Aurpegia aldatuko zaizu!
2003/12/28 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Ez da gai samurra. Burura galdera bat baino gehiago etortzen dira: behar izanez gero, beste norbaiten aurpegia jarriko nuke? Edo, beste aldean jarriz gero, emango nioke beste norbaiti nire aurpegia?
Badirudi hildako baten aurpegia jasotzea ez dela bihotza edo gibela jasotzearen parekoa. Bihotz-transplanteak, esaterako, gaixoa hil ala bizi dagoenean egiten dira, baina aurpegikoak ez dira bizitzeko nahitaezkoak. Normalean, behintzat, gaixoaren itxura hobetzeko baino ez dira egingo, eta, hori gutxi ez den arren, kontuan izan beharrekoa ezaugarria da.
Aurpegia arimaren ispilu dela esaten da, eta ez hori bakarrik, beti bistan eramaten den gorputzeko atala da. Horrexegatik, eragin psikologikoak dira aurpegi-transplanteek daukaten etsairik handiena. Oso zaila da aurrez jakitea gaixoak eta haren sendiak nola erreakzionatuko duten halako ebakuntza egindakoan.
Zientzia fikzioa / Filmetako kontuak
Lehenengoz aurpegi-transplanteei buruz entzundakoan, ez da harritzekoa zientzia-fikzioarekin lotzea. Face Off izeneko filmean, adibidez, John Travolta poliziak Nicolas Cage maltzurraren aurpegia hartu zuen poliziaren ikerketa bat azken muturreraino eramateko.
Noski, film hartan, aurpegiak trukatutakoan, batak bestearen itxura berbera hartu zuen. Baina errealitatean aurpegi-transplanteekin ez litzateke halakorik gertatuko. Transplantea jasotzen duen gaixoak aurrez daukan egitura mantenduko du, hezurrak eta muskuluak ez dira transplantatuko, hasieran behintzat; beraz, azala besterik ez da aldatuko. Nolabait esateko, aurpegi berria hartzailearen eta emailearen aurpegien nahasketa izango da.
Ebakuntza zaila da, eta ebakuntzaostea ere ez da samurra izango.Kirurgiaren ikuspuntutik ebakuntza konplikatua da, esan beharrik ez dago. Hartzaileari azala eta azalazpiko zenbait mintz kentzen zaizkio, eta emailearenak txertatu. Bataren eta bestearen odol-hodiak eta nerbioak elkartzen dira. Eta, hala, aurpegi berriak beharrezko duen odol-zirkulazioa dauka, eta, nerbioei esker, ukimena ere badu.
Aurpegi-transplanteak aurpegia desitxuratuta daukatenentzako baliagarri izan daitezke. Batez ere, erreta, istripuz edo minbiziren baten eraginez jatorrizko itxura galdu dutenentzako.
Azaleko mentuekin alderatuta transplanteak daukan abantailetako bat sentikortasuna da. Izan ere, mentatutako azala ukitutakoan azkura moduko bat sentitzen da; normalean, ez da ukimen osoa berreskuratzen.
Egingo zenuke?
Transplantea egiteko erabakia hartzea, ordea, ez da batere erraza. Gaixoaren egoera psikologikoan duen eraginaz gain, beste eragozpen batzuk ere badira. Kontuan izan behar da ebakuntzaren ondoren gorputzak atal berria onartzeko sistema immunea moteldu egin behar dela, bestela gorputzak errefusatzeko arriskua oso handia baita. Horrek esan nahi du transplantearen hartzaileak botika immunosupresoreak hartu beharko dituela bizitza osoan zehar. Botika horiek, gorputzaren defentsak gutxitzeaz gain, albo-ondorioak izateko arriskua daukate, hala nola, zenbait minbizi-mota, diabetea, hipertentsioa...
Hala begiratuta, zaila dirudi transplantea egiteko prest dagoen norbait aurkitzea. Bene-benetan horren beharra daukala iruditzen zaionen batek izan beharko du. Dena dela, azkenaldian aurpegia desitxuratuta daukaten pertsona askoren iritziak agertu dira prentsan, eta badirudi inor ez dagoela ebakuntza egiteko prest. Iritzia eman duten pertsona horietako batzuen esanean, aldatu behar dena gizartearen epaitzeko modua da, eta ez desitxuratutakoen aurpegia.
Posible da urte batzuen buruan aurpegi-transplanteak ohikoak izatea.Beren buruarekin borroka latza izaten dute aurpegia desitxuratuta daukatenek; izan ere, askok, istripuz gertatu denean gehienbat, ez dute bere aurpegia ezagutzen ispiluaren aurrean. Diotenez, transplanteak ez du arazo hori konponduko, hala eta guztiz ere aurpegi ezezagun bat izango baitu hartzaileak.
Gainera, ez dirudi gizarte mailan ere oso harrera abegitsua izango duenik aurpegia transplantatzen duen lehenengo gaixoak. Esan beharrik ez dago prentsa guztia atzetik izango duela lehenengo argazkia nork eskuratuko. Hala izanik, normala da inor publikoki hartzaile gisa ez agertzea. Posible da dagoeneko transplantea egin izana, baina hartzailearentzako oso traumatikoa izan daiteke, bere burua onartzeko daukan lanarekin, pertsona ezaguna bilakatzea goizetik gauera.
Dena dela, ez dira hartzaileak bakarrik falta, emaileak ere ez dira aurkitzen errazak. Errespetua ematen du, antza, norbere aurpegia beste norbaitek eramango duela pentsatzeak, nahiz eta hil eta geroko kontua izan.
Tamalez, aurpegi-transplantea arinkeriaz hartzeko arriskua oso handia da. Eta ez harritu, urte batzuen buruan, itxura hobetzeko edo gaztetasuna berreskuratzeko aukera-gisa saltzen badute. Izan ere, ez dira urte asko pasako aurpegi osoak transplantatu baino lehen, belarri, sudur eta muskulu eta guzti. Benetan behar dutenen onerako izango ahal da!
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia