}

Aurten, astronomia izar

2009/01/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

2009a Astronomiaren Nazioarteko Urtea da. Nazio Batuek izendatzen dituzte nazioarteko urte ofizialak, eta, astronomiarenaz gain, hasi dugun hau zuntz naturalen eta adiskidetzearen urtea ere bada. Beraz, gai horiei buruzko hainbat kontu entzungo ditugu datozen hilabeteetan; kazetariek zertaz idatzi edo hitz egin ez dutenean, adibidez, izango dute aitzakiaren bat.

Guri astronomiak eman digu aitzakia. Eta astronomoei Galileo Galileik eman die aitzakia aurten ospatzeko nazioarteko urtea. Hain zuzen ere, duela 400 urte Galileok zerura begiratu zuen teleskopio baten bidez, eta ordura arte inork ikusi ez zituenak ikusi zituen. Edo, beharbada, beste norbaitek ikusiko zituen gauza berberak, baina ez zen haietaz jabetu, edo ez zen interpretatzeko gai izan. Galileok bai: Galileok mendiak eta kraterrak ikusi zituen Ilargian. Eta hori ordura arte uste zutenaren aurkakoa zen.

Justus Sustermansek Galileo Galileiri egindako erretratua.

Garai hartako usteen arabera, zeruko gorputz guztiak esfera perfektuak ziren, leun-leunak. Galileok, ordea, alde batera utzi zituen dogmak eta usteak, eta behaketa sistematikoak egin zituen. Hala, Artizarraren faseak, Jupiterren ilargiak eta beste fenomeno batzuk ikusi zituen, eta ikusten zuena zuzen interpretatzen jakin zuen. Astronomian mugarri garrantzitsua izan zen, eta horregatik antolatu dute aurten astronomiaren urtea.

Bestela ere, astronomiak badu nahikoa garrantzia eta aitzakia nazioarteko urte bat emateko. Zientziarik zaharrena da: astroek eguneroko bizitzan eragina zutela konturatu zirenetik begiratu diote gizon-emakumeek zeruari. Betidanik, alegia. Hori bai, astronomia ez zen, inondik inora, zientzia garbia : beste zientzia eta teknika batzuk ez ezik, erlijioa, mitoak eta sineskeriak ere biltzen zituen.

XX. mendera arte ez ziren erabat banatu astronomia eta astrologia, baina bereizketa horretarako ezinbestekoa izan zen Kopernikoren, Keplerren, Newtonen eta beste zientzialari eta astronomo batzuen lana. Galileorena ere bai, noski. Hori gogoraraziko digute urte honetan , eta teleskopio bat hartzera eta zerura begiratzera gonbidatuko gaituzte. Eta beste ekintza eta saio asko ere antolatu dituzte. Egon adi, ia denak edonorentzat baitira!

Teleskopiotik begira

Dena den, urtea igaroko da, eta, beharbada, lehen baino zaletu gehiago izango ditu astronomiak. Segurua da, hori bai, astronomoek zerura begiratzen jarraituko dutela. Oraindik ere erabiltzen dira Galileok erabili zuen teleskopioaren pareko tresnak. Teleskopio optiko bat zen hura; hau da, leiarren bidez, urrutiko irudia gerturatzen duen tresna bat. Horrelakoa da, adibidez, Hubble teleskopio ospetsua.

Hubble teleskopioaren ezaugarri nagusia da espazioan dagoela. Hartara, atmosferak ez dio trabarik egiten, eta Lurreko teleskopioek baino irudi garbiagoak eta zehatzagoak jasotzen ditu. Urrutiagokoak ere bai, eta espazioan urrutira joatea denboran atzera egitea ere bada. Baina ez da horretan bakarrik bereizten Galileok erabili zuen teleskopiotik; gainera, argi-espektroaren beste uhin-luzera batzuk ere jasotzen ditu. Hala, infragorrian eta ultramorean ere egiten du lan, eta, beraz, argi ikusgaian ikusten ez diren fenomeno asko behatzeko balio du.

Hain justu, beste uhin-luzeretan egindako behaketei esker erantzun diete astronomoek galdera askori. Eta, galderei erantzun ahala, galdera berriak sortu zaizkie. Erantzunak bilatzen lagunduko dien teleskopioak diseinatzen ari dira orain. Horietako bat da, esaterako, datorren urtean martxan jarri nahi duten E-ELT ( European Extra Large Telescope ). Teleskopio horretan lanean dabilen Gilmozzi astronomoaren esanean, begi hutsez ikustetik Galileoren teleskopioaren bidez ikustera dagoen jauzia adinakoa ekarriko du teleskopio horrek, gaur egungoekin alderatuta. Ikusiko dugu; teleskopioz, akaso.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia