Australiako Koralezko Hesi Handia oso gaztea da
2001/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Europako eta Australiako hamazazpi geologok egindako ikerketen arabera, Koralezko Hesi Handiak gutxi gorabehera 500.000 urte ditu. Australiako ipar-ekialdeko kostaldetik gertu dagoen koral-kolonia hori munduko handiena da, baina beste koral-kolonia eta atoloi handi batzuk baino askoz gazteagoa da.
Ikerketa egiteko, toki egokia aukeratu eta bi zulo handi egin zituzten. Lehenengoa 86 metrokoa da eta koral-hesiaren barneko geruzaraino iristen da. Bestea, 210 metrokoa, hesiaren inguruan dagoen beste koral-kolonia estu eta luze batean egin zuten. Bi zuloetatik laginak erauzi ziren eta bakoitzaren konposizioa analizatu zuten. Hasieran, estrontzio-isotopoen proportzioan oinarrituta, koral-zati zaharrenak 490.000 eta 1.050.000 urte arteko adina duela ondorioztatu zuten zientzialariek.
Beste teknika bat ere erabili zen: paleomagnetismoa. Lurraren eremu magnetikoak duela 790.000 urte aldaketa bortitz bat izan zuen azken aldiz, eta koralaren egituran ez da horren arrastorik aurkitu. Horrek korala gazteagoa dela esan nahi du, adituen arabera 600.000 urte ingurukoa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia