}

Auto ekologikoaren bidean

2001/01/21 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Auto denek poluitzen dute, baina ekoizte-prozesuak eta erregaiek izan dituzten hobekuntzei esker, garai batekoek baino gutxiago poluitzen dute. Atmosferaren poluzioa emendatzearen arrazoia autoa asko erabiltzeagatik gertatu da.


Bai, egia da autorik gabeko eguna aspaldi pasa zela, baina, hala ere, ez da gaizki etortzen hain erabilia eta preziatua den autoaren poluzioa gogoraraztea. Dena dela, gaurko gaia ez da autoak sortzen duen poluzio atmosferikoari buruzkoa, zuzenean ez bederen.Gaurkoa, ikuspuntu ekologikotik egindako autoaren historiaren errepasoa da. Izan ere, autoek izan dituzten aurrerapen gehienak gidaria erosoago, seguruago eta azkarrago ibil dadin egin badira ere, auto-industria gero eta gehiago arduratzen da poluzioaz. Lege berriak eta kontsumitzailearen kontzientzia izan dira gutxiago polui dezaten autoek izan dituzten aldaketen eragile nagusiak.


Hiri eta herri handietan autoa aparkatzeko izaten diren arazoak ikusi besterik ez dago auto-zirkulazioaren emendatzeaz ohartzeko. Etxe bakoitzean auto bat edo bi daude eta ikaragarrizko joera dago edonora joateko autoa hartzeko. Autoa ekoizten ari denetik hasi eta deuseztu arte, ekintza poluitzailez osatutako kate bat da, eta horregatik, auto ekologikoak egiteko ideia garatzen hasi zenetik, ekoizpen-prozesua bera eta erregaiak izan dira aldatu direnak.


Auto-industriak eragin duen lehen aldaketa ekologikoa erregaiak hobetzea izan zen. Berunik gabeko erregaiak duela hamar urte baino gehiago merkaturatu ziren, eta geroztik, oso laster zabaldu dira. Europako Batasunak 2000rako superra kentzeko plana ere martxan jarri zuen, eta oraindik ere, ezantza-zerbitzuguneetan aurki badaiteke ere, superraz ibiltzen diren autoak laster desagertuko dira errepideetatik. Erregaiek izan duten beste hobekuntza bat errekuntza optimizatzeko oxigenoa duten gehigarriak gehitzea izan da.


Poluzio atmosferikoa gutxitzeko beste funtsezko aldaketa erregaien kontsumoa gutxitzea izan da. Dudarik gabe, Diesel motorrak dira, gaur egun, kontsumoa gutxitu nahi izanez gero erabili beharreko motorrak. Nahiz eta nitrogeno-oxidoei eta partikula beltzei dagokienez ez den oso ekologikoa, gutxiago kontsumitzeak berekin dakar beti karbono-dioxido gutxiago botatzea.


Erregai berrien garaia


Gasolinaz eta gasolioaz gain, automobilismoan beste era bateko erregaiak agertzen hasi dira, besteak beste, gas naturala, bioerregaiak, elektrizitatea eta erregai-pilak.Gas naturala metanoz (CH 4 ) osaturik dago. Hidrokarburo horrek erretzean ez du sufre-oxidorik, berunik, hautsik eta ke beltzik botatzen. Nitrogeno-oxido gutxi botatzen du eta karbono monoxidoari dagokionez, berriz, bera da garbiena.


Bioerregaiak ere, hau da, biomasaren eraldaketaren bidez lortzen diren erregaiak, poliki-poliki beren bidea egiten ari direla dirudi. Ezagunenetakoa biodiesela da, eta nagusiki, koltza eta ekiloretik lortzen da. Biodiesela Diesel motorretan erabiltzen da eta erretakoan karbono monoxido, sufre dioxido, frakzio eta erre gabeko hidrokarburo gutxiago aireratzen da. Berotze-efektua gutxitzeko benetan interesgarria da, baina bere erabilera areagotuz gero, albo-ondorio lazgarriak ekarriko lituzke, nekazaritzarako lur-eremu gehiago behar izatea eta ur-kantitate handien xahutzea besteak beste.


Modan jartzen ari den beste auto-mota bat auto elektrikoa da. 1881ean Gustave Trouvé fisikari frantsesak triziklo bat elektriko bat egin zuen, baina petrolio-energiak laster hartu zion aurrea. 1960ko hamarkadan hasi zen ostera indartzen, baina nahiz eta ikuspuntu ekologikotik hobekien menderatzen den energia izan, petrolio-konpainien indar eta interes ekonomikoak beti egon dira bere gainetik. Auto elektrikoaren "bihotza" bateriak dira. Hasierako bateriek ez zuten ahalmen handiegirik eta 50 km-ko bideasoilik egin zezaketen kargatu gabe. Orain, nikel eta kadmioz eginiko bateriak erabiltzen dira eta 100 km egin daitezke gehienez ere 100 km/h-ko abiaduraz.


Azkenik, erregai-pilak oso erabiliak dira eremu espazialean energia-iturri gisa, baina automobilismoan orain dela gutxi hasi dira ikertzen.


Ez dabilen autoari etekina ateratzen

Erregai-pilek oxigenoa eta hidrogenoa behar dituzte. Oxigenoa lortzeko inongo arazorik ez badago ere, hidrogenoa ekoiztea oso garestia da. Ikerketak bide horretatik doaz eta interesgarria izan daitekeelakoan daude, hori lortuz gero, auto elektrikoaren ezaugarriak askoz hobeak izango bailirateke.


Auto zaharrak baztertzen direnean, ez dira bere horretan botatzen. Auto-industria gero eta gehiago zaiatzen da auto birziklagarriak egiten. Oraingoz, autoaren % 75-80a da birziklagarria, baina Europako arteztarau baten arabera, 2015erako % 95ean izan beharko du birziklagarria. Bi ikuspuntutatik egin dakioke aurre arazo horri: berreskuratze-metodoak landuz edo autoa egiteko ahal bezain material birziklagarriena erabiliz.


Autoaren bizialdiaren amaieran hiru tratamendu egiten dira, eta horrela, industrian erabilgarriak diren material nahiko garbiak ateratzen dira. Adibidez, elektroimanei esker, auto berriak egiteko baliatzen den burdinaz eta altzairuz osatuta dagoen burdin txatarra ateratzen da. Dena dela, burdinaren eta altzairuaren erabilera gutxitzen ari da eta plastikoarena, berriz, indartzen. Gurpilak berriz, erraustu egiten dira eta errautsa, jolas-parke eta kirol-zelaien estalduraren konposizioan sartzen da.


Auto berriek, beraz, bistakoa da gutxiago kontsumitzen dutela, baina erosoak eta azkarragoak direlako gehiago erabiliz gero, ez da poluzioa gutxitzen!

Poluzio atmosferikoa baieztatuta

Airean dauden partikula txikiek gaixotasun kardiobaskularrak eta arnasa hartzeko arazoak sortzen dituzte. Johns Hopskins Baltimoreko unibertsitateko ikerlariek hiri barneetako airearen bost poluitzaile nagusien ondorioak aztertu dituzte.Ikerketa Ameriketako hogei hiri handienetan egin dute, eta nahiz eta poluitzaile nagusitzat elementu kimikoak hartu izan diren, ikerketa horren ondorioak bestelakorik dio. Izan ere, esan dutenez, ez dago argi ozono, karbono monoxido, sufre dioxido eta nitrogeno-oxidoen kantitate handiegiak heriotza eragiten duenik. Aldiz, ez dute dudarik egiten 10 mikrometro baino diametro txikiagoa duten partikulak hilgarriak direla esatean.


Ingurugiroaren Aldeko Agentziak (EPA) PM10 deituriko partikula horien maila arautu zuen, baina ikerlariek neurriak zorroztu beharko liratekeela uste dute. Oraingoz, partikula horien urteko batez besteko maila 50 mikrogramo/m3 da, baina neurri hori erdira baino beherago jaitsi beharko litzateke, heriotza-arriskua gutxitzeko. Gakoa auto-industriaren esku dago.


Bueno, gakoa auto-industriaren eta erabiltzaileen esku dago eta beraz, norberak ere badauka zer esana eta egina. Distantzia laburrak oinez edo bizikletan eginez gero eta garraio publikoak erabiliz gero seguru poluzio atmosferikoa gutxitzea lortuko litzatekeela. Gainera, poltsikoari eta osasunari ere ongi etorriko litzaizkiekeen gomendioak dira.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia