Aurtengo irabazlea, garbigailu "garbia"
2007/12/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Aurten irabazi duen diseinuak ondo baino hobeto betetzen ditu baldintza horiek. Hain zuzen, Hungariako Moholy-Nagy Unibertsitateko Levente Szabó ikasleak lortu du lehenengo saria, garbigailu txiki bati esker. E-wash deitu dio bere diseinuari, eta itxura soila eta garbia du. Are garbiagoa da, hala ere, erabiltzen duen garbigarria: xaboi-intxaurra.
Xaboi-intxaurra Sapindus mucorossi landarearen fruitua da, eta nepaldarrek eta indiarrek mendeetan erabili izan dute arropak garbitzeko. Szabóren esanean, kilo bat xaboi-intxaur nahikoa da pertsona batek urtebetean erabiltzen duen arropa garbitzeko. Oso ondo zaintzen ditu arropak, ez baitie kolorea kentzen eta leun-leun uzten baititu, erraz lisatzeko moduan. Gainera, ez du alergiarik sortzen. Areago, gorputza eta ilea garbitzeko ere balio du, eta psoriasia, ekzemak eta larruazaleko beste gaitz batzuk sendatzeko ere erabiltzen da Indian.
Hortaz, ohiko garbigarrien ordez xaboi-intxaurrak erabiltzen dituen garbigailu bat diseinatu du Szabók. Izan ere, garbigarrien ekoizpenak, garraioak eta erabilerak ingurumenean duen eraginaz kezkatuta zegoen, eta arazo hori konpontzeko irtenbide egokia iruditu zitzaion xaboi-intxaurrez baliatzea. Haren esanean, “xaboi-intxaurrak ez dio kalterik egiten naturari; aitzitik, haren parte daâ€. Xaboi-intxaurraren zuhaixka jatorriz ekialdekoa denez, hango komertzioa bultzatzeaz gain, behar den lekuan landatzea proposatzen du; hartara, garraioak ingurumenari egiten dion kaltea txikituko litzateke.
Garbigailuen beste arazo bat duten itxura da. Normalean, nahiko handiak dira, eta leku handia hartzen dute. Horri ere erreparatu dio Szabók; hala, diseinatu duen garbigailua ohikoak baino askoz ere txikiagoa eta meheagoa da. Hala ere, aldi bakoitzean arropa asko garbitzeko gai da.
Sukaldea eta hozkailua
Bigarren saria, berriz, Frantziako Boulle Fakultateko Laura Pandellek irabazi du, Pebble eguzki-sukaldeagatik. Pandellek erakutsi du eguzki-energiaz baliatzeko ez dela ezinbestekoa eguzki-plaka handiak jartzea etxeen teilatuetan, gauza txikietara ere aplika daitekeela.
Hain zuzen ere, spray-on zelula fotovoltaikoak erabili ditu. Teknologia hori oraindik garatzen ari da, eta Eguzkiak igortzen dituen uhin infragorriak energia elektriko bilakatzen ditu. Pintura bezala, spray baten bidez ezartzen da behar den azaleran, eta, horren bidez, posible da tresna txikiak eguzki-energiaz elikatzea, baita egun hodeitsuetan ere.
Kasu honetan, indukzio-beroa erabiltzen duen sukalde txiki eta eramangarri bati aplikatu dio teknologia berri hori Pandellek. Haren ustez, oraingo sukaldeak ez dira batere praktikoak, leku asko hartzen dute, eta, gainera, beti toki berean egon behar dute. Pebble, berriz, erraz eraman daiteke leku batetik bestera, eta, eguzki-energiaz baliatzen denez, ez dio ohiko sukaldeek adinako kalterik egiten ingurumenari.
Hirugarren sariaren irabazlea Txinako Jiangnan Unibertsitateko He Cheg Fei ikasleak irabazi du. Erlauntzen diseinuan oinarritutako hozkailu bat egin du, eta Go Fresh deitu dio. Produktu bakoitza gelaxka batean gordetzen da, behar duen tenperaturan. Hartara, energia aurrezten da, elikagai guztiek ez baitute hotz handia behar ondo kontserbatzeko.
He Cheng Feiren esanean, “hozkailuen diseinua apenas aldatu da 1950eko hamarkadatik. Ni berriro diseinatzen saiatu naizâ€. Emaitza energia gutxi kontsumitzen duen hozkailu bat da, itxura aldetik erabat berria: armairu-tankerako etxetresna handiaren ordez, nahi bezala antola daitekeen erlauntza-itxurako diseinua egin du. Gelaxkak, nahi diren eran jarri eta kendu ez ezik, batetik bestera ere eraman daitezke, baita etxetik kanpora ere; eta, bata bestearen gainean jarrita, etxe barruko espazioak banatzeko erabil daitezke, adibidez.
Beste diseinuak
Gainerako bost finalistak Thailandia, Brasil, Alemania, Hego Korea eta Estatu Batuetakoak dira, eta, hurrenez hurren, diseinu hauek aurkeztu zituzten: etxean sobratzen den materia organikoa konpostatzeko gailu bat, dutxatzean bi litro ur besterik erabiltzen ez duen txorrota bat, ura eta garbigarria aurrezten dituen ontzi-garbigailu bat, etxe barruko airea garbitzen eta freskatzen duen leiho bat eta PLAz egindako plastikozko poltsak konpost bihurtzen dituen gailu bat.
Diseinu horiek guztiak ez dira merkaturatuko oraingoz. Lehiaketaren hasierako helburua ere ez da hori, baizik eta sormena eta ingurumena zaintzeko kezka bultzatzea. Hala ere, baliteke aurkeztu dituzten aurrerapenetako batzuk kalean egotea urte batzuk barru, ingurumenaren mesedetan. Zer preziotan? Hori Elektrolux etxeak erabakiko du seguru asko; azken finean, lana ikasle gazteek egiten dute, baina merkatura Zanussi, AEG edo Elektroluxen beste marken izenarekin ateratzen dira.
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia