}

Aurten inoiz baino ozono-zulo handiagoa?

1992/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Pinatubo sumendiaren eraginez, aurten Antarktikan egon daitekeen ozono-zuloak errekor guztiak apur ditzake. Antarktikan eta ekuatorean estratosferako ozonoa neurtu ondoren, ondorio honetara iritsi dira ikerlari batzuk.

NASAko W. B. Grant-ek, Pinatubo sumendia piztu aurretiko eta ondorengo datuak jaso zituen Kongo-ko Brazzaville-n (4H-15E) eta Ascension irletan (8H-14M) zeruetara neurgailuz kargaturiko globoak bidaliz.

Estratosferara igarotako sumendi-hautsik gehiena 18 eta 28 kilometroko altuera-bitartean dagoela eta kontzentraziorik handiena 24 eta 25 kilometroko altueran neurtu dela baieztatu da. Gainera, altuera horietan estratosferako ozono-maila, erupziotik hiru eta sei hilabete bitartean, jaitsi egin zen. Jaitsierarik handiena 24. kilometroan gertatu zen eta % 20koa izan zen.

Ozono-mailaren jaitsiera 16 eta 28 kilometroko tartean 13 eta 20 Dobson unitate-bitartekoa izan zen, hau da, % 5ekoa gutxi gorabehera, baina ikertzaileek ezin izan zuten 31. kilometrotik gorako daturik lortu; globoak lehertu egin bait ziren.

Grantek eta bere kideek diotenez, estratosferan gertatzen diren erreakzioetan, Pinatuboko hautsak parte hartzen duelarik, ozonoa kaltetzen duen kloroa askatzen omen da. Estratosferako kloroa, batez ere CFC substantzietatik sortzen da, baina normalean kloro nitrato edo forma egonkorrean egoten da. Pinatubok askatutako azido sulfurikoaren bidez, ozonoa kaltetzen duen kloro monoxidoa askatzen da.

Estratosferan, izotz-partikulak egonda kloro monoxidoak ozonoa kaltetzen du Antarktikan iraila eta urria bitartean. 1991. urtean gertatutako ozono-zuloa inoizko handiena izan da. McMurdo estazioan egindako neurketen bidez, zulorik handiena 12 eta 20. kilometro bitartean gertatu zela ikusi zen (17 eta 18. kilometroen tartean, hain zuzen) ozonoaren % 93 galdu zelarik.

Arestian aipatu ikerlari-ekipoak dioenez, “1991. urteko sumendi-erupzioek areagotu dezakete estratosferan 20 kilometron goian eta behean dagoen aerosol-kantitatea. Partikula hauek erreakzio heterogenoak eragin ditzakete eta ondorioz, aurten Antarktikaren gainean, 12. eta 20. kilometroaren artean, historian zehar izan den zulorik handiena gerta daiteke”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia