Australiako fosilen hilobia
2007/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Australiaren hegoaldeko Nullabor lautadak kareharrizko kobazuloak ditu lurpean ezkutatuta. Milaka urteko zikloetan, kobazulo horietarako sarrerak ireki eta itxi egiten dira, eta irekita daudenean, tranpa bat izaten dira inguruko animalientzat. Animalia asko erori, pilatu eta fosildu dira barruan.
Horrelako altxor bat aurkitu zuten paleontologoek duela lau urte: kobazulo batean, dozenaka fosil topatu zituzten, tartean ugaztun, hegazti eta narrastienak. Fosil asko ordura arte ezagutzen ez ziren espezieenak dira. Indusketari ekin zioten, eta orain argitaratu dituzte lehen emaitzak. Besteak beste, hogeita hiru kanguru-espezietako fosilak erauzi dituzte --zortzi erabat ezezagunak-- eta lehoi martsupial baten hezurdura osoa (argazkian ikusten dena).
Eboluzioaren ikuspuntutik, fosil horiek datu berriak ekarri dituzte, baina, erantzunak eman beharrean, galdera berriak eragin dituzte; esate baterako, animalia handien desagerpenari buruzkoa: lautadan bizi ziren animalia handi gehienak duela 11.500 urte desagertu ziren, lehoi martsupiala barne. Teoria baten arabera, klima lehortzeak eragin zuen desagerpena, baina Nullaborko kobazuloetako fosilak klima lehorrari ondo egokitutako animalienak dira. Beraz, paleontologoek zalantzan jarri dute teoria. Beharbada, gizakiaren eragina da geratzen den azalpen bakarra.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia