eta telebistak itzali egin behar izan zituzten, ikusle estatubatuarrak ez mintzeko.
Orain, berriz, Lurrean ditugun komunen antzekoak dituzte espazio-ontzietan. Espazioan ura urrearen parekoa denez, aireaz baliatzen dira eginkariak eramateko, eta bereziki prestatuta daude mikrograbitatean erabiltzeko. NASAren Waste Collection System -a, hau da, WCS hondakinak biltzeko sistema da adibidea.
WSCa ez da hondakinak biltzera mugatzen, tratatu ere egiten ditu. Emakumezkoentzat zein gizonezkoentzat dago diseinatuta, eta 75 zentimetroko zabalera duen gela batean dago, tripulazioaren kabinan. Komunean eserita gelditzeko, barra bat du izterrak inguratzeko. Horretaz gain, astronauta lau velcroz itsasten da komunera, eta oinak ere lotuta gelditzen dira.
Komunak inbutu-itxura du, eta mahuka malgu bati lotuta dago. Eserita edota zutik erabil daiteke. Gernua aire-korronte batek eramaten du barrurantz, eta nahastea ganbera birakari batera sartzen da. Indar zentrifugoak biak banatzen ditu, eta pixa hondakin-uren tangara pasatzen da.
Esertokia, gainera, bigun samarra da, eta esertzen denaren gorputzera egokitzen da. Hartara, kanpoaldearekiko hermetikoki itxita gelditzen da. Hondakin solidoentzako zulo bat dauka, hamar bat zentimetrokoa. Erabiltzen hasi orduko, eserlekuaren azpian dauden zulotxo batzuetatik airea ateratzen da. Minutuko 850 litro aire igortzen ditu; horri esker, gorotzak poltsa geruzatu eta porotsu batera doaz. Poroetatik airea ateratzen den arren, likidoak eta bakterioak poltsaren barruan geratzen dira harrapatuta. Erabat higienikoa da, beraz.
Astronautak komuneko lanak bukatu dituenean, balbula bat irekitzen dute hondakinak espazioaren hutsean jartzeko. Berehala, hondakin solidoak izoztuta, deshidratatuta eta usaina kenduta gelditzen dira. Ondoren, gorde egiten dira, Lurrean analizatu ahal izateko.
Hondakin-uraren tangan bildutako likidoak, aldiz, kanporatu egiten dira noizean behin. Astronauta batek adierazi zuenez, benetan ederra da ilunabarrean likidoak hustean sortzen den irudia. Edonola ere, merezitako saria izango da ikuskizuna; horrelako lanak hartu eta gero...
Bidaia luzeetarako, MELISSA egitasmoa
Astronautek orain Lurrean ditugun komunen antzekoak badituzte ere, ESAk beste pauso bat eman nahi du, eta hondakinak ura, oxigeno eta janari bihurtu nahi ditu. Horretarako sortu du Melissa egitasmoa. Proiektuan Europako ikerketa-zentro askok hartzen dute parte, eta baita Kanadako espazio-agentziak ere.
Berez 1989an hasi zen, eta bidaia luzeetan sortzen diren hornidura-arazoei aurre egitea da helburua. Pentsa zenbat ur, janari eta oxigeno beharko luketen sei astronautak Martera joateko, adibidez. Kontuan hartu behar da gutxienez hiru bat urte behar direla planeta gorrira joan-etorria egiteko. Bada, kalkulatu dutenez, horretan bakarrik 33 tona material garraiatu beharko lituzke espazio-ontziak. Horrek ezinezkoa egiten du bidaia. Beraz, halako bidaiak antolatzen hasterako, ezinbestekoa da arazoari irtenbidea topatzea, eta onena hondakinetatik elementu baliagarriak sortzea da.
Melissa proiektua 1989an hasi zen, eta dagoeneko dezente aurreratu dute. Sistema miniaturazko ekosistema bat da, eta hondakinak eta karbono dioxidoa biomasa jangarri bihurtzen ditu argiaren energiaren bidez. Beste era batera esanda, fotosintesia egiten du. Bost atal edo konpartimentu ditu sistemak. Hirutan hondakinak degradatzen dituzten hainbat motatako bakterioak daude, beste batean bakterio fotosintetikoak eta landareak, eta azkenekoan, noski, eskifaia doa.
Lehenengo atala garrantzitsua da oso. Han eskifaiaren hondakinak likidotu egiten dira, eta gantz-azido lurrunkor, amoniako eta mineral bihurtzen dira. Sortzen den karbono dioxidoa landareen konpartimendura eramaten da. Bigarren atalean, berriz, karbono inorganikoa karbono organiko bihurtzen da, eta, hirugarrenean, lehenengo ataleko amoniakoa nitrato bihurtzen da. Landareek nitratoa ere behar dutenez, laugarren konpartimendura eramaten da.
Laugarren atal horretan, beraz, aurrekoetan sortutako konposatuak erabiltzen dira landareak hazteko. Nolabait, baratze moduko bat da konpartimendu hori. Gainera, landareek eta bakterio fotosintetikoek oxigenoa eta ura sortzen dute.
Hamabost urteko ikerketaren ondoren frogatu dute hondakinen % 70 baino gehiago birziklatu eta berrerabil daitekeela. Dagoeneko egin dituzte instalazio pilotu batzuk, eta espazioan probatzeko prest daude. Gero, emaitzen arabera, doitu, findu edo aldatu egin beharko da, baina oinarrian horrelakoa izango da etorkizuneko sistema.
Aipatzekoa da sistema horretarako sortutako zenbait aurrerapenek aplikazioa dutela beste arlo batzuetan. Adibidez, Freixenet ardo-etxeak sistemarako asmatutako sentsore batzuk erabiltzen ditu. Antartikako Concordia ikerketa-basean, berriz, lehen konpartimenduan oinarritutako sistema bat jarri dute hondakin-urak birziklatzeko.
Espazioko menua
Komunera joatea bezain ezinbestekoa, egunerokoa eta oinarrizkoa da jatea. Astronauten janaria prestatuta dago ahal den toki gutxien hartzeko, gutxi pisatzeko eta luze irauteko. Janari batzuek ez dute tratamendurik behar, eta bere horretan eraman daitezke espazio-ontzira, adibidez, zereal-barrak eta fruitu lehorrak. Beste zenbait, aldiz, deshidratatu egin behar dira, hala nola, makarroiak, gazta eta arrautzak. Horiei, astronautek ura bota behar diete jan aurretik. Frutak, jogurtak eta haragi batzuk beroaren bidez tratatzen dira, bakterioak hiltzeko, eta neurri batean deshidratatu ere egiten dira. Beste haragi batzuk irradiatu egiten dira.
Era batera edo bestera, beraz, lortu dute gaur egun astronautek Lurrean jaten den menuaren antzekoa jan ahal izatea. Izan ere, hasieran hodietan sartutako ahia moduko bat jaten zuten, eta horrek, nonbait, ez zituen asebetetzen astronautak.
Hala eta guztiz ere, orain ere ezin dute edozein janari eraman. Bereziki arriskutsuak dira papurrak uzten dituzten janariak, flotatu egiten dutenez, makinarian sartu eta sistema honda dezaketelako. Eta astronautek arnastuta gaixotzeko arriskua dute.
Dutxarik ez
Esaten dutenez, MIR espazio-estazioak berezko usaina zuen, galtzerdiz betetako armairu baten usaina, hain zuzen. Eta ez da harritzekoa, espazioan garbitzea ez baita txantxetako kontua.
Gaur egun, astronautek produktu bereziak erabiltzen dituzte beren buruak garbitzeko. Gakoa urik ez gastatzea da. Horregatik erabiltzen dituzte ospitaleetan sortu ziren xanpu batzuk, erabili eta gero ez dagoelako uretan pasatu beharrik xaboia kentzeko. Umeei ipurdia garbitzeko erabiltzen diren zapitxo hezeen modukoak ere oso erabilgarriak dira. Hala ere, kontuz ibili behar dute osagaiekin. Ezin dute alkoholik ez propilen glikolik eduki, birziklatzeko arazoak ematen dituztelako. Ondorioz, xanpuek landare-jatorriko osagaiak izaten dituzte.
Arropa garbitzeko ahal duten ur gutxien erabili behar dute, baina, behintzat, lehortzeko ez dute arazorik, airea lehorra izaten baita ontziaren barruan. Orain bakterioak ugaltzea saihesten duten arropak ari dira diseinatzen. Ehunak zilarrezko hariak ditu, metalak bakterioen hazkuntza galarazten baitu. Antza denez, emaitza onak ematen ditu, eta orain izarak, eskuoihalak eta bestelakoak ere ehun horrekin egiten hasiko dira.
Deia-ren D2 atalean argitaratua.