Atzera botako dute arto transgenikoa minbiziarekin lotzen zuen ikerketa
2013/11/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Arto transgenikoa minbizi-eragile zela frogatzen zuen ikerketa atzera botatzeko eskatu dio Food and Chemical Toxicology aldizkariaren editoreak artikuluaren egileari.
Iazko irailean, eztabaida eta kezka handiak sortu zituen aldizkari horrek berak argitaratu zuen ikerketa hark. "Long term toxicity of a Roundup herbicide and a Roundup-tolerant genetically modified maize" izenburua zuen, eta EFSAk, elikagaien segurtasunaz arduratzen den Europako agentziak, berehala jakinarazi zuen arren ikerketak akats metodologiko handiak zituela, aldizkariak ez zuen neurririk hartu. Orain, ordea, aldizkariaren editoreak, Wallace Hayesek, eskutitz bat bidali dio ikerketa-buruari, Gilles-Eric Seraliniri, artikulua atzera botatzeko eskatuz. Eskaerari men egin ezean, aldizkariak berak erretiratuko duela ohartarazi dio.
Eskutitzean, ikerketak dituen akatsak gogorarazi dizkio Seraliniri, hala nola erabilitako arratoi-motak berez duela minbizia garatzeko joera, eta lagina txikiegia zela. Hain zuzen, EFSAk berak ere aipatu zituen akats horiek iaz argitaratutako txostenean, beste batzuen artean. Hala eta guztiz ere, Le Figaro egunkariari egindako adierazpenetan, Seralinik bereari eusten dio, eta artikulua erretiratzeko eskaeraren atzean Monsanto, arto transgenikoaren ekoizlea, dagoela salatzen du.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia