}

Atom by Atom, ikerketa jende guztiarengana

2009/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Atom by Atom, ikerketa jende guztiarengana
2009/11/01 | Elhuyar
Carlos Bustamante (ezkerrean) eta Albert Fert (eskuinean), birusekin egiten duten lana eta espintronikaren aurrerapenak azaltzen, hurrenez hurren. Arg.: Adrian Collins/DIPC/CICnanoGUNE.

Birusen paketatzeko gaitasunetik gailu elektronikoen disko gogorrak miniaturizatzea posible egin duen espintronikaren aurrerapenetaraino. Tartean, gantza eratzen duten molekulek eskaintzen dituzten aukerak, eta nanoteknologiak energia-erronkari egin diezaiokeen ekarpena. Horiek guztiak, eta gehiago, izan ziren Kursaalen hizpide Atom by Atom kongresuan.

Kongresuetan, normalean, ikerketa-alor jakin bateko adituak biltzen dira nork bere taldearekin egindako ikerketen eta lortutako emaitzen berri emateko. Atom by Atomek ere izan zuen horretarako tartea, baina, horretaz gainera, beste helburu bat zuen: adituak kaleko jendearengana hurbiltzea beren ikerketen berri emateko, eta, funtsean, nanozientzia eta nanoteknologia zer den erakusteko.

Hiru egun eskaini zizkion Donostiak nanozientziari eta nanoteknologiari, eta ospe handiko zortzi adituk hartu zuten parte hitzaldietan: Sir Harold Krotok, 1996an Kimikako Nobel sariaren irabazleak, Félix Goñi biokimikako eta biologia molekularreko adituak, Emilio Méndez fisikari ospetsuak, Carlos Bustamante biofisikariak, Materialen Fisikako Zentroko Juan Colmenerok, Intel erakundeko José Maiz fisikariak, Sir John Pendry fisikari aintzatetsiak, eta Albert Fert-ek, 2007ko Fisikako Nobel sariaren irabazleak.

Izar gonbidatua, Sir Harold Kroto

Krotok eman zuen kongresuaren ongietorri-hitzaldia. Zientzia, gizartea eta jasangarritasuna izan zen gaia; alegia, zer garrantzitsuak diren zientzia eta zientzialariak gizartean. Beraz, nanozientzia eta nanoteknologia gutxi izan zen Krotoren hitzetan.

Kursaaleko hitzaldietan ez ezik, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin egindako topaketan ere parte hartu zuen Harold Krotok. Arg.: Adrian Collins/DIPC/CICnanoGUNE.

Hori bai, komunikatzeko abilezia izugarria zuela erakutsi zuen. Modu oso entretenigarrian, eta, batzuetan, umoretsuan, esan zituen kontatu beharrekoak. Ez ziren lelokeriak izan, dena den. Esan zuen, adibidez, ikerketak egiteko finantziazioa lortzeko, emaitza emankorrak lortuko direla bermatzea eskatzen dela. Zientzian, ordea, "ezin da aurrez iragarri; hori horrela da. Ez da nire errua" aldarrikatu zuen.

Hitzaldiaren beste une batean aipatu zuen zer mesede egin dion zientziak gizarteari garai jakin batzuetan izan dituen arazoak konpontzeko. Anestesia eta penizilina jarri zituen adibide gisa. Orain, arazoak aldatu egin dira, eta arazo horiek konponduko dituzten ikertzaileak behar dira: "Zientzialaria zarenean ohartzen zara etorkizuna inoren esku egotekotan zeure esku dagoela", azpimarratu zuen.

Bi egunez, nanozientzia eta nanoteknologia

Hurrengo bi egunetan buru-belarri aritu ziren adituak nanozientziaz eta nanoteknologiaz. Mila eta bat modutara azaldu zuten batzuek eta besteek zer neurritakoa den nanoeskala, zer aukera eskaintzen duen materia atomoz atomo lantzeak, bai fisikan, bai kimikan eta bai biologian, eta abar.

Zalantzarik gabe, hizlariek gehien aipatu zuten pertsona Richard Feynman izan zen. Hark eman zituen lehenengoz nanozientziaren oinarrizko printzipioak, eta oso ezaguna da 1959an eman zuen hitzaldia, There's Plenty of Room at the Bottom izenekoa. Hitzaldi hartan esandakoak ekarri zituzten gogora askok; adibidez, garai hartan handiegiak ginela atomoekin banan-banan lan egiteko, hau da, atom by atom.

Hiru egunez bildu zen jendea Kursaalen nanozientzian eta nanoteknologian egiten ari diren ikerketen eta aurrerapenen berri izateko. Aurrealdean, Heinrich Rohrer eta Harold Kroto Nobel saridunak, eta Krotoren emaztea. Arg.: Adrian Collins/DIPC/CICnanoGUNE.

Horren harira, baten batek aipatu zuen noiz bihurtu ginen nahikoa txiki eskala horretan lan egiteko, eta kongresuan bertan zegoen Heinrich Rohrer fisikariaren izena eman zuten. Hain zuzen, hark asmatu zuen, Gerd Binning-ekin batera, tunel-efektuko mikroskopia --horregatik eman zieten Fisikako Nobel saria 1986an--. Horri esker izan du nanoteknologiak izan duen booma.

Rohrer bertan zegoen, bai, baina ez zuen hitzaldirik eman. Izan ere, DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleekin Zientziaren Kutxagunean egin zuten topaketarako etorri zen. Hala ere, hitzaldietan nabaritu egin zen han zegoela, hitzaldi guztien ondoko galdera-tartean parte hartu baitzuen, galderaren bat egiteko ez bazen, iradokizunen bat egiteko.

Nanozientziari eta nanoteknologiari buruzko orokortasunez hitz egin zutenak alde batera utzita, beren ikerketa-alorrari buruz hitz egin zutenen artean argi ikusi zen denek ez zutela dibulgatzeko abilezia bera. Unai Ugaldek, kongresuaren antolatzaileetako batek, esan bezala, Bustamantek berebiziko hitzaldia eman zuen; "agian, kongresuko hitzaldirik onena" izan zen. Azaldu zuen zer azterketa egiten ari diren hobeki ulertzeko nola egiten duten birusek proteinazko kapsuletan sartu beharreko DNA guztia sartzeko. Hainbat bideotan erakutsi zuen prozesu hori zuzenean, eta azalpenak ere argiak eta garbiak izan ziren.

Beste muturrera joanda, bere alorrean egiten diren ikerketak sinplifikatzeko eta edonorentzat ulergarri egiteko zailtasunak izan zituenik ere izan zen. Ferten hitzaldia, esate baterako, oso trinkoa eta sakona izan zen. Ugaldek adierazi du oso zaila izan zela hark esandakoak ulertzera iristea. Hala ere, "gauza bat argi utzi zuen espintronikaren asmatzaileak: mundu berri bat ireki duela".

1
258
2009
11
014
Nanoteknologia; Azokak, biltzarrak
Albisteak
16

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia