}

Atmosferaz gain, itsasoa ere glaziazioaren erantzule

2001/03/30 Astobiza, Amaia

Glaziazioa hasteko, ezinbestekoa da elurra iraunkorra izatea. Atmosferaren zirkulazio globalaren ereduak bakarrik erabilita egindako simulazioek, ostera, argi erakutsi dute atmosferaren eraginagatik bakarrik ez dela etengabeko elurra sortzen. Hori ikusita, zientzialariek ozeanoaren eragina ere kontuan hartzea erabaki zuten.

Milankovitx-en teoriak horrela dio: duela 115.000 urte inguru, uda-hasierako intsolazioa txikia izaten zen latitude garaietan eta, horregatik, neguko elurrak udan zehar ere irauten zuen; horren ondorioz, izotz-geruzak eratu ziren eta glaziazioa gertatu zen. Baina atmosferaren eragina bakarrik kontuan hartuta egindako simulazioen emaitza txarrak ikusita, badirudi beste faktore batzuk ere ezinbestekoak direla glaziazioa gerta dadin; hots, ozeanoko zirkulazioak eta, neurri txikiagoan, landaretzaren aldaketak. Hari horretatik tiraka, Frantziako zientzialariek glaziazioa simulatzeko beste saiakera bat egin dute, ozeano-atmosfera bikotea kontuan hartuta, eta itsas azaleko tenperaturak ere glaziazioan eragina izan zuela ondorioztatu dute.

Simulazioa egiteko, garai hartan lurrak zituen orbita-ezaugarriak (eszentrizitatea, zeihartasuna, perihelioa eta integrazio-denbora) erabili dituzte. Ezaugarri horiek direla eta, garai hartan urtaroen arteko intsolazio-diferentzia gaur egun baino txikiagoa izaten zen eta horrek itsasoko tenperatura-aldaketetan eragina zuen. Aireko tenperatura unean uneko eguzki-erradiazioaren araberakoa izaten da, hau da, airearen tenperaturak azkar erantzuten dio intsolazioaren aldaketari. Itsas azalaren erantzuna, aldiz, motelagoa izaten da eta denbora gehiago behar du tenperatura igo edo jaisteko, 2-3 hilabete hain zuzen. Duela 115.000 urte, ipar-hemisferioko intsolazioa gaur egungoa baino % 6 txikiagoa izaten zen udan. Ondorioz, Ipar poloko itsas azalari ez zion berotzeko denborarik ematen eta ekuatorearen eta poloaren arteko tenperatura-gradientea handitu egiten zen urteko sasoi horretan. Beraz, eguzki-erradiazioaren eraginak eta Ipar Poloko tenperatura hotzagoek neguan eratutako izotza urtzea eragozten zuten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia