}

Astronautek ere siesta egin nahi dute

2006/08/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Askorentzat, siesta da oporren gauzarik onena. Urteko beste sasoietan ez dute ohiturarik edo aukerarik bazkalondoan lo-kuluxka egiteko. Udako lasaitasunak eta beroak, ordea, aitzakia ezin hobea ematen die begiak ixteko. Beste batzuek, berriz, udan bakarrik ez, egunero egiten dute siesta. Argi dute arratsaldeko lehen orduetako loaldi laburrak mesede egiten diela. Bada, zientzialariek arrazoia ematen diete siestazaleei.
Nahikoa da 10 minutuko kuluxka oroimena eta arreta pizteko.

Eduard Estevill loaren asaldurak ikertzen dituen Dexeus Institutuko medikua da, eta 20-30 minutuko siesta egitea gomendatzen du. Haren esanean, bazkalondoan garunak atsedena behar du; horregatik, siesta eginez gero, oroimena hobetu egiten da, erne egoteko gaitasuna pizten da eta hurrengo orduetan hobeto egiten da lan.

Dexeus institutuan ez ezik, beste hainbat lekutan ere ikerketa ugari egin dira siestaren onurak frogatzeko, eta baita zenbat iraun behar duen jakiteko ere. Izan ere, edonork daki batzuetan siestak ez duela mesederik egiten; zenbaitetan, lehen baino nekatuago eta txepelago geratzen da bat lo-kuluxka baten ondoren.

Adituen ustez, siestaren iraupenak zerikusi handia du horretan: lo sakonean sartuz gero ( REM fasea ), zaila da erabat esnatzea . Horregatik, siestak gehienez ere 40 minutu irautea gomendatzen dute.

Astronauten ekarpena

Egoera horretan lo egitea ez da batere erraza.
(Argazkia: NASA)

Antza denez, orain NASA ri ere interesatzen zaio gaia. Izan ere, astronautek zailtasunak izaten dituzte nahiko lo egiteko. Eguna eta gauaren zikloa ez da Lurrekoa bezalakoa, ardura handiko eginkizunak dituzte, estresa izaten dute... Guztiaren ondorioz, Lurrean baino 0,5-2,5 ordu gutxiago egiten dute lo.

Lo-gabeziak sortzen dituen nekea, oroimen-galera eta gorputzaldi txarra edo haserrea saihesteko, siesta irtenbide egokia izan daitekeela susmatu dute NASAko medikuek, eta, hala, esperimentu bat egin dute, jakiteko nolakoa izan behar duen siestak, ahalik eta mesedegarriena izateko.

Horretarako, 18 programa diseinatu dituzte, etenik gabeko 4-8 orduko loaldiak eta 0-2,5 orduko siestak konbinatuz. 91 boluntariok parte hartu dute, hamar egunez. Denbora horretan, hainbat test edo proba egin behar izan dituzte, oroimena, erne egoteko gaitasuna, erantzuteko denbora eta horrelakoak neurtzeko. Horrez gain, osasun-parametro batzuk kontrolatu dizkiete: tenperatura basala, odoleko eta listuko hormona-maila...

Emaitza interesgarriak

Astronautek horrelako kontrol-mahaietan aritu behar dutenez, ezinbestekoa dute erne egotea.
(Argazkia: NASA)

Horrekin guztiarekin, siestaren eraginkortasuna neurtu nahi izan dute ikertzaileek, baina emaitzak argi-ilunak ditu. Adibidez, ikusi dute siestak lanerako oroimenari mesede egiten diola, baina ez duela eragin handirik erne egoteko gaitasunean. Nonbait, guztira lotan egiten den ordu-kopuruak eragiten du erne egotean. Eta, noski, biak dira garrantzitsuak astronautentzat, bai lanerako oroimena bai erne egoteko gaitasuna.

Beste emaitza interesgarri bat izan da ikustea programan gaua eta egunaren zikloa alderantziz zituztenei izugarri kostatzen zitzaiela erabat esnatzea. Antza denez, boluntarioen gorputzek siestatzat hartzen zituzten eguneko loaldiak, eta gaueko siestak, berriz, lo jarraitutzat. Horregatik, siestatik esnatzen zituztenean, zaila egiten zitzaien begiak irekitzea.

Orain, ikerketan bildutako datu guztiekin, eredu matematiko bat egin nahi dute NASAkoek. Eredu horrekin, jakin nahi dute zein den siesta eraginkorrena lanaren arabera. Astronautentzat ez ezik, suhiltzaileentzat, sendagileentzat, erizainentzat, gidarientzat eta lana txandaka egiten duen edonorentzat izango litzateke interesgarria eredu hori. Eta zuretzat?

7K-n argitaratua.